Euskaltegiak teknologia berrietara egokitu dira, nortasunari eutsita
HABEko zuzendari Joseba Erkiziak eta AEKko koordinatzaile nagusi Mertxe Mujikak euskaltegien egungo egoerari eta etorkizunari buruz hitz egin dute.
Tribuaren berbak saioan elkarrizketatu ditu Kike Amonarrizek.
Kike Amonarriz.- Eta euskaltegiei buruz hitz egiteko, zein pertsona egokiagoak Joseba Erkizia, HABEko zuzendari nagusia eta Mertxe Mugika, AEKko koordinatzaile nagusia baino.
Eta etorkizunera begira, zeintzuk dira euskaltegien erronkarik nagusienak?
Mertxe Mujika.- Ba nik uste dut ditugun erronka nagusiak direla ematen dugun eskaintza horretan gero eta hobeagoak izatea, euskara ikasteko prozesua erraztu egin behar da, laburtu egin behar da eta oraindik ere euskara ikasi behar duen horrengana heldu behar gara eta zatoz euskaltegira eta euskara ikasi.
Joseba Erkizia.- Nik uste dut euskararen etorkizunerako eta euskara biziberritzeko familia transmisioarekin, heziketarekin batera helduen euskalduntze-alfabetetzea dela hirugarren zutabe nagusietako bat. Administrazioaren ikuspegitik asmatu behar dugula uste dut baita ere sistemari egonkortasun bat ematen eta egonkortasun horri esker etorriko da zerbitzuaren hobekuntza ere eta ni, alde horretatik, oso optimista naiz.
K.A.- Gizarte aldaketek, teknologia berriek, hizkuntzak ikasteko moduetan berrikuntza asko ekarri dituzte. Nola egokitu dira egoera berri honetara euskaltegiak?
M.M.- Besteak beste, hor dago autoikaskuntza-eskaintza, online, ikaskuntza konbinatuak, etxetik ikasteko aukerak, etab. Egokitu egin gara, egokitu behar garelako, azken finean. Guk zerbitzu publiko bat ematen dugu, baina nik esango nuke gure izaerari eutsi egin diogula eta hori ere badela euskaltegiok daukagun arrakastaren giltzarria.
J.E.- Bai, ni konforme nago Mertxerekin. Izan ere, gainera, iruditzen zait helduen euskalduntze-alfabetatzea eta euskaltegiak, oro har, hasiera-hasieratik izan direla oso berritzaileak, didaktikoki eta abar.
K.A.- Programa-hasieran aipatu dugu 86tik hona 400.000 pertsona pasa direla euskaltegietatik eta horietatik ehun milak lortu dute euskara ikastea. Aizue, euskaldun berriek monumentu bat merezi dute, ezta?
M.M.- Euskara-ikasleak elkarbizitzari egiten dion ekarpena izugarria da, eta gainera, konbentzituta nago jarraitu egingo dutela oraindino milaka horiek. Beraz, monumentu bat ez, ez dakit, herri bakoitzean bat beharko luke, baina bueno…
J.E.- Dena den, Kike, monumentu batetaz galdetzen duzu, baina izatez badago bat.
K.A.- Ah, bai? Eta non dago, ba?
J.E.- Donostian badago, Altza auzoan, hain zuzen ere, duela urte batzuk han jarri zuten eskultura eder bat euskaldun berriari omen egiteko asmoz, bai.
K.A.- Ah, bai? Aizue, ba zuek segi zuen artean horrela, berriketan, banoa-eta monumentu hori ikustera, bai?. Bueno, eskerrik asko, e?
M.M. eta J.E.- Zuri, agur, bai.
K.A.- Hau ustekabea! Euskaldun berriek badute beren monumentua. Lau haizetara du izena eta Antton Mendizabal eskultoreak egina da. 2006an inauguratu zuten, hementxe, Donostiako Altzako San Martzial plazan. Ea beste batzuk ere animatzen zareten euskaldun berriek egindako lana aitortzera, ondo merezia dute!