Txina, munduko hondakinen zabortegia?

Munduan gero eta gehiago ugaltzen ari diren hondakinekin zer egin? Nola birziklatu? Galdera hauei erantzun egokia emateak kezka handia sortzen die gobernuei.

Orain arte Txinak jasotzen zituen munduko zenbait herrialdetan sortutako hondakin solidoen kopururik handienetakoak. Baina, horiek birziklatzeak sortzen dien kutsaduragatik, Txinako Gobernuak erabaki du jasotzen duen zaborraren kopurua murriztea.

Juanjo San Miguelek kontatuko digu zertan nabarituko ditugun erabaki horren ondorioak, batik bat plastikoaren birziklapenari dagokionez.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

ESATARIA.- Nazioartean, Txinako Gobernuak gaur egun mundu guztitik jasotzen duen zaborra murrizteko erabakia hartu du. Zabor hori birziklatzeko jasotzen dute txinatarrek. Erabaki honek arazo handiak sortuko ditu mundu guztian, besteak beste, Estatu espainiarrean, Juanjo San Miguel.

JUANJO SAN MIGUEL.- 80ko hamarkadan Txina hondakin solidoak inportatzen hasi zen. Hondakin horiek birziklatu eta lehengaien eskasiari aurre egiteko. Baina, birziklatzeak kutsadura handia sortzen du. Eta orain Txinak erabaki du ezin duela munduko zabortegia izaten segi. Hilabete honetan onartutako legearen arabera 24 hondakin-mota debekatuko ditu, lau taldetan sailkatuta: plastikoak, paperak, metal batzuen zepak eta ehun-hondakinak. Eta garrantzia berezia du plastikoarenak, 2.1016an Txinak mundu guztiko plastiko guztiaren %56 inportatu zuelako eta herrialde batzuek: Espainiak, Japoniak, Mexikok eta Hego Koreak, besteak beste, sortutako plastiko-hondakin gehiena Txinara bidali zutelako. Hemendik aurrera herrialde hauek beste bide batzuk aurkitu beharko dituzte plastiko-zaborrak desegiteko.

Greenpeace erakundeak adierazi du Txinak zaborra birziklatzen zuela, baina ordainetan kutsadura handia sortzen duela. Orain herrialde hauek ezingo dute euren zaborra ezkutatu eta neurriak beraiek hartu beharko dituzte. Erakunde ekologistak dio nahitaez gure kontsumo-eredua aldatu beharko dugula, ezin dugulako pentsatu mundua agortezina dela. Txinako albiste-agentzia ofizialak adierazi du, berriz, garatutako herrialdeek aitortu beharko luketela Txinak egin dien mesedea urteetan, berak zikinkeria jaso duelako besteek inguru garbiagoa izan dezaten.

B2 C1
2018-01-16
  • San Miguel, Juanjo
16139898
01: 50
3948