Euskarabentura, gazteen espedizioa Euskal Herrian
Quetzal Ibilbidea Europako eta Latinoamerikako gazteek osatutako espedizio erraldoi bat izan zen.
EUSKARABENTURA, GAZTEEN ESPEDIZIOA EUSKAL HERRIAN
Quetzal espedizioan kultura, abentura eta hezkuntza nahasten zituen ibilbide bat egiten zuten hilabete eta erdiz, eta partaideak gaztelaniaz hitz egiten zuten 16 eta 17 urteko gazteak izaten ziren. Proiektua 1979. urtean jarri zuen martxan Miguel de la Quadra-Salcedo kazetariak, eta 2016. urtean egin zuten azken espedizioa.
Esperientzia horretan oinarrituta, Euskarabentura sortzea erabaki dute Euskal Herriko hamar gaztek. “Antolakuntza taldetik, bizpahiruk Quetzal Ibilbidea egin zuten, eta begirale izan nintzen ni”, kontatu digu Iñaki Goikoetxeak (Irun, 1986). Boiseko Jaialdian (Idaho) hasi ziren proiektuari “forma ematen”, 2015. urtean, eta orduz geroztik, antolakuntza-taldea osatzen joan dira: bilerak egiten, diru-laguntzak lortzen… Iñakik Irungo udaleko kultura arloan lan egiten badu ere, libre dituen tarteak eskaintzen dizkio Euskarabentura antolatzeari. Udan begiralea izango da hainbat etapatan eta proiektuaren nondik norakoak kontatu dizkigu.
Iñaki Goikoetxea Quetzal Ibilbideko begirale izan zen.
PARTAIDEAK
16 eta 17 urteko gazteek hartuko dute parte, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailan edo Batxilergoko lehenengo mailan dauden ikasleek, hain zuzen ere. “Nerabe izatetik heldu izatera igaroko dira, eta euren etorkizuneko bizitzarako hainbat erabaki hartzeko garai ona dela uste dugu”. Ikuspuntu zabalagoa izateko aukera emango die Euskarabenturak, izan ere, udaleku bat baino askoz gehiago izango da: kultura, gizartea, hizkuntza, ohiturak… hainbat gauza ikasiko dituzte ibilbidean zehar.
Gainera, parte-hartzaileek ez dute ezer ordaindu beharko: “Lan bat aurkeztu behar izan dute eta espediziora joatea da saria. Euskara izan da gai nagusia, eta hiru kontzepturekin lotzeko aukera izan dute: euskara eta itsasoa, euskara eta zure herria eta euskara eta emakumea”. Lan musikalak, literarioak, ikus-entzunezkoak edo artistikoak egin dituzte, eta Eusko Ikaskuntzako epaimahaiak 100 gazte hautatu ditu.
Euskal Herri osokoak dira garaileak, baina ez hori bakarrik: estatubatuar batek eta argentinar batek ere parte hartuko dute. “Diasporari atea zabaldu diogu, eta oraingoz, badakigu bi horiek gurekin etorriko direla. Hala ere, ez dago guztia itxita”.
Euskarabenturako aurkezpen-ekitaldian antolakuntza-taldeko hainbat kidek hartu zuten parte
ESPEDIZIOA BAINO ASKOZ GEHIAGO
Uztailaren 1etik 31ra egingo den ibilbideak 31 etapa izango ditu, eta Euskal Herriko zazpi probintziak zeharkatuko dituzte. “Mauletik abiatuko gara eta Getxon amaituko dugu: Donibane Garazi, Pirinioak, Iruñea, Viana, Logroño, Añanako Gesaltza, Trebiñu, Gasteiz, Agurain, Tolosa, Bilbo… leku asko ezagutuko ditugu”.
Gizateriaren ondare diren monumentuak bisitatzea izango da aurtengo ibilbidea egiteko aitzakia. “Donejakue bidea Euskal Herriko ondare nagusia da, eta, horregatik, horixe izango da gure ibilbidearen oinarria”. Hala ere, Euskarabentura leku batetik bestera joatea baino askoz gehiago izango dela esan digu Iñakik, espedizioa edukiz betetzen ari baitira: “Tolosan, Kike Amonarrizek bertako egoera soziolinguistikoaren berri emango digu; Hernanin, sagardotegien nondik norakoak kontatuko dizkigute; Donemiliaga Kululara joango gara, euskaraz idatzitako lehenengo hitzak bertan daudelako…”
Gainera, euskararen inguruko hainbat errealitatek talka egingo dute: “Partaide guztiek badakite euskaraz, baina ez maila berean. Batzuek ez dute egunerokotasunean erabiltzeko ohiturarik izango, besteek ia beti erabiliko dute, diasporakoekin harrituta geratuko dira hainbat… Agian, euskaraz hitz egiteko grina piztuko zaie, horixe da gure asmoa”.
Euskal Herria ezagutarazteko, kirola egiteko, euskara hainbat euskalkitan praktikatzeko, jende berria ezagutzeko eta saretzeko ate bat irekiko die Euskarabenturak 16 eta 17 urteko gazteei. Gauza asko ikasteko eta esperientzia berritzaile bat bizitzeko aukera paregabea izango dute lehendabizikoz Euskal Herrian.
Gaiarekin lotutako beste bideo bat duzu helbide honetan.
Eta zuk, parte hartuko zenuke? Edo begirale izatea gustatuko litzaizuke? Zure herritik igaroko balitz, zer erakutsiko zenieke espedizioko kideei? Zure herrian nor edo zer ezagutu dezakete? Euskarabentura edo Quetzal Ibilbidea bezalako esperientziarik ezagutzen duzu?
1. Zer da Euskarabentura?
Euskarabentura da Euskal Herriko gazteentzat sortu dugun edo sortzen ari garen espedizioa. Aurten izango da lehen urtea eta horren atzean gabiltza hamar bat lagun antolakuntzan. Talde anitza da: hor gaude bizkaitarrak, gipuzkoarrak, arabatarrak (arabarrak), Nafarroako jendea ere badago eta gero, iparraldean ere gure kontaktuak ditugu, horrelako sare bat egiteko.
2. Quetzal bidea duzue eredu… Zertan?
Ruta Quetzalek (Quetzal Ibilbideak) dituen helburu batzuk, Euskal Herrira moldatu ditugu: adibidez, Ruta Quetzal (Ibilbidea), orain jada ez da egiten, baina zen Espainia eta Europa eta Latinoamerikako herrialdeen artean espedizio edo udaleku izugarri handi bat, gaztez osatutakoa. Orduan, gure asmoa ere da horrelako gaztez osatutako espedizio bat antolatzea. Ruta Quetzalen (Quetzal Ibilbidearen) helburua zen hemengo eta hango gazteen arteko loturak sortzea eta guk moldatu dugu hori eta Euskal Herriko gazteen artean ba hori, sare moduko bat egitea. Gero ere bai adin-tartea jakina da: 16-17 urte, hor dago 4. DBH edo lehenengo batxilergoan, hemen gure hezkuntza sisteman, uste dugulako adin-tarte horretan, pasatzen garela nerabe izatetik helduak izatera.
3. Zein izango da egingo duzuen ibilbidea?
Gure espedizioan Euskal Herriko zazpi probintziak gurutzatuko ditugu, eta aurten gure aitzakia izango da gizateriaren ondare diren monumentu guztiak bisitatu (bisitatzea). Eta, gizateriaren ondare den gure monumentu nagusia Euskal Herrian da Santiago Bidea. Orduan, aurtengo oinarria izango da Santiago Bidea, Santiago Bideak esango dugu pluralean.
Egun guztiak ez dira oinez izango, etapa gehienak bai oinez izango dira zailtasun maila desberdinekin: batzuk motzagoak izango dira, beste batzuk luzeagoak eta mendian ibiliko gara. Eta gero, gure espedizioa ere bai edukiz osatzen ari gara, hori delako oso inportantea: harremanetan gaude bertsolaritzako jendearekin, antzerki munduko jendearekin, euskararen munduko jendearekin…
4. Zein da Euskarabenturaren helburua?
Ba, nahi dugu gazteak (gazteek) euskaraz hitz egitea, nahi dugu Euskal Herria ezagutzea, nahi dugu beraien artean Euskal Herriko sare bat sortzea, eta hori guztia lotuta egongo da kirolarekin, turismo sostengarriarekin, osasunarekin orokorrarekin, osasuntsuak diren praktikekin. Eta gutxi gorabehera hori izango litzateke… Azkenean, nahi dugu gazteak beraien buruak piztea eta konturatzea inguruan daudela gauza interesgarri pila bat, dagoela jende interesgarri pila bat eta 16-17 urte tarte horretan, mundua deskubritzen ari direla, deskubritzea Euskal Herrian gauza positibo eta polit pila bat ditugula eta gero ba bueno, beraien etxera itzultzen direnean, lekukoa ere hartzea eta beraien artekoen artean zabaltzea eta pixkanaka horrelako olatu bat sortzea.