Virginia Woolf, maitatu adina sufritu zuen idazlea

1882ko urtarrilaren 25ean jaio eta 1941eko martxoaren 28an egin zuen bere buruaz beste Virginia Woolf idazleak.

XX. mendearen hasierako sona handiko idazle eta saiogile britainiarra izan zen Virginia. Argitaratu zituen lanez gain, gorabehera handiko bizimodua izan zuelako eman zen ezagutzera eta gainera, heriotza dramatikoa izan zuen. Hurrengo lerrootan irakurri ahal izango duzue horren guztiaren berri.

Virginia Woolf (1882-1941) idazle londrestar ezagunaren benetako izena Adelina Virginia Stephen zen. 

Aita, berriz, Sir Leslie Stephen (1832-1904), ezkerreko argazkian, alabarekin, nobela-idazlea, historialaria, saiolaria, biografia-egilea eta mendizalea ere bazen. Julia Prinsep Jackson zen ama (1846-1905), Rafael aurretikoak mugimenduko hainbat pintoreren modelo izan zena, Edward Burne-Jones-ena, esaterako.

Virginia Woolfen gurasoek beste hiru seme-alaba izan zituzten elkarrekin: Vanessa (1879), Thoby (1880) eta Adrian (1883). Gurasoak bigarrenez ezkonduak ziren eta aurreko familietatik etorritako seme-alabekin familia handia osatu zuten.

Hyde Park Gate, 22 (Kensington). Hauxe zen Virginia gaztearen etxea eta ikastetxea: hantxe jaso baitzituen bere aita eta hainbat irakasleren eskutik eskola-ordu franko. Maiz joaten zen jende ezaguna bertara: Alfred Tennyson, George Henry Lewes, Julia Margaret Cameron, Thomas Hardy, Henry James eta Edward Burne-Jones. Aitak ospe handia zuen editore, kritikari eta biografia-egile gisara. Beraz, garai victoriarreko literatura-giroaren eraginpean-edo hezia izan ziren Stephendarrak. Virginiaren ama ere bazen norbait, arbasoen artean zeukan Maria Antonietaren laguntzaile bat. Eta bere familiako emakume asko izan ziren pintore eta lehen argazkilarien modelo ezagun. Gainera, familia honek bazuen beste ezaugarri aipagarri bat: etxean liburutegi erraldoi bat zuten. Hantxe zuten bi ahizpek, Virginiak eta Vanessak, eskura literatura klasikoa eta ingelesa ere bai. Anaiek hezkuntza ohikoagoa jaso zuten.

Etxean hori guztia izan arren, umetako unerik gozoenak eta bizienak St. Ives herrian (Kornualles) izan zituela dio Woolfek. Familiaren opor-lekua izan zen 1882-84 urte bitarteko udetan. Talland House izeneko etxea hondartzari begira zegoen, eta Godrevy-ko faroa ikusten zen.

To the Lighthouse eleberrian ikusten da batez ere opor-giro hori. Eleberri honi eta honen aurreko Mrs Dalloway eleberriari esker hasi zen Virginia kritikarien laudorioak jasotzen. Beren originaltasuna aipatzen zuten, eleberrien poetikotasuna. Barne-bakarrizketa teknika ere ederki zerabilen. Beste nobela garrantzizko bat A Room of One's Own da, eta bertan emakumeen eskubideen alde egingo du.

Biografiara itzuliz, Virginiak 13 urte zituenean ama hil egin zitzaion, eta bi urte geroago Stella ahizpaordea. Stella, ezkontza-bidaian hil zen peritonitisak jota. Ondorioz, Virginiak depresio handia sufritu zuen, baita 1904an ere, aita minbiziaren ondorioz hil zenean. Honek guztiak eraginda, Virginia erietxera eraman behar izan zuten, denbora laburrez baina.

Quentin Bell-ek, iloba eta biografo zenak, Virginiaren biografietako batean dio bere bi anaiorde ziren George eta Geraldekin izandako harremana ote zen depresioen jatorri. Bi gazteok abusu lizunak egiten ei zizkieten Virginiari eta Vanessari. Neurriz kanpoko jokabide hauen berri A Sketch of the Past eta 22 Hyde Parke Gate liburuetan adierazi zuen, baina oso modu ez agerikoan. Kontuak kontu, maiz oso triste egoten zen, tristeegi. Eta maiz, oso alai, alaiegi. Itxuraz, nahasmendu bipolarra zuen Woolfek, aldarte-aldaketa handiak, eta baita honekin lotutako beste gaitz batzuk ere.

Sir Leslie Stephen hil zenean, Virginiak izandako depresio-aldia zela eta, etxea saldu zuten Vanessak eta Adrianek. Anai-arrebak Londresko Bloomsbury auzoan jarri ziren bizitzen, eta hara joaten ziren Thoby anaia zaharrenaren unibertsitate-garaiko lagun asko eta asko: E. M. Foster idazlea, J.M.Kynes ekonomialaria, Bertrand Russell eta Ludwig Wittgenstein filosofoak... Bloomsburyko taldea osatzen zutenak. Talde honetakoa zen baita Leonard Woolf ekonomialaria, idazlearen senarra izango zena.

 

Leonard eta Virginia

Biek 1917an Hogarth Press argitaletxe ezaguna sortu zuten: Virginia Woolfek bertan argitaratu zituen lan ugari, baita T.S. Eliot eta Sigmund Freud-ek ere. Bloomsburyko taldeak ez zuen begiko bikotekideen arteko sexu-fideltasuna. Virginia Woolfek 1922an Vita Sackville-West idazle eta lorezaina ezagutuko du. Emakume ezkondua, bere maitalea izango da 1930 urtera arte edo. Lorezainari eskaini zion Woolfek Orlando liburua, lorezainaren semearen hitzetan "literaturaren historian inoiz idatzi den maitasun-gutunik luzeena, ederrena eta liluragarriena". Maitale izateari utzi ziotenean adiskide izatera pasa ziren bi idazleak, Woolf hil zen arte.  

Virginia Woolf 1941ean hil zen, bere buruaz beste eginda. Between the Acts eleberria idatzita zeukan, argitaratzeko pronto, eta garaitsu hartan lagun batek bere biografia bat argitaratu zuen, baina oso harrera hotza egin zioten irakurleek. Bigarren Mundu Gerra ere hasia zen, alemaniarrek etengabe josi zuten bonbaz Londres, besteak beste Woolfen etxea suntsituz. Horrek guztiak ez zion batere lagundu idazlearen osasunari. Hala, 1941eko martxoaren 28an abrigua jantzi, poltsikoak harriz bete, eta bere burua ibaira bota zuen. Itota zendu zen. Hil aurretik, arrazoiak azaldu zizkion senarrari, zenbat maite zuen adieraziz. Ahots arraroak entzuten zituela, eta ez zuela segitu nahi senarraren bizitza hondatzen.
 

Azken Agurra

 

Virginia Woolfek bere burua hil aurretik hau idatzi zion bere senarrari:


Sentitzen dut berriro erotzera noala. Ez dut uste garai latz horietako beste bat pasatzeko moduan gaudenik. Oraingoan ez naiz neure onera etorriko. Ahotsak entzuten ditut, ezin naiz kontzentratu. Beraz, ustez onena dena egingo dut. Ahal den zoriontasunik handiena eman didazu. Alde guztietatik begiratuta, norbait izan daitekeen guztia izan zara. Ez dut uste bi pertsonen arteko zoriontasun handiagorik izan daitekeenik... gaitz larri hau azaldu arte. Ez dut borrokatzeko indarrik. Badakit zure bizitza hondatzen ari naizela, baina ni gabe lan egin ahal izango duzu. Badakit. Egingo duzu. Ikusten duzu ezin dudala hau behar den bezala idatzi ere egin. Ezin dut irakurri. Esan nahi dudana da bizitzako zoriontasun guztia zuri esker dudala. Pazientzia handia izan duzu nirekin, eta erabat ona izan zara. Eta esan egin nahi dut, mundu guztiak badaki, norbaitek salbatzekotan zuk salba nindukezula. Den-dena galdu dut, zure on-izanaren ziurtasuna ez beste. Ez dut denbora gehiagoz zure bizitza hondatzen segitu nahi. Ez dut uste bi pertsona gu biok izan garen baino zoriontsuagoak izan daitezkeenik. V.


Interesatzen zaizu



B2
2011-01-25
16134698
11831