Dokuteka
Osasuna platerean
"Jaten duguna gara", dio Txinako esamolde zaharrak. Hala bada, ez dirudi mendebaldeko herrietan bide onetik goazenik. Dokumentuan barazkijale, higienista eta makrobiotikoen azalpenak irakurriko dituzu.
ANA UNANUE
Bigarren Mundu Gerraz geroztik, industrializazioarekin batera, nabarmen aldatu da mendebaldeko herrien elikadura. Oro har, aberastu ahala, herritarrak haragi, azukre, gozoki, esneki, koipe, gatz eta alkohol gehiago hartzen hasten dira. Gorputzak nabari ditu gehiegikerien ajeak: lan gehiegi toxinak eta hondakinak desagerrarazteko, eta sendabiderik gabeko osasun arazoak. Hori dela eta, azken urteotan nolabaiteko erreakzioa sumatu da: gero eta jende gehiagok egiten du barazkien eta zerealen alde, osasuna platerean hasten delakoan. Dieta orekatua eta bertako produktu ekologikoen kontsumoa. Horiexek dira begetarianismo, makrobiotika eta higienismoaren oinarriak.
"Barazkiak errazago asimilatzen direnez, indartsuago sentitzen zara"
Margari K. Nuñez, 43 urteko hernaniarra, Iruñean bizi da. Gaztetatik da barazkijalea, eta San Frantzisko plazako produktu ekologikoen dendan egiten du lan.
Margari oso gazte, 16 bat urte zituela, hasi zen elikadura begetarianoari buruzko informazioa biltzen. Bere aitak minbizia izan zuen, eta makrobiotikaren laguntzaz egin zion aurre gaitzari. Hala, familia osoa zaletu zen, eta Margari bera ere elikadura zaintzen hasi zen: "Urdaila puntu ahula izan dut betidanik, eta berehala hasi nintzen dieta begetarianoaren onurak nabaritzen".
Begetarianismoan eskola desberdinak daude. Mutur batean daude animalia-jatorriko ezer hartzen ez dutenak, edo soilik elikagai gordinak jaten dituztenak. Eskolaren arabera, aldatu egiten dira eguneroko dietan baztertu beharreko elikagaiak: arraina, haragia, kontserbak, arrautzak, esnea eta esnekiak, azukrea, alkohola,... Margari, hala ere, ez da bere buruari etiketak jartzearen lagun: "Oreka lortzea da kontua. Horregatik, barazki, zereal eta alga asko jaten ditut, nahikoa bitamina eta mineral hartzeko. Ez dut haragirik, alkoholik eta esnekirik hartzen. Arrautzak bai, eta arraina oso noizbehinka. Nire dieta ez da oso zorrotza, baina kasu egiten diot gorputzari, eta krisian banago, zorroztu egiten dut. Udan, adibidez, arazo pertsonal batengatik gaixotu egin nintzen, hesteak gaizki izan nituen, eta erabat utzi nituen azukrea, eztia eta ogia".
Margarik dioenez, arinago eta indartsuagoa sentitzen da elikadura zaintzen badu. Izan ere, elikagai industrializatuek, haragiak, koipeak eta azukreak, esate baterako, hondakin dezente uzten dute gorputzean, eta gibelak eta giltzurrunek lan handia egin behar dute hondakin horiek desagerrarazteko. "Barazkiak, berriz, oso erraz asimilatzen ditugu. Horregatik, energia gutxiago gastatzen dugunez, arinago eta hobeto sentitzen gara".
Osasuntsu bizitzeaz gain, janariaz izugarri gozatzen duela dio Margarik: "Jendeak uste du barazkijalea izatea gauza tristea dela, beti letxuga jaten ari garela, baina ez da hola. Ni sukaldari ona naiz, eta izugarri gozatzen dut plater zaporetsuak prestatzen".
Margari oso kezkatuta dago umeen elikadura eskasagatik: "Batzuek ez dute batere frutarik jaten, eta bitaminak hor daude. Gaur egungo haragiak zikinkeria ugari du eta, diotenez, esnearen eta haragiaren hormonen ondorioz neskei oso goiz, 8-9 urterekin, jaisten zaie hilekoa. Umeek, gainera, azukre piloa jaten dute; horregatik daude horrenbeste ume hiperraktibo. Uste dut lan gehiago egin beharko litzatekeela gurasoekin, arazo horietaz jabetu daitezen".
"Higienismoari esker, urte pila daramat botikarik hartu gabe"
Mikel Arbaiza, 51 urte, bilbotarra, sindikalista. Osasunaren autogestioa eta higienismoaren printzipioak aldarrikatzen dituen Sumendi elkarteko kidea da.
Mikel Arbaizari Eneko Landabururen hitzaldi bat entzun ondoren piztu zitzaion higienismoaren inguruko interesa, duela ia hogei urte. Landaburu medikuak Frantziatik ekarri zuen higienismoaren filosofia, osasunaren autogestioa defendatzen duena. Ideia horren inguruan eta kontsumoaren zein autoritatearen aurkako ikuspegi batekin sortu zen Sumendi elkartea, gaur egun 600 bat bazkide dituena.
Gorputzak bere kabuz sendatzeko gaitasuna du. Horra hor, hitz gutxitan esanda, higienismoaren irakaskuntza nagusia. "Nik urte pila daramat botikarik hartu gabe, ez ditudalako behar", azaldu digu Mikelek, "egoera lasai batean, gorputzak gaixotasun gehienei buelta emateko ahalmena du. Mesede baino gehiago, botikek kalte egiten digute. Gorputzari arrotzak zaizkio botikak, eta lan handia egin behar du horien hondakinak garbitzeko". Gaixoaldietarako baraualdia eta atsedena gomendatzen ditu higienismoak, gorputzak sendatzen jar ditzan indar guztiak.
Higienismoaren arabera, osasuna hiru faktore nagusiren menpe dago: elikadura, lana eta atsedenaren arteko oreka, eta oreka emozionala. Elikadurari dagokionez, dieta begetarianoa gomendatzen du higienismoak, zehaztasun gehiagotan sartu gabe. Mikelek dioenez, "norberak erabakitzen du noraino eraman begetarianismoa. Nik beti esaten dut ia begetarianoa naizela, Bilbon bizitza eta harreman sozial normalak izanda oso zaila delako erabat begetarianoa izatea. Ateratzen naizenean, tarteka arraina jaten dut. Esnekiak, ostera, baztertu egin ditut, konprobatu dudalako ez didatela onik egiten. Askoz ere muki eta zikinkeria gehiago izaten dut esnekiak hartzen baditut".
"Ez gara sekta bat; makrobiotikak dieta orekatua bilatzen du"
Nekane Soria, 38 urte, donostiarra. Donostiako Makrobiotika Elkartean egiten du lan. Elkarteak jatetxea eta produktu biologikoen saltokia ditu Intxaurrondo kalean.
Dieta makrobiotikoak badu halako fama txarra zenbait jenderen artean; batzuek uste dute zurrunegia dela, eta bada dieta makrobiotikoa zorrotz jarraitzea arriskutsua izan daitekeela dioenik ere. Nekanek irribarrez gezurtatu dizkigu uste horiek: "Ez gara sekta bat. Makrobiotika elikatzeko modu bat da, baina ez ditugu bestelako aukerak gaitzesten, eta debekatu ere ez dugu ezer debekatzen. Bada jende bat berez oso zurruna dena, eta makrobiotika ere oso estu hartzen duena. Horrelako jendeak beharbada ez du jatetxe normal batean jango, baina ez da nire kasua. Nik lasai asko jaten dut edonon. Entsalada eta arraina eskatu, eta kito, batere arazorik gabe".
Kritikoak dituen bezalaxe, jarraitzaile amorratuak ere baditu makrobiotikak. Jende asko minbizia edo beste gaitz larriren bat izan ondoren hurbildu da makrobiotikara. Ezin da esan makrobiotikak minbizia sendatzen duenik, bai ordea dieta makrobiotikoak nabarmen lagundu diela gaixo askori. Hala ere, Nekanek ez du gogoko makrobiotika gaixotasunekin lotzea: "Nahiago dut elikaduratik osasunera joatea, gaixotasunetik makrobiotikara etortzea baino".
Makrobiotika Zen filosofia du oinarri. Nekanek dioenez, pertsona bat egon daiteke urte oso bat soilik arroza jaten: "Seguruenik nazka-nazka eginda bukatuko du, baina ez du gabeziarik izango, arroza izan daitekeen elikagai orekatuena delako". Horregatik, dieta makrobiotikoaren oinarria zerealak dira -arroza, artatxikia, arto beltza, kinoa,...-, eta neurri txikiagoan barazkiak, lekaleak eta zopak.
"Kontua da elikagaiak behar bezala konbinatzen jakitea, eta hori liburuetan eta ikastaroetan ikasten da. Gakoa oreka lortzea da. Horregatik, ez dugu ezer debekatzen, baina haragia jaten baduzu, hobe ardo pixka bat hartzea, digestioa laguntzeko", diosku Nekanek. Berak hamar urte daramatza dieta makrobiotikoarekin, eta onurak baino ez ditu sumatu: "Ez naiz nekatzen, lo gutxiago behar dut eta orekatuago nago, kontzentrazio hobea dut".
***laburtua
