Dokuteka
Munduko 10 museorik ikusgarrienak
Maiatzaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Munduko museorik ikusgarrienak eta bisitatuenak online ikusteko parada eskaini nahi dizugu segidan.
The Metropolitan Museum of Art, New York (AEB)
New York-eko The Metropolitan Museum of Art, jendeak The Met gisara ezagutzen duena, munduko museorik onena da. Bosgarren Abenidako eraikin ikusgarri batean dago, eta 2015ean Travellers' Choice saria irabazi zuen. Saria emateko internauten iritzi eta iruzkinak hartzen dira kontuan. Urtero bost milioi bisitari pasatxo izaten ditu eta mundu osoko bi milioi artelan baino gehiago ditu bilduta. Adibidez, grekoerromatarren artelanak, edo antzinako Egiptokoak, baita Afrika, Asia eta Ozeaniakoak ere. Amerikar eta europar artisten lan ugari ere baditu, eta baita inpresionista eta postinpresionista estiloko margolan asko ere.
Bisita birtuala egiteko, sakatu hemen.
Musée d’Orsay, Paris (Frantzia)
Parisen dago, Sena ibaiaren ondoan. Arte inpresionistari dagokionez, munduko onena. Bertan daude mundu osoan ezagunak diren pintoreen lanak. Besteak beste, Van Gogh, Renoir edo Claude Monetenak.
Garai bateko Orsayko tren-geltokian ikusgai dagoen museo honetako arte-bilduma 1848-1914 urte-bitartekoa da. Arte aldetik hor dagoen balioa izugarria denez, 2015eko mundu mailako bigarren museoa izan da internautentzat, eta Europako lehena.
Bisita birtuala egiteko, sakatu hemen.
The Art Institute of Chicago, Chicago (AEB)
Bisitarientzat munduko gustukoena izan zen 2014an, eta 2015ean hirugarrena. Inpresionismo eta postinpresionismo estiloko bildumak ditu, baita artista estatubatuarren bilduma ikusgarriak ere.
Greco, José de Ribera eta Espainiako beste hainbat izen handiko artisten lan ederrak ditu museoak. Baita Italia, Herbehereak eta Flandriako artistenak ere. Pinturari soilik ez, eskulturari, arkitekturari, argazkigintzari edo ehungintzari eskainitako bildumak ere interesgarriak dira oso.
Bisita birtuala egiteko, sakatu hemen.
Pradoko Museoa, Madril (Espainia)
Pradoko Museoak, Thyssen-Bornemisza museoak eta Reina Sofia museoak Artearen Triangelua izeneko museo-taldea osatzen dute Madrilen.
Pradoko Museoak 27.000 artelan ditu. Meninak koadroa, Velazquezena, Goyaren Maiatzaren hiruko fusilamenduak eta bestelako hainbat koadro garrantzizko bertan daude. Horrez gain, espainiar, italiar eta flandriar eskoletako artista handi askoren lana dago museo honetan. Urtero, mundu osotik etorritako bi milioi eta erdi lagun baino gehiagok bisitatzen du Pradoko Museoa.
Bisita birtuala egiteko, sakatu hemen.
Louvre Museoa, Paris (Frantzia)
Parisko ikurretako bat da bi mendetik gora dituen Louvre Museoa. Frantziar errege-erreginen egoitza izandako jauregi ikusgarri batean dago. Harro egon liteke 1848a baino lehenagoko 300.000 artelanez osatutako bilduma ezin hobeaz. Artelan horietatik erakusgai 35.000 inguru ditu; ondo osatua dago, beraz. Bada pintura, eskultura, antzinako objektuak, non-nahikoak. Adibidez, Antzinako Greziako eskulturak: Venus Milokoa edo Samotraziako Garaipena. Leonardo Da Vinciren Gioconda ere bertan dago zintzilik: egunero 20.000 lagunek ikusten dute. Museora urtero bederatzi milioi lagun turista joaten dira. Travellers' Choice sarietan, 2015eko edizioan, munduko bosgarren postua lortu zuen museoak.
Bisita birtuala egiteko, sakatu hemen.
Hermitage Museoa, San Petersburgo (Errusia)
Errusiako Ondare Nazionalaren museoa da, eta bost jauregi ikusgarriz dago osatua, ezagunena, Neguko Jauregia. Artegintza maite dutenek nahitaez ikusi beharreko museoa. Munduko pintura-bildumarik onenetakoa dauka. Munduko museo onenen artean dago, seigarrena da. 3 milioi artelan baino gehiago ditu: pintura, eskultura, arkeologia, artelan grafikoak, txanponak, dominak…
250 urte baino gehiago ditu museoak, Neva ibaiaren parean dago. Bitxikeria bat: orain dela zenbait mendez geroztik zaindari bereziek babesten dituzte eraikinak eta artelanak: saguen kontrako 50 katuk.
Bisita birtuala egiteko, sakatu hemen.
The National Gallery, Londres (Erresuma Batua)
The National Gallery museoa, Ingalaterrako hiriburuko artelan-museorik garrantzizkoena, Trafalgar Square enparantzan dago, Londresen erdi-erdian. Europako 1250-1900 urte-bitarteko 2.300 margolanez ostutako bilduma du. Batzuk nabarmentzekotan, Venus Ispilukoa (Velazquez) edo Ekiloreak (Van Gogh).
1824an zabaldu zituen ateak museoak. Doakoa da. Urtero sei milioi lagun baino gehiago joaten dira. Baina jende gehienak ez daki, London airez bonbardatu egin zutenez Bigarren Mundu Gerran, artelanek kalterik ez izateko, Galesera eraman zituztela aldi baterako. Bisita birtuala egiteko, sakatu hemen.
Rijksmuseum, Amsterdam (Herbehereak)
Amsterdamen bada museo-auzo bat, eta hortxe dira elkarrengandik hurbil Van Gogh museoa eta Risjksmuseuma. Azken honek Herbeheretako artelan-bildumarik handiena eta munduko margolan-multzo onenenetakoa du. Herbeheretako Urrezko Mendea garaiko obrak dira aipagarrienak. Adibidez, Gaueko erronda (Rembrandt) eta Esnezalea (Vermeer).
Amsterdameko Museo Nazional hau XIX. gizaldiaren hasieran sortu zen, eta sabai gotikoak dituen eraikin historiko batean dago orduz geroztik. Eraikina berritzen bederatzi urte eman dituzte. Inguruan lorategi errenazentista eta barrokoak ditu, ordaindu gabe ikus daitezkeenak.
Bisita birtuala egiteko, sakatu hemen.
Vasa Museoa, Stockholm (Suedia)
Museo honetara doazen gehienak harritu egiten dira zein egoera onean dagoen Vasa, XVII. mendeko gerra-itsasontzi ikusgarria. Itsasontzian dago museoa. Itsasontzia Suediako hiriburuko badiako uretan konpondu zuten XX. gizaldiaren erdi-aldera. Itsasontziaren jatorrizko egituraren % 98 mantendu da bere horretan.
Zenbaitek XVII. mendeko Titanic deitzen dio, britainiar ontziaren antzera, ontziolatik atera bezain pronto urperatu baitzen. Dena den, bere garaiko gerra-itsasontzi garrantzizkoa izateko egin zuten, eta aldi berean, itsas gaineko benetako jauregi ederra ere bazen.
Arropak, txanponak, era askotako lanabesak, itsasbide-mapak, nabigatzeko tresnak, ehunka eskultura… Horrek guztiak itsasontzia egin zeneko garaia hobeto ezagutzeko aukera ematen du, eta horrexegatik da Eskandinaviako museorik bisitatuena.
Museo Nacional de Antropología, Mexiko Hiria (Mexiko)
Gaur egun ere toki ikusgarria da Mexiko Hiriko Antropologia Museo Nazionala. Chapultepec Basoan dago kokatua. 1964an ireki zuten museoa, eta historia aldetik izugarrizko balioa duten obrak ditu. Nabarmenetan nabarmenena arkeologia-bilduma: gaika sailkatutako 23 gela ditu, Mesoamerikaren historian, mila urte Kristo aurretik XVI. mende-erdira arte, sakondu nahi duenarentzat primerakoa. Mesoamerika osatzen dute Mexikoko hegoaldeak, El Salvadorrek, Guatemalak, Belizek, Nikaraguak, Costa Ricak eta Hondurasko mendebaldeak.
Bisita birtuala egiteko sakatu hemen.
