detalle dokuteka-generico-fitxa

Truman Capote

New Orleansen, 1924ko irailaren 30ean jaio eta Los Angelesen hil zen 1984ko abuztuaren 25ean Truman Capote idazle estatubatuarra. Biografia-datu esanguratsuak eskaintzen dituzte honako erreportaje txukun honetan.

Bideo hau Dokumentu Biltegiko 36. DVDan badago ere, atari honetara ekarri dugu, transkripzio eta guzti.

Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Truman Capotek, Estatu Batuetako enfant terribleak, itxuren atzean ezkutatzen zena ikusteko dohain berezia zeukan, are gehiago, inork baino hobeto jakin zuen itxurakeria hura guztia letretara eramaten.

"Zortzi urte nituela ekin nion idazketari, bat-batean, inolako adibiderik kontuan hartu gabe. Ez nuen idazten zuen inor ezagutzen, are gutxiago irakurtzeko zaletasunik zuenik. Sasoi hartan lau kontu bakarrik interesatzen zitzaizkidan: liburuak irakurtzea, klakea dantzatzea eta marrazkiak egitea. Orduan, egun batean idazten hasi nintzen. Aurrerantzean, jaun noble baino zorrotz bati kateaturik biziko nintzela ohartu gabe."

Xabier Olarra: Bai, bueno, gero zer izango zen lehendabiziko nobela horretatik ikusten da, baina baita ere, berak esaten duenez behintzat, zortzi urteetatik hasi zela idazten, ez, eta zortzi urte zituenetik hemezortzi urte zituenerako berak esaten du bera idazle egina zela. Beharbada, ba ez dakit, exagerazio bat izan daiteke, baina adin horretan egiten zituen kontakizunetako batzuk garai hartako literatura-aldizkari inportanteetan argitaratzen ziren, ez?

Idazketarako grinak bultzaturik, Capote gaztea ero baten moduan hasi zen koadernoak betetzen.

"Garai hartan egin nituen saiorik interesgarrienak egunerokotasunaren inguruan egindako gogoetak ziren, auzokideren baten deskribapena, auzoko txutxu-mutxuak. Erreportaje tankera zuten idatzi haiek, ikusteko eta entzuteko modu baten emaitza ziren."

Xabier Olarra: … horietan guztietan lan klase askotakoak egin zituen, eta Hodol hotzean idatzi aurretik aritu zen gidoigintzan, esate baterako, eta, batez ere, aritu zen erreportajeak idazten, eta erreportaje-lanean sekulako lana egina zuen.

Capote laster ohartu zen kazetaritzak literaturari eskaintzen zizkion aukerez. The New Yorker aldizkarirako zein beste argitalpen batzuentzat idazten igaro zuen denbora ezin baliagarriagoa suertatu zitzaion. Testuinguru hartan argitaratu zuen Other voices, other rooms bere lehen nobela. Haren ostean, The grass harp zein Gosaria Tiffany's-en kaleratu zituen. Alabaina, Capoteren maisutasuna hurrengo nobelarekin geratu zen agerian, Odol hotzean-ekin, alegia. Arkansasen benetan jazotako hilketa bat oinarritzat harturik, idazleak erreportajearen eta nobela beltzaren erdibidean kokatzen den obra osatu zuen.

"Kazetaritzari loturiko nobela bat osatu nahi nuen, ekintzen sinesgarritasuna, zinemaren bat-batekotasuna, prosaren sakontasuna zein askatasuna. Eta poesiaren zehaztasuna agertuko zuen zer edo zer."

Xabier Olarra: Nik esango nuke, seguru aski behintzat, gerora begira, geratuko den Capoteren lanik inportanteena dela, nire ustez. Berak Fiction nobel edo kontzeptu hori sortu zuen eta ezin daiteke esan berak sortu zuenik erreportaje-nobela… Berak eman zion bere taxu berezia, bere modu berezia. Lehen ere, horrelako saioak, errealitatea eta fikzioa modu batean edo bestean tratatzea ba denbora puska bat da hori idazleak egiten ari direla, baina nik uste dut Odol hotzean izan dela arlo horretan XX. mendean egin den saiorik, nik uste, arrakastatsuena eta hoberentsuenetako bat.

"Odol hotzean hil zuten, eta odol hotzean zigortuko zituzten."

Xabier Olarra: Nik behintzat, nobela hori punta batetik besteraino irrikaz irakurri nuen, eta nik uste nik bezala, beste irakurle askok eta askok. Nik behintzat suertea izan nuen, nik inolako Capoteri buruz inolako prejuiziorik eta aurreiritzi eta ideiarik gabe irakurri nuen, ez nekien ia-ia bera nor zen, edo bere biografia ez nuen ezagutzen. Baina obra hori irakurtzen hasi, punta batetik besteraino irakurri eta esan nuen, ba bai, bete askok bezala, bere arloan maisulan bat da. Eta gero, harreraren aldetik, uste dut problemak izan dituela, askorentzat, nola jet-set-eko maskotatzat zeukaten askok, edo jende horren artean, aberats eta famatuen artean ibiltzen zen… ba askok pentsatzen zuten horrexegatik arrakasta zuelako idazle txarra izan behar zuela, eta batak ez du bestea nahitaez ekartzen, ez? Famatua zen, aberastu egin zen Odol hotzean-ekin baina obra eta idazlea berezi egin behar dira, eta nik behintzat obra horri ez diot ezertxo ere kentzen, alderantziz, iruditzen zait maisulan bat dela.

Luma bezain zorrotza zuen mingaina Capotek. Bere esanek, bere jarrerak, astindu ederra eman zioten garaiko gizarteari.

"Eskopeta bat bezain altua naiz, eta hura bezain zaratatsua."

Probokaziorako joera handia zuen idazleak, eta ironia aldetik ere ez zebilen makal.

"Alkoholikoa naiz, drogazalea naiz, homosexuala naiz, jenio bat naiz."

Jenio bat izan zen, dudarik gabe. Baina zenbateraino ez ote zuen mitoak Capoteren maisutasuna baldintzatu?

Xabier Olarra: Nik uste dut Capote oso idazle ezaguna zela eta bere inguruan ibiltzen zirenak edo bera inguratzen zen jendea ba hori, ezaguna, ospetsua eta aberatsa zela. Eta gero, ba noski, mundu horretan sarturik, errazago zeukan mito bihurtzea ere, baina, klaro, bi alde ditu mito bihurtzeak ere, ez? Nik uste arrakasta izugarria lortu zuela zerarekin, baina handik aurrera berak nahi zuena ez zuen inondik inora bete. Berak nahi zuen bere obrarik handiena izan zedin, hori... Answered prayers edo, zatika argitaratu zen baina bukatu gabe utzi zuena. Hori izan zen berak egin nahi zuen bere obra handia, eta azkenean, arazo askorengatik, eta era askotako arazoengatik, ba bete gabe gelditu zitzaiona. Dena dela, hor gelditu zen tartean, hura izan zitekeenaren adierazgarri bezala gelditu ziren, Kamaleoientzat musika liburuan bilduta dauden narrazioak eta erreportaje-sail bat.

Truman Capote 1984ko abuztuaren 26an hil zen Kalifornian, droga gaindosi baten eraginez.

Xabier Olarra: Ez dakit pertsonaiaren biktima izan zen edo, bueno, arazo eta… berak esaten zuen arazo eta krisi pertsonal eta literario handi batean bizi izan zela, 1970 inguruan, eta hortik, nik uste, ekiten zien zenbait lani eta hasten zen gidoi bat idazten edo hasten zen erreportaje bat idazten, baina ez zituen lanak bukatzen, eta horrek, ezin horrek, ekartzen zion alkoholera jo beharra eta idazle izatearen, berak behintzat hala sentitzen zuen, lan gogor horri ekiteko beste zenbait baliabide erabili beharra. Eta horrek berak ekarri zion hondamendia eta lana burutzeko gauza ez izana. Ez dakit bere buruaren edo bere mitoaren biktima izan zen, baina, bueno, hortik sortu zitzaizkion zenbait problemaren biktima, bai.

Capotezaleak kexu dira azken urteetan bere lanek ikerketa-lan gutxi eragin dutelako. Dena den, idazleak aztarna sakona utzi du literaturan.

detalle2

Dokuteka

B2
2004-10-08

x61pRelaContWAR

16262014
00:09:25

x61pViewCountWAR

5437

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR