Dokuteka
Jon eta Jone 23: Ander
Esketx laburra. Bikotearen elkarrizketan lagun baten kontuak azaltzen dira. Makarra xamarra omen da, baita Jon bera ere gazteagoa zenean.
Jone.- Jon! Ander eta Estitxu bueltatu dira jada Bartzelonatik?
Jon.- Uste dut larunbatean bertan itzuli zirela.
Jone.- Larunbatean? Baina manifestazioa ez zen larunbatean, ala?
Jon.- Bai, manifa bai, baina dirudienez Bartzelona inguruko kontrol batean geldiarazi eta tak, ez zieten jarraitzen utzi.
Jone.- Baina hori ezinezkoa da, hori ezin dute egin.
Jon.- Beno, Jone, ezinezkoa, mesedez, hori ezin dute egin...
Jone.- Zer, hori antikonstituzionala da.
Jon.- Je, je, ezetz esan berriro trabatu gabe!
Jone.- AN-TI-KONS-TI-TU-ZIO-NA-LA.
Jon.- Oso ondo!
Jone.- Baina nola leike kontrol batean gelditu eta etxera itzularaztea?
Jon.- Ba, halaxe! Nola ba? Hori horrela da, antikonstituzionala da, bai, eta lanik ez edukitzea ere bai, eta gosea pasatzea akaso ere bai.
Jone.- Bai, Jon, baina desberdina da.
Jon.- Zuk ez al duzu Ander ezagutzen, edo zer?
Jone.- Bai.
Jon.- Eta? Anderren istorioaren berri ez daukazu?
Jone.- Zer, kartzelan izandakoa da?
Jon.- Bai.
Jone.- Ba, nahiko gaztea da. Noiz sartu zen?
Jon.- Noiz sartu zen, non?
Jone.- Ba, hori, badakizu...
Jon.- Ez da pentsatzen ari zarena, ez. Ander kartzelan izandakoa da baina beste kontu batzuengatik: atrakoak, lapurretak eta horrelako istorioak.
Jone.- Ah, bai? Ze fuertea!
Jon.- Eta zer uste zenuen ba, euskaldunak kartzelara ekintza politikoengatik joaten zirela edo zer?
Jone.- Ez dakit, baina ez dauka horren trazarik.
Jon.- Ba bai, bai, delinkuente kabroia izan zen hura.
Jone.- Eta zuk zelan ezagutu zenuen?
Jon.- Nire blokean bizi zelako. Bere gurasoak eta nire gurasoak, oraindik ere bizilagun.
Jone.- Eta zu berarekin ibiltzen zinen orduan?
Jon.- Beno, garai batean ni ere nahiko iluna nintzen.
Jone.- Hortaz, makarra izatearena ez da pose hutsa.
Jon.- Zer uste duzu, Jone, jende guztia zure moduan udak piszinatik Ingalaterrara eta Ingalaterratik piszinara eman dituela?
Jone.- Beno, beno, ez ipini horrela.
Jon.- Horrexegatik emango zuten ba buelta ezer esan gabe, Ander ez dago gaur egun pikoloekin eztabaidan hasteko, eh?
Jone.- Ba orduan zuek biak txiki-txikitatik ezagutzen duzue elkar.
Jon.- Bai, anderrek eta biok gauza asko bizi izan dugu elkarrekin, badakizu.
Jone.- Zuk ere atrakoak egiten zenituen?
Jon.- Ez, baina hark egindako atrakoetatik ateratakoarekin farra bat baino gehiago eginda gara gu.
Jone.- Ba zuen farrak ez ziren nolanahikoak izango. Banku bat atrakatzeko beharra bazenuen...
Jon.- Jone, gu laurogeigarren hamarkadako semeak gara, eh, eta batzuk, Ander eta ni, hemen gara eta beste batzuk ez dituzu sekula ezagutuko.
