Lasaitzeko pastillen alde ilunak

Psikofarmakoak dira eguneroko kontsultan medikamentu errezetatuenak. Gaurko gizartean ez gaude sufritzeko prest eta estutasun edo insomnio kasuen aurrean, botika izaten da soluziorik errazena.

Aste batzuetarako aurreikusita dagoen tratamendua hogei urtez luzatzea, horixe da sendagai antsiolitikoak kontsumitzen dituzten milaka pertsonaren egoera. Sendagile eta osasun arloko profesional askoren kezka bihurtu da botika psiko tropikoen albo-ondorioak; izan ere, betirako izan daitezke. Luzaroan hartzen badira, gaitza ez sendatzeaz gain, asko baldintzatu dezakete gaixoaren eguneroko bizitza.

Gaur egungo gizartean gauzak bizkor egin behar dira eta etekinak are eta bizkorrago lortu behar dira. Gaixotasunekin eredu bera jarraitzen da, gaizki sentitzen garenean sendagilera joan eta hark emandako pilula miragarri batzuei esker ahalik eta azkarren osatzea espero dugu. Eredu horrek logika izan dezake gripea sendatzeko, baina nolaz senda dezake pilula batek buruko gaixotasun bat bestelako terapiarik egin gabe? Sinplea da, ezin du.

Bentzodiazepinak, insomnioa eta antsietate-arazoak tratatzeko balio duten farmakoak dira; hartzen dituenak lasaitasun sakona sentituko du, pilulek nerbio-sistema inhibitzen baitute. Baina, farmako hauek menpekotasun eragin handia dute, hori dela eta tratamenduaren iraupena zehatza da: insomniorako preskribatuak baldin badira bi eta lau aste bitarteko tratamendua eta antsietatea murrizteko baldin bada zortzi eta hamabi aste bitartekoa. Epe horietatik aurrera ezinbestekoa da gaixoak dosia gutxitzea, menpekotasunik ez garatzeko eta “errebote efektua” saihesteko.

 

Menpekotasun bat bestearen ordez

EHUko Medikuntza Fakultateko Farmakologia sailean irakasle den Koldo Calladok dioenez, funtsezkoa da sendagileek eta gaixoek argi izatea bentzodiazepinak ez direla betiko: “Hainbat aste igaro ostean, sintomek ez badute hobera egin, posible da gaitza beste bat izatea. Depresioak adibidez terapia behar du, eta ez pilulak soilik”. Zenbait droga uztearen ondorioetako bat antsietatea izan daiteke, eta sendagileek sarritan bentzodiazepinak erabiltzen dituzte gaixoa lasaitzeko. Gaixo horrek menpekotasuna garatzen badu, droga bat beste batez ordezkatuko litzateke. Denok ditugu ezinegona eta urduritasuna eragiten dizkiguten arazoak, pilulek unean-unean gaixoa lasaitzeko balio dezakete, baina ez dute sendatuko”.

Nolabaiteko kezka piztu da sendagileen artean, baina oraindik ez da sistema alternatiborik proposatu eta erabakia osasun zentroen esku dago. Hala ere, egungo gizarte-ereduak jendea botikak hartzera bultzatzen du Calladoren iritziz. Medikuak ez du erru guztia.

Loaren giltza

OCU Kontsumitzaile Elkartearen arabera, antsiolitiko kontsumoak %57 egin zuen gora 2000 eta 2012. urteen artean Espainiako Estatuan. Ordutik kontsumoa berdintsu mantendu da. Osasunbideak argitaratutako txostenak bentzodiazepinak uzteko irizpideen berri ematen du, baina Osasunbideko teknikari den Ana Azperrenek adierazi duenez asmo nagusia bestelakoa da “sendagileei kritika egitea baino, gure gizarteak edozein arazoren aurrean botikak hartzeko duen ohitura zalantzan jarri nahi dugu”. Botikak mesedegarriak izan daitezke, baina azken aukera izan beharko lukete. Insomnioa duen jendeak bentzodiazepinak garaiz uzten ez baditu, pilulen menpeko izango da beti lo hartu ahal izateko. Haatik, badira farmakorik gabeko alternatibak. Hainbat osasun zentrotan antolatzen diren “loaren tailerrak” eta psikoterapia oso lagungarriak izan daitezke antsietatea duen jendearentzat. Helburua ez luke izan beharko pilulen bidez lasaitzea edo lokartzea, naturaltasunez lortzea baizik.

Bentzodiazepinek arazoak eragiten dituzte, baina asko errezetatzen dira, eragin bereko beste farmakoak arriskutsuagoak baitira. Hausnarketa egin behar da farmakoaren alde on eta txarrez, argi izanda zeintzuk izan daitezkeen kalteak epe luzean.

Sistema kognitiboari eragindako kalteak dira ohikoenak: memoria galerak eta arreta mantentzeko zailtasunak bereziki, baina oinaze fisikoak ere bai, kontsumitzaileek ahulezia sentsazioa izaten dute eta. Albo ondorio zuzena ez bada ere, depresioak maiz ematen dira. Hori jakinik, esanguratsua da plan sistematikorik egin ez izana urte askoan menpeko izan den jendeak bentzodiazepinak utz ditzan.

(Testu laburtua)

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

  • Albo-ondorioak. Tratamenduak bilatzen ez dituen eraginak edo ondorioak, espero ez zirenak.
  • Antsietatea murrizteko. Gutxitzeko.
  • Botika mesedegarriak. Mesede egiten dutenak edo egiteko modukoak. 
  • Etekinak. Irabaziak
  • Ezinegona. Lasai egon ezina, urduritasuna.
  • Menpekotasuna. Dependentzia.
  • Pilula miragarriak. Miraria egiten duten pastillak.

 


C1 C2
2017-02-28
16171599
7944