Nola ikasten dute haurrek? Eta makinek? 

Haurrek eta tresnek modu berean ikasten ote dute? Eta zer egin du gizakiak tresna edo makinei “ikasten irakasteko”? Beti era berean “ikasi” ote dute makinek? Horra ETBko Teknopolis saioko bideo honen hizpidea.

Ikusi bideoa jakiteko haurrek (gizakiek) eta makinek nola ikasten duten.

 

 

 

 

Argazkia: Pixabay

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Nola bereizten ditu txakurrak beste animalia guztietatik? Nola desberdintzen ditu txakurrak eta beste animalia guztiak?    
Ilaje desberdinetakoak badira ere. Nahiz eta ile-mota desberdina duten. 
Kanitxe (kanixe) bat zein artzain-txakur aleman bat ikusten duenean. Kanixe bat edo artzain-txakur aleman bat ikusten duenean.  
Makinek ere antzera ikasten dute. Tresnek ere era beretsuan ikasten dute, horrelatsu.    
Hau da, banan-banan esan behar zitzaion. Alegia, banaka-banaka esan behar zitzaion.  
Adimen artifizialari esker. Zeri edo nori esker: adimen artifiziala erabilita. Era berean: algoritmoei esker, gizakiari esker.    
Sistemak automatikoki erauziko ditu (ezaugarriak). Sistemak automatikoki atera edo ondorioztatuko ditu ezaugarriak.  
Zenbat eta adibide gehiago hobeto trebatuko da. Adibideen proportzioan handituko da trebakuntza.   

 

 

 

 

 


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Esataria. Ipuinetan agertzen diren elefante, krokodilo eta lehoi exotikoez aparte, txakurra izango da ziurrenik haur batek ikusten duen lehenengo animalia erreala. Baina nola daki txakur bat dela? Nola bereizten ditu txakurrak beste animalia guztietatik? Erantzuna entrenamendua da.  

Txakur asko ikusten ditu haur batek kalean, tamaina, kolore eta ilaje desberdinetakoak badira ere, bere burmuinak ezaugarri komunak bilatzen ditu guztien artean: lau hanka ditu, buztana mugitzen du, ez du hegan egiten, zaunka egiten du. Horregatik kanitxe (kanixe) bat zein artzain-txakur aleman bat ikusten duenean argi dauka: au, au!   

Makinek ere antzera ikasten dute. Demagun sailkatzaile automatiko bat sortu nahi dugula. Helburua da makinak bere kabuz erabakitzea aurrean duen irudi hori botila gorri bat zen ala ez.  

Ezer baino lehen adibide-multzo bat eman beharko diogu. Orain arte adibide horiek eskuz etiketatu behar ziren. Hau da, banan-banan esan behar zitzaion sistemari irudian zegoena botila bat zen ala ez eta gorria zen ala ez, eta berak estatistika erabiltzen zuen erantzuna asmatzeko. Adimen artifizialari esker, nahikoa da adibide horiek botilak gorriak diren ala ez esatea, eta sistemak automatikoki erauziko ditu ikasi nahi duen irudiaren ezaugarriak: zenbat eta adibide gehiago hobeto trebatuko da. Izan ere, ziklo bakoitzean bere algoritmoak edo formulak egokitzen joaten da. Ikusi eta ikasi. 

B2
2021-07-16
28542641
00:01:41
1546