Dokuteka
Euliak
Gogaikarriak, nekagarriak dira euliak. Baina ba al dakizu besterik euliei buruz? Irratsaio honetako azalpenei esker euliaren ezaugarriak zein diren ikasiko duzu.
ESATARIA. Ekosferan, Arantxa Txintxurretaren ekologia-zipriztinak.
ARANTXA TXINTXURRETA. Linnaeus naturalista suediarrak deskribatu zituen lehen aldiz. Beraz, euliak Suedian ere bazeuden 1847an. Eta gu betidanik guztiak gure etxean genituelako ustean. Mundu osoan daude, pertsonak bizi diren edozein txokotan, hirian zein nekazal ingurunean, etxeetan zein baserrietan, shhhh, hotsa ohantzean, sofan eserita, sukaldatzen, komun-zuloan, shhhh… sei hanka, buru bat, toraxa eta abdomena, bi hego, bi dendunkari edo alterio, hegaldia ongi bideratzeko. Eulia harrapatzen duzun hurrengoan, ongi begiratu eta ikusiko dizkiozue ezaugarriok. Gainera, behe-aldea horixka ikusiko diozu, eta goi aldean lau lerro beltz dituela lepo aldean, nahiz eta ile moduko batzuek estaltzen dituzten. Begiak gorriak ditu, elkarren ondoan arrak, eta berezituago emeak. Eta ez diezu begi-ninirik ikusiko, begi konposatuak dituztelako. Gustuko dute euliek begiak hankekin garbitzea.
Argia begiekin, eta zaporea ahoan eta hanketan duten hartzaileekin. Hau da, lehenik pausatu, hankekin dastatu eta jateko egokia dela uste badute, burua makurtu eta zurrupatu, ahoan duten lastotxoarekin.
Euliek ez dute kosk egiten, hortzik ez dute eta. Eta solidoa den zerbait jan behar badute, azukrea adibidez, listua jariatu eta azukre-zukua edango dute. Larbek nahiago izaten dute simaurra, edo zaborra, elikatzeko. Larbak zenbait jan, huraxe helduen tamaina. Hau da, euli txiki bat ikusten baduzue ez da euli gazte bat, baizik eta larba zenean elikadura eskasa izan zuen koitadua. Larbek ez dute hegorik, ez eta hankarik. Aste-pare bat, eta metamorfosiaren ondoren, bi hego dotoreei esker, prest dira gure ukuilu, txerritoki, jauregi, baserri, eskola, lantoki eta etxebizitza eleganteak kolonizatzeko.
Horrelaxe ibili dira duela bi milioi urtetik hona, gure ondoan. Ondo-ondoan. Eta gaixotasunak transmiti diezazkiguketen arren, deserosotasuna da sortzen diguten gaitzik arruntena. Astunak, gogaikarriak, nekagarriak dira. Baina hemendik aurrera pixka bat interesgarriak ere izatea espero dut. Izan zoriontsu!
