detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Amaia Llorente: "Oso museo didaktikoa da Museum Cemento Rezola"

Donostiako museoen artean ez da, agian, ezagunena, baina uste baino turista gehiagok bisitatzen omen du Añorga auzoko Museum Cemento Rezola. Hala adierazi digu bertako koordinatzaile den Amaia Llorentek HABEko egoitzara gonbidatu dugunean.

Museoaren ibilbide oparoa

2000. urtean jarri zen martxan museoa, lantegiaren 150. urteurrena ospatzearekin batera. Hasiera batean, museoaren jarduna aldi baterako erakusketak-eta antolatzen zentratu zen, batez ere. Ondoren, tailerrak sortzen hasi ziren, eskoletatik-eta ikasleak etortzen zirenean, esate baterako, hezkuntza eskaintza zabala eskaini ahal izateko.

Azken urteetan, berriz, Añorgatarrak izeneko proiektua abiatu da museoan. Añorga auzoan kolonia industrialaren inguruan bizi izan zen jendea edo garai batean lantegian lan egin zuten pertsonak elkarrizketatu dituzte eta bideo bat sortu dute. Horretaz gain, ondare industrialaren inguruko liburu bat prestatzen ari dira.

Museum Cemento Rezola zementuaren industriari buruzko ezagutza handitzeko helburuak bultzatuta eraiki zen, baita industria honek gizartean egindako ekarpena gogorarazi eta ikusleak zementura hurbiltzeko ere. Cementos Rezola lantegiko sortzaileei eskainitako omenaldia ere bada museo hau, baita enpresa honek iraun duen mende eta erdian bere jarduera-sektorean estatuko garrantzitsuenetakoa bilakatzen lagundu duten gizon eta emakumeei eskainitako ordaina ere.


Eraikin bereziko museoa

300 m2-ko eraikina du museoak, fabrikako langileen ikastetxe izandakoa. Esan bezala, 2000. urtean hartu zuen museo itxura. Egindako aldaketak asko izan baziren ere, antzinako eraikuntzaren hormigoizko egitura errespetatu zen, hein handi batean. Fatxadari arreta berezia eskaini zitzaion: osorik konpondu eta zementuzko konglomeratu bat erabiliz estali zen.

Eraikuntzak hiru areto ditu: entzun-aretoa, kongresuak eta bilerak egiteko erabiltzen dena; erakusketa iraunkorra, zementuaren munduko giltzarriak modu didaktikoan azaltzen dituen ibilbidea; eta azkenik, aldi baterako erakusketen aretoa, eraikinaren erdigunean kokatutako kristalezko kupula batean dagoena.

Erakusketa iraunkorra

Erakusketa iraunkorrean honako gai hauen inguruko informazioa aurkituko dugu:
•Zementuaren historia
•Zementuaren fabrikazio-prozesua
•Zementuaren aplikazioak ingeniaritzan, arkitekturan eta artean
•Zementua eta ingurumena
•Rezola abizenari lotutako industria



Aldi baterako erakusketak


Aldi baterako erakusketak ere antolatzen ditu museoak. Une honetan ikusgai Hormigoia ukituz izenekoa dago ikusgai, 2015eko urtarrilaren 17ra bitarte..


Erakusketan sartu orduko, kuxin itxura duen pieza hau ukitu nahi izaten dute bisitari guztiek.

Bisita gidatuak

Erakusketa iraunkorrak eta aldi baterako erakusketak iruzkinduta ikusteko programa dauka museoak, dohainik.
Norentzat: gutxieneko 6 pertsonaz osatutako taldeentzat, aldez aurretik erreserba eginda (943 364 192 edo info@museumcementorezola.org helbidera idatzita)
Bisitaren iraupena: ordu eta erdi
Prezioa: dohainik

Museoaren webgunea: http://museumcementorezola.org/es/

Segidan duzun bideoan Amaia Llorentek emandako azalpenak ikus-entzun ahal izango dituzu.


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

2000. urtean jarri zen martxan museoa. Kontatuko diguzu zer gertatu den ordutik hona? Zein izan den egindako ibilbidea?
Amaia Llorente.- Bai, bueno, 2000. urtean irekitzen da pixka bat lantegiaren 150. urteak ospatzeko. Orduan, ordutik hona egin duguna izan da, batez ere, hasieran batez ere zentratu zen aldi baterako erakusketak-eta antolatzen, pixka bat, jendeak, ba, erakusketa iraunkorra ikusi baldin badu, ba, hasteko etortzen pixka bat gehiago aldi baterako erakusketetan eta azkenean publikoa fidelizatzeko era bat bezala eta gero ja hasi ginen pixka bat tailerrak eta sortzen, baita ere eskoletatik-eta etortzen zirenean ba bueno, hezkuntza eskaintza bat zabala eskaintzeko asmoarekin eta gero, ordundik aurrera ba azkeneko urteetan beti izan da ideia Añorgara pixka bat gerturatzea bezala, baina azkeneko urteetan, ba bueno, da gehien gustatzen zaigun proiektua, edo niri behintzat oso buru-belarri gaude horrekin, eta da Añorgatarrak proiektua, eta egiten duguna da Añorgan bizi izan zen jendea kolonia industrialaren inguruan edo lantegian lan egin zutenak garai batean, horiei ba elkarrizketak egiten dizkiegu, grabatu eta beraiekin, ba bueno, sortu dugu bideo bat, orain liburu batekin gabiltza, pixka bat, ba bueno, ondare industrialaren inguruan.

Nolako harrera izan duzue Añorgako auzokideen aldetik?
A.LL.- Ba, oso ona, oso. Egia esan, museoak ikaragarrizko harreman ona dauka auzoarekin. Pixka bat auzoak ez dauka Kultur Etxe finkorik, orduan askotan ba egiten dugu ateak zabalik dauzkagu horretarako. Audio-gela bat dugu eta beraiek erabiltzen dute beraien bilerak egiteko, eskaerak egiten dizkigute eta bueno, uzten diegu, arratsaldeetan zerbait behar badute edo bideo-proiekzio bat edo dena delakoa. Eta orduan beti harremana ona izan da, eta gero, Añorgatarrak-en kasuan, jende heldua beti sartzen zen museora guri gauzak kontatzera. Argazki zaharrak ditugu eta orduan beti argazki zaharren inguruan ba guri anekdotak kontatzera. Eta beti esaten genuen gure bisitetan pila bat kontatzen dugu beraiek kontatutakoa, ze bai, gauza bat da zuk gidoian daukazuna, baina asko aberasten du bertan bizi den norbaitek kontatutakoa. Eta horregatik sortu zen ideia. Esan genuen: “Bideoa grabatu behar dugu jende honekin eta beraiek kontatzeko, baita ere”. Eta orduan, erakusketaren amaieran dago hori, Añorgatarrak eta joaten zara, ukitzen duzu pixka bat botoiak eta beraiek kontatzen dituzte, gai ezberdinen inguruan beraiek hitz egiten dute.

Ikastetxeak aipatu dituzu. Eta orokorrean, pentsatu dezakegu ikastetxeetatik joaten zaizuela gehienbat jendea, baina nolako publikoa daukazue?
A.LL:- Gehienbat hori, esan duzuna, ikastetxeetatik , Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, batxilergoa eta formakuntza profesionala ere, asko hurbiltzen zaigu. Horientzako, gainera, egiten dugu bisita museora, bisita gidatuak museora eta bisitak lantegira eta doakoak dira, orduan, ba bueno, nahiko… horretan, ba, horren sustengu gara, egia esan. Eta gero ba, banakako bisitariak ere izaten ditugu edo… eta horiek etortzen dira batez ere aldi baterako erakusketak ikustera, baina bueno, bai da egia gutxixeago direla, baina bueno. Bai dago hor publiko bat ba batzuk beti etortzen direnak eta gero eta berriagoak eta azkeneko urteetan ere ba zenbait atzerriko jendea ere ba bueno, azkenean turismo-bulegotik hurbildu eta “Zenbat museo daude Donostian? Hauek?” Eta haiek ohitura daukate museo guztiak bisitatzeko, orduan horiek ere etortzen dira.

Eta euskaltegietatik ere joan zaizue euskara-ikaslerik, ezta?
A.LL.- Bai, bai, bai. Etorri izan dira eta gainera azkeneko aldian eskaini genien aukera lantegia bisitatzeko. Aukeraz galdetu ziguten ea zegoen eta esan genien baietz eta beraiekin ere lantegia bisitatu genuen. Eta egia esan oso… osoa gelditzen da bisita.

Alderik ba al dago? Helduak, kasu honetan, hizkuntzarekin borrokan dabiltzanez…
A.LL.- Bai, bueno, aldea badago. Azkenean… gertatzen dena da gero dena gelditzen da…bai harrituta gelditzen direla, onera baina pixka bat harrituta, ez zuten espero igual zementu museo bat ba… lehenengoz, nik uste dut, atzeraka egiten duen zerbait dela, baina gero harrituta gelditzen dira, benetan.

Bisitariek zer hitz erabiltzen dute, zementua ala porlana?
A.LL:- Euskaraz asko erabiltzen da porlana, ez? Nik, adibidez, zementua erabiltzen dut. Nik uste dut hobesten dela zementua, baina bueno, hitz egiterakoan porlana ere ondo dago. Jende helduak gehiago erabiltzen du porlana, edo helduxeagoak, eta gero ja, ba umeak eta gazteak, zementua.

Zein da museoaren gainean jaso ohi duzuen iritzia? Zer esaten dute bisitariek?
A.LL.- Bai, iritzi ona. Alde batetik harrituta, harrituta geratzen dira… ez dute espero igual hainbeste gauza kontatuko ditugula zementu… klaro, zementu-museo bat… ba igual esaten dute, ba egongo dira zementuzko objektuak edo, eta zementuzko objektuak, ba, oso gutxi ditugu. Kontatzen dugu zementuaren fabrikazio-prozesua, kontatzen dira horrelako… horrelakoak, lantegiaren historia eta horrela, eta orduan jendea, pixkanaka-pixkanaka murgiltzen joaten da, oso didaktikoa da museoa, bai banakako bisitarientzako eta bai guri ere bisitetan asko laguntzen digu jendeak gero esaten digunean “Joe, oso ondo”. Esaten dugu bisita … erakusketak asko laguntzen digu:ba hori,  bideoak daude, interaktiboak tartean eta gu, ba bueno, saltseatzen ibiltzen gara beraiekin batera eta laguntzen du, hori, didaktikoa da.

Behin baino gehiagotan aipatu dituzu aldi baterako erakusketak. Une honetan ikusgai dagoenak Hormigoia ukituz izena du. Zer eskaintzen du?
A.LL:- Bueno, ba, eskaintzen du aukera erakusketa bat ukitzeko, ez dena gutxi izaten askotan. Beti gaude museoetan ezin dela ukitu, ba hemen bai, dena ukitzea nahi dugu. Eta bueno, egin duguna izan da arkitekto ezberdinek hormigoia tratatzeko era ezberdinak izan dituzte, ba, urteetan eta hormigoia beti iruditzen zaigu denoi grisa, eraikuntzak egiteko eta beti, oraindik ere oso, bere itxura, jendeari, ba, atzera botatzen dion zerbait da, ez? beti saiatu margotzen edo tapatzen. Eta hauek egin izan dutena da, ba, forma ezberdinak, kolore ezberdinak, aukera horiek arkitekto ezberdinak… eman hormigoiari eta orduan, ba bueno, pixka bat atraktiboagoa edo bihurtu. Eta, egia esan, oso erakargarria da. Sartu eta jende guztia lehenengo gauza joaten da bat ukitzera ze kuxin bat dirudi, urrutitik kuxin bat dirudi eta denak hori ukitzera joaten dira. Ordena saltatu eta… eta horra.

Zein da biderik errazena zuekin harremanetan jartzeko?  Eta txanda azkar ematen duzue ala oso lanpetuta ibiltzen zarete?
A.LL.- Bai, bai, bai… bueno, baldin bada egun oso zehatza nahi dutena, bai da egia batzuetan erreserba baldin badago eginda aldez aurretik, ba, ezin dugula… museoa txikia da, langile gutxi gaude eta orduan ezin diegu erantzuna eman talde askori egun berean. Baina, bueno, normalean bi aste lehentxeago edo horrela deituta, nahikoa izaten da. Eta aukera dago autobusez etortzeko, adibidez, ba Donostiatik, Lasartetik eta, Hernanitik ere hortik pasatzen da, bidegorritik ere, orain aukera dago Donostiatik dena atzetik, lehen garai bateko trenbidea joaten zen lekutik Euskotren, hortik ere etor daiteke.

detalle2

Dokuteka

C1
2014-11-06

x61pRelaContWAR

  • Esther Isasa
16346166
07:17

x61pViewCountWAR

9432

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR