detalle dokuteka-generico-fitxa

Amazonas ibaia: handietan handiena!

Amazonas ibaia munduko luzeena da (7.020 kilometro) eta ur gehien daramana, baina guztia da handia Amazonasen. Hona hemen hainbat datu eta bitxikeria.

•    Amsterdamgo Unibertsitateko geologoek esan dute Miozeno garaian hasi zela sortzen. Garai hartan Hego Amerika eta Afrika banantzen ari ziren.

•    1542ko otsailaren 12an, Extremadurako Francisco Orellanaren espedizioak aurkitu zuen Amazonas. Ez zebiltzan ibai bila, kanela bila baizik, kaneladun lurralde zabal baten bila. Orduan kanela, eta beste espezia asko, diru gisa erabiltzen ziren.

Amazonasen dena da handia.

•    Amazonas aurkituta, Orellanak-eta 7 hilabete pasa zituzten ibai-bukaeraraino iristeko. Orduan jarri zioten Amazonas izena. Badirudi emakume-tribu batek eraso ziela, eta horregatik izena.

•    Nilok, Yangtsék eta Mississippik, hirurak batera baino ur gehiago du. Izan ere, munduko ibai-uren %20 da. Amazonasek 1.100 ibai ingururen ura hartzen du.

•    Amazoniako oihanak 9 herrialde hartzen ditu, eta horietatik 3 zeharkatzen ditu ibaiak: Peru, Kolonbia eta, azkenik, Brasil, Ozeano Atlantikora iritsi baino lehen.  

•    Amazonasek, noski, ur geza du, eta itsasora heltzen denean ur hori ez da bat-batean desagertzen. Itsasoan 160 kilometro barrura egin eta oraindik ibai erraldoiaren ur geza aurki daiteke. Eta Amazonas itsasoan “sartzen” den bezala, itsasoko animaliak ere sartzen dira ibaian. Adibidez, marrazoak ikusi dituzte ibaian ehunka kilometro gora. 

•    Atlantikoa eta ibaia batzen diren lekuan "Pororoca" sortzen da, munduko olaturik handiena. Surflari asko dabil han. Olatua surflariarengana heldu baino 30 minutu lehenago entzuten omen da haren hotsa. Sergi Laus surflari brasildarrak 10 kilometro egin zituen, olatu gainean 33 minutu arituz.

Kepa Acero bizkaitarra "Pororoca" surfeatzen, bertakoekin atera.

•    Hain da handia, Itsaso ibaia ere deitzen zaio. Gune batzuetan, bere sakonera 240 metroraino heltzen da, eta zabalera 300 kilometrotik gorakoa da.

•    Amazonas ibaian ez dago zubi bakar bat ere.

•    Aingira elektrikoa Amazonasko espezie arriskutsu bat da: 600 volteko deskargak sortzen ditu. Beste espezie harrigarri batzuk ere badaude: kaiman beltza, anakonda berdea (95-120 kilo bitartekoa; emea 8 metro luze izan daiteke). Bitxiak dira baita ere, Jesu Kristo muskerra, igaraba erraldoia, izurde arrosa, edo Candiru banpiro-arraina. Arrain hau mehea da eta, diotenez, beste animalien zakil, alu edo ipurditik sartzen da odola txupatzeko. Gizakiaren parasitoa omen da. 

•    Amazonas ibai inguruak Amazonia izena du, eta egun ezagutzen den animalia-espezien %10 edo bizi da bertan, eta 75.000 arbola-mota ezberdin. AEBko ikertzaileen arabera, 2.500 arrain-espezie omen daude Amazonasen.

•    Amazonas ibaiaren azpitik beste bat doa: Hamza (6.000 km). Baina aditu batzuek diote Hamza ur-masa handi bat dela, ez ibaia, urak abiada oso motela duelako. Ia-ia geldi dago ura. Petrobras enpresa brasildarra Amazoniako lur-azpiko putzuak ikertzen ari zela, deskubritu zen Hamza ur-masa.

•    Amazonas ibaiari eta bertako indigenei kalte handia egin diete nazioarteko petrolio eta gas-enpresa askok, baina baita urre-bilatzaile eta egurrarekin lotutako enpresek ere. Ekologistek diotenez, Amazonas eta inguruko ibaietara urtero 40 tona merkurio isurtzen dira.

•    Amazonas ibaiak eta Ibai Beltzak 6 kilometro egiten dituzte Brasilen elkarren ondoan, urak nahasi gabe, bata marroia eta bestea beltza.  

Bi ibaien urak elkartzen diren lekua, kontraste ikusgarria!

•    Amazonas ibaia bera turismo-leku garrantzitsu bihurtu dute: pirañak harrapatu, indigenak bisitatu, izurde arrosak ikusi… Zabala da eskaintza.

 

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

  • Hego Amerika eta Afrika banantzen ari ziren. Hego Amerika eta Afrika bereizten ari ziren.
  • Diru gisa erabiltzen ziren. Diru moduan erabiltzen ziren.
  • Ibai-bukaeraraino iristeko. Ibaiaren bukaeraraino ailegatzeko.
  • Amazonasek 1.100 ibai ingururen ura hartzen du. Amazonasek gutxi gorabehera 1.100 ibairen ura hartzen du.
  • Horietatik 3 zeharkatzen ditu ibaiak. Ibaiak horietatik 3 pasatzen ditu.
  • Ur hori ez da bat-batean desagertzen. Ur hori ez da berehala, segituan, desagertzen.
  • Hain handia da, itsaso ibaia ere deitzen zaio. Hain handia denez, itsaso ibaia ere esaten zaio.
  • Atlantikoa eta ibaia batzen diren lekuan. Atlantikoa eta ibaia elkartzen, biltzen diren tokian.
  • Olatu gainean 33 minutu arituz. Olatuaren gainean 33 minutu surf eginda.
  • Urak oso abiada motela duelako. Uraren abiadura oso txikia delako.
  • Lur-azpiko putzuak ikertzen ari zela. Lur-azpiko putzuak ikertzen ari zenean.
  • Urtero 40 tona merkurio isurtzen dira. Urtero 40 tona merkurio botatzen dituzte.
  • Zabala da eskaintza. Handia, luzea da eskaintza

detalle2

Dokuteka

B1
2017-02-21

x61pRelaContWAR

16171381

x61pViewCountWAR

8528

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR