Dokuteka
Jon eta Jone 56: Ezkontza ajeak
Esketx laburra. Bikotearen elkarrizkea. Ezkontza baten izan dira eta mutilak ajea dauka eta neska haserre dago mutila mozkortu zelako.
Jon.- Jone! Aspirinarik ez da geratzen...
Jone.- Eta?
Jon.- Ba hori, ez direla geratzen.
Jone.- Ba, badakizu, erosi.
Jon.- Baina zer pasatzen zaizu? Nirekin haserre al zaude?
Jone.- Zurekin haserre? Badaukat zurekin haserre egoteko arrazoirik, ala?
Jon.- Baina, Jone, ezkontza bat zen... Normala da ezkontza batean apur bat mozkortzea, ezta?
Jone.- Apur bat? Mahai gainean sirtakia dantza egitea ere normala da, ezta?
Jon.- Mahai gainean dantzatu nuen?
Jone.- Bai, mahai gainean dantzatu, orkestrara igo eta bongoa jo, begiratu zoologikotik ihes egindako tximino baten moduan ibili zinen atzo.
Jon.- Benetan mahai gainean dantzatu nuela?
Jone.- Ehun eta berrogeita hamar pertsonen aurrean.
Jon.- Eta zure anaiak ere nirekin egin zuen dantza.
Jon.- Jone, Alcasersik ba al daukazu?
Jone.- Ba ez, eta gainera horrek ez dizu kenduko biharamuna, e?
Jon.- Ba atzokoaren ostean zure aitak pare bat matoi siziliar kontratatuko ditu ni akabatzeko.
Jone.- Bai, hark ere nahiko zepelin harrapatu zuen.
Jon.- Zure aitak? Zure aitak bai?
Jone.- Galdeiozu (galde iezaiozu) amari, uste dut etxera bueltatzeko taxia hartu zutenean kristoren bronka eduki zutela.
Jon.- Pena bat da ezertaz ez akordatzea.
Jone.- Jon, ekarriko didazu ezkontzara eroan zenuen amerikana?
Jon.- Jone, ez dut amerikana topatzen.
Jone.- Ba bilatzen jarraitu.
Jon.- Eta zertarako nahi duzu amerikana?
Jone.- Benetan ez zara gogoratzen?
Jon.- Ez, zertaz ari zara? Esadazu!
Jone.- Hobe ezer ez esatea.
Jon.- Benetan ez daukazula aspirinarik? Zure poltsa horretan farmazia osoa izaten duzu eta!
Jone.- Benga, tori eta hobe duzu ohean sartu eta lo hartzea. Zelako begi-zuloak dituzun, Jon.
Jon.- Bai, eske ez daukat jada parrandan ibiltzeko adinik, e?
Jone.- Adina, bai. Zuri falta zaizuna fundamentua da.
Jon.- Aizu, eta amerikana azaldu al da?
Jone.- Baina, Jon, ez duzu ezer gogoratzen?
Jon.- Joder, eske ez dakit zertaz ari zaren, neska!
Jone.- Ba beitu (begiratu), zure amerikana nire herriko parkean egongo da oraindik, atzo putzuko ahate bat ehizatzen ahalegindu zinen harekin. Beno, udaltzaina agertu arte.
Jon.- Ez da egia.
Jone.- Egia? Takoi bat apurtu nuen handik korrika ihesean irten genuenean.
Jon.- Patetikoa naiz, e, Jone?
Jone.- Bai, pato ehiztari patetikoa.
Jon.- Gelatik ateratzerakoan itzalidazu (itzal iezadazu) argia, mesedez.
Jone.- Zer, ez didazu pikitorik emango, ala?
