Miguel de la Quadra Salcedo: "Turismoa hautsi egin behar da"

Abentura zer den? Asian barrena 20.000 kilometroan ibiltzea, Txilen baleontzi batean lan egitea, Andeak zeharkatzen dituen kamioiko gidari izatea, eta munduko txoko guztietan inoiz edo behin bizi izana: Iruñean, Kerbalan, Santiago de Txilen...

Ez dago munduan Miguel de la Quadra Salcedok ezagutzen ez duen arbola ipurdirik. Eta Euskal Herriaz hitz egiten duenean, badakiena ohartzen da zinez ezagutzen duela dena: Irati, Arantzazu, Urzainki... Berdin Hego Amerika, berdin Europa. Etxea balu bezala ezagutzen du mundua. Galdetu behar genion etxea zenbat ezagutzen duen.

Abenturarako grina liburuetatik edan omen zenuen.

Mutikotan nire aiton-amonen liburutegietan ibiltzen nintzen zalduneriako liburuen bila. Amadis de Gaula, Odisea, Iliada... horrelakoak irakurtzen nituen. Antzinako abenturak irakurri eta ezin izan dut gelditu horiek errealitate bihurtu arte. Adibidez, Julio Verneren liburu batean, La Jangadan, kontatzen da nola txalupatxo batean familia bat Amazonan barrena jaitsi zen. Gerora, nire emazte eta nire semearekin bidaia berdina egina naiz. Hiruak jaitsi ginen indioen kanoa batean Amazonan behera. Nik uste irakurketa oso garrantzitsua dela, eta gazteek zaindu beharko luketela.

Gaur egun fikzioko filmen bidez sartzen dira abenturetan.

Funtsezkoa ilusioa sortzea da. Baina zoritxarrez gaurko filmak, Harry Potterenak adibidez, txarrak dira, umeei hegan egiten erakusten dietelako, eta gero balkoitik egiten dute jauzi. Ez dago zertan ezer asmaturik. Historia dagoeneko idatzia dago, abenturak Pizarro, Marco Polo eta horienak dira. Gaur egun fikziora jotzen da, birtuala denak mundu irreal batean sartzen baitzaitu, eta hori da drogetarako lehen urratsa. Horretaz psikiatrekin hitz egin beharra dago, baina nik uste haurrek ez luketela telebistarik ikusi behar ondoan heldu bat eduki gabe. Zer gertatu da ordea? Galtzen joan dela Euskal Herrian lehen mantentzen zen zerbait, eta Ameriketan oraindik bizi dena: familia. Familia oso inportantea da, eta Europan krisian dago. Hori oso larria da aiton-amonak direlako gazteei mundu modernoaren aurkako txertoa sartzen dietenak.

Nortasuna eraikitzen laguntzen dute bidaiek?

Batek bere arima formatzen du hogei urtetik hogeita bostera, eta nik gazteei esango nieke beren oporretan, oso ongi dokumentatuta, baina bakarrik bidaiatzeko. Ez dezatela ekipaia gehiegirik hartu, ez badira bertako leku eta historiari buruzko liburuak. Nik Amazonan ikusi ditudan tribu guztiek, eta Iparraldeko eskimalek ere, Sinuitek, denek egiten dute hasierako bidaia bat. Pubertarora iristen direnean, beraien bidaia iniziaziokoa egiten dute, eta oso garrantzitsua da hori. Kristo ere hiru urtean desagertu zen, eta oinez ibili zen, hori da egin behar dena. Bestela ezin zara heldutasunera iritsi.

Nola egin zenuen kirolari izatetik kazetari izaterako bidaia?

Txilen baleontzi batean egin nuen lana. Baleontzian irabazitako diruarekin kamera bat erosi ahal izan nuen, eta hala pelikula bat egin nuen. Ez saltzeko grinarekin, egin eta hantxe edukitzeko baizik. Gero, Amazonan nengoela, hilabetean behin edo bi hilabetean behin idatzi egiten nuen Bogotara. Nire lehen artikuluak El Tiempo de Bogotan atera ziren. Eta diru horrekin pelikulak eros nitzakeen. Pelikula haietan grabatu nituen Amazonan ikusiak. Oraindik ere etxean artxibo handia daukat han grabatutako antzinako landareen kolekzioarekin.

Posible da kultura guztiak mundu batean harmonian bizitzea?

Ez badugu bestea zapaltzen, eta zer jana baldin badu, non dago arazoa? Baina ez da hori gertatzen. Ekuadorreko indigenen kasuan, esaterako, beraien ehiza eremuan sartzen dira petrolio prospekzioak egitera, eta sekulako leherketak egiten dituzte ehiza beldurtuz. Ez dute ulertzen zer esan nahi duen lurralde bakoitzaren subiranotasunak. Hori da larria. Eta gero, dirua dago atzetik. Gaur egun aberatsen eta behartsuen arteko amildegia aldi oro handiagoa da.

Baina, galdera tipikoa: diru aberastasuna al da zoriona?

Irribarrea baldin bada zorionaren neurgailua hemen ez gara zoriontsu bizi. Madrilen, Bilbon, kalean dabiltzan denak haserre ikusten ditut, lurrera so, aurpegi ilunarekin. Irribarrea beti dago mundu primitiboetan, eta hori da zoriona. Zoriontsuagoak dira.

Nola izan gaitezke gu zoriontsuago?

Beharrizanen teilatua jaitsiz. Gauza gutxiago behar baldin baditugu zoriontsuagoak izango gara, ziur. Galtzerdiak adabatu behar dira, ezin da hartu eta bota, hartu eta bota, eta erosi gehiago, eta gehiago... Kontsumismo hau gehiegizkoa da.

Ez da kontsumismoa bakarrik, gure bizitza gero eta hermetikoagoa da, etxean sartu eta telebista ikusi, ordenagailua piztu...

Izugarria da, ez dago komunikaziorik. Antzina etxeetan bazegoen mahai handi bat, non familia osoak jaten zuen. Orain aitaren lekua kendu egin dute eta telebista jarri. Eta aita zerbait esatera doanean, "aita ez hitz egin, ez hitz egin, ea zer dioen telebistak...". Nik telebista kendu eta sua jarriko nuke etxe guztietan. Lehen suaren inguruan, tximinia ertzean, jendea hizketan egoten zen, eta hori oso da garrantzitsua. Hemen ere gelditzen den baserritako gaztea oso ezberdina izango da besteengandik.

Lehen kulturen arteko harmonia aipatu dugu. Baina zu laborantzako peritua zarenez, naturarekin harmonian bizi gintezke gero eta mundu asfaltatuago eta transgenikoago honetan?

Gauza bat esango dizut: munduko ekologistarik handienak indigenak dira. Elkarbizitzen asmatzen baitute oso gutxi ematen duen lur batekin. Amazonan hiru urteko uzta jasoz gero beste leku batera joan behar duzu, lurra hondarra bihurtu delako. Laborantza handiak sartu nahi izan dituzte eta desastrea izan da. Eta ekologisten artean badago beste arazo bat. Beti lurra aipatzen dute, lurra, animaliak... Eta gizona? Baloreen eskalan lehenik gizonak behar du, gero ingurumenak, animaliak... Gizona ez da ahaztu behar, eta inongo ekologistak ez dio lehenik gizonari begiratzen. Niri gehiago gustatzen zait ekologista zientifikoei buruz hitz egitea ekologista politikoei buruz hitz egitea baino.

Itzul gaitezen zure telebista programetara. Hurrengo urteko Ruta Quetzala Euskal Herrian bukatuko da. Zer Euskal Herri erakutsi nahi diezu gazteei?

Burdinaren historia landu nahi dugu. Lehenik antzina hemen sartu zen burdin hura, burdinola zaharrak, erromatarrak baino askoz ere lehenago bukatu zena. Eta bidea artearen burdin modernoarekin bukatuko dugu. Burdinaren artea, Txillidaren baserrian dagoena. Perun ere Peruko minen historiak ikasiko ditugu.

Bestalde nahi nuke gazteek ikastea hemen nola egiten diren gaztak, nola egiten diren artzain-txakur lehiaketak. Bertsolariak, segalariak, laiariak, ea aurkitzen ditudan, hori baita herri batetik ikastea. Nik nahi dut gazteek jakin dezaten nolakoa den Euskal Herria, nolakoa den Peru, nolakoa Amazona, Cuzco... Mila Peru baitaude, eta Euskal Herrian bertan ere Araba ezberdina da Gipuzkoatik. Kanpokoek uste dute dena berdina dela. Bidaiarako prestatzeko nahi dut gazteei gutxieneko hiztegia ematea. Perun quechua klaseak hartuko dituzte, eta ehun edo berrehun hitz quechua erakutsiko dizkiegu. Hona ere gustatuko litzaidake gazteak gutxieneko hiztegi batekin etortzea, eta euskara eskolak hartzea, zoragarria litzateke, beharrezkoa.


B2
2004-12-20
  • Arzallus , Amets
  • de la Quadra Salcedo, Miguel
16233831
2584