Aparteko adimena duten haurrak
Askok uste dute adimen handiko haurrek eskolan nota bikainak ateratzen dituztela, baina hori askotan ez da horrela, nahiz eta beste hainbat kontuetan aparteko gaitasuna duten.
Maider Belda psikopedagogoak Donostiako Ikasi akademian lan egiten du eta berak ere aparteko gaitasunak ditu.
Erreportaje honetan, adimen handiko haurrek dituzten bereizgarriei buruz eta ingurukoek hartu beharreko jarrerez hitz egingo digute. Irratsaio osoa hemen entzun dezakezu.
ESATARIA. Aparteko adimena, aparteko gaitasunak dituzten haurrei buruz hitz egingo dugu segidan. Garai batean “superdotatu”, “supergaitu” deitzen genien haur horiei. Izena aldatu da, orain beste modu batera deitzen diegu, orain ez diegu superdotatu deitzen, orain “aparteko adimena duten haurrak” deitzen diegu. Izenak aldatu dira baina segitzen dute indarrean gurasoen artean ezjakintasunak, aurreiritziek eta beldurrak. Erreportajea prestatu du gai honi buruz Sixto Iturriagagoitiak.
SIXTO ITURRIAGAGOITIA. Ezin dugu garun zoragarri horietan sartu, murgildu baina aparteko gaitasuna dutenek pentsatu, sumatu eta sentitzen dutenari buruz zerbait gehiago jakin nahi izan dugu. Horretarako aditu bati galdetzea erabaki dugu, baina Maider Belda psikopedagogoa aditua baino zerbait gehiago da. Aparteko adimena du berak ere, bere semeak eta bere anaia nagusiak bezala. Maiderrek aparteko gaitasunak dituzten haurrekin egiten du lan Donostiako Ikasi Akademian. Besteak beste, euren adimena neurtzeko frogak egiten dizkie, eta horri esker jakin du orain dela gutxi berak ere aparteko gaitasunak dituela.
Garai bateko ustea zen haur hauek nota bikainak ateratzen zituztela beti. Gaur egun badakigu hori ez dela beti horrela izaten. Askok nota normalak eta zenbait kasutan nahiko txarrak ere ateratzen dituztela, batzuetan motibaziorik ez dutelako edota aspertzen direlako. Irakasleentzat ez da erraza haur batek aparteko gaitasunak dituela antzematea, hain zuzen ere, emaitza akademikoak ez direlako adierazle egokia, baina badira haur hauek amankomunean dituzten ezaugarriak. Gainerako umeentzat oharkabean pasatzen diren egoerez jabetzen dira, ezin dituzte injustiziak eta inkoherentziak jasan eta Beldak aipatu dizkigun beste ezaugarri hauek ere izaten dituzte.
MAIDER BELDA. Haiek erabiltzen dute hizkuntza beste modu batean. Hiztegi oso aberatsa daukate, azkar ikasten dute, denetatik, ez da bakarrik irakurtzen. Azkar ikasten dute nola egiten diren gauzak ala zer, norekin egin dezaketen zerbait, ala ez egin zerbait. Autonomia, beno, asko daukate.
SIXTO ITURRIAGAGOITIA. Oro har, nesken kasuan zailagoa izaten da dohain horiek antzematea, ez dutelako nabarmendu nahi. Eta badakigunean gure haurrek aparteko adimena dutela, zer? Zer da inolaz ere egin behar ez duguna? Maider Beldak horrela azaldu digu zeri egin behar diogun ihes.
MAIDER BELDA. Perfekzionismoa, hori ba, “Zu oso azkarra zarenez, ba nota onak atera behar dituzu”. Hori ez da. O sea, batzuetan ezin dute, ba ez dakit motibazioagatik ala ez dakit, no?
SIXTO ITURRIAGAGOITIA. Eta zer da egin behar duguna? Hasteko gurasoek burutik kendu behar dute albistea ematen dietenean sortzen zaien beldurra, kezka. Eta hori berez ona dela barneratu. Irakasleek ere lan handia egin dezakete. Jolas garaian ere lagundu behar diegu. Konturarazi jolas batzuk euren adineko haurrekin egin ahal izango dituztela, baina beste batzuk ez. Eta batez ere inoiz ez ahaztu umeak direla euren haurtzaroa beste modu batera bizi duten arren.