Sauna, Finlandiako bizimoduaren erdigunea

Sauna Finlandian antzina sortutako ohitura da, baina gaur egun mundu osora zabaldu da. Denboran oso atzera egin behar da bere jatorria aurkitzeko.

Gaur egun saunak Finlandiako ikur nazional bihurtu dira. Joseba Ossa euskal saunazaleen elkarteko sustatzaileak eta Xila Pilhstrom finlandiarrak saunaren inguruko hainbat bitxikeria kontatuko dizkigute.

Josebak aitortu duenez sauna ezagutu orduko, saunarekin eta bere inguruko kulturarekin maitemindu egin zen.

Irratsaio osoa hemen entzun dezakezu.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

ESATARIA.- Nazioarteko egun bereziak eta bitxiak ugari sortu dira azken urteetan . Gaurkoak ere badu bere titulua, Finlandiako hiriburuan, Helsinkin, Sauna Day edo saunaren eguna izendatu dute, Finlandiarren ikur nazionala, saunak lagunartean egoteko eta gorputz eta gogoa baretu eta garbitzeko espazioak izan ohi dira, etxeetan eta eraikin publiko guztietan badituzte saunak. Eta hain serio hartzen dute sauna Finlandian, ze, Nazioarteko Sauna-elkarteen erakundea ere sortua dute. Eta hain zuzen ere, Euskal Herriko saunazale elkarteari asteburu honetan emango diote ofizialtasuna. Lierni Ibargutxik hitz egin du euskal saunazaleekin.
LIERNI.- Finlandiako ikur garrantzitsuenetako bat sauna da. Denboran milaka urte egin behar da atzera  ohitura zahar honen jatorria arakatzeko eta ilunetan galduko gara, hain antzinako sasoietara joan beharko dugu eta haren bila. Argi dagoena ordea, saunaren gaurkotasuna da. Esan daiteke etxebizitza bakoitzeko sauna bat dagoela Finlandian. Bost milioi biztanleko herrian gutxi gorabehera, hiru milioi sauna daude. Helsinkira joan gabe ere Euskal Herrian saunaren kultura zabaltzen diharduen lagunak badira, eta saunazale elkartea ere osatu dute duela pare bat urte. Asteburu honetan bertan Japonian egiten ari diren sauna finlandiarraren Nazioarteko Elkarteen Batzarrean ofizialki onartuko dituzte euskal saunazaleak. Joseba Ossa da elkarteko sustatzaileetako bat. Eta nolatan osatu da Euskal Herrian saunazale elkartea? Joseba Ossak kontatu digu uda pasatzeko asmoz Finlandiara egin zuen bidaia batean 1987an maitemindu egin zela saunaren kulturarekin.
LIERNI.- Hiru hilabeteko bidaia hiru urteko egonaldi bihurtu zitzaion eta abentura finlandiarrean ezagututako Mia emaztearekin Euskal Herrira itzuli zenean hango ohitura ere ekarri zuten. Familiarentzako txoko bila hasi zirenean saunak izan zuen lehentasuna. Historikoki sauna eraikitzen baitzuten finlandiarrek beste ezer baino lehen.
JOSEBA.- Finlandiarrak hasi zirenean basoak nolabait kolonizatzen eta basoetan ba etxebizitzak egiten eta abar, gaur egun etorkinek egiten duten bezala? askotan gizonezkoa aurretik joaten da eta lana eta tokia bilatzen duenean familia ekartzen du ezta Europara edo beno, herrialde industrializatura ez? Beno ba finlandiarrek zer egiten zuten? Basoak eta kolonizatzerakoan gizonezkoak joaten ziren, egurrak moztu eta abar. Eta lehenik, lehenik sauna bat eraikitzen zuten, eta sauna txikia izaten zen jakina, eta saunarekin batera lotarako tokia, dela refugio (aterpe) moduko bat, osea justu-justu oinarri-oinarrizko gauzekin ez? Orduan lehendabizi sauna berotasuna edukitzeko eta abar, eta gero etxeak egiten zituzten.
LIERNI.- Xila Pilhstrom Euskal Herrian bizi den finlandiarrak ere sauna bere herriko kulturan zein sustraitua dagoen kontatu digu. Emakumeak saunan erditzen ziren.
XILA.- Zure etxea eraiki baino lehen(o), lehendabizi sauna egiten zen. Gero, han bizitzen zinen ba zure etxea egiten zenuen bitartean. Baina saunak badu, bada sauna da erlaxatzeko leku bat, baina, gaixoak zaintzeko leku bat ere bai, erditzeko. Emakumeak lehen(o) han erditzen ziren ere bai.
LIERNI.- Sasoi batean finlandiarrak baso hotzetan bizi ohi zirenean espazio bero bakarra huraxe izan ohi zen sauna. Baita garbiena ere, betidanik lagunekin elkartzeko, eta higiene pertsonalerako erabili izan dute. Eta jaiotzaren momentuan bakarrik ez, heriotzarenean ere hura bilakatzen zen familia-bizitzaren erdigunea. Askotan esaten dute finlandiarrek saunan elizan bezala egon behar dugula.
 

B2
2016-11-03
16244200
00:03:51
4953