detalle dokuteka-generico-fitxa

Epilepsia: kasu guztiak ez dira berdinak

Jabier Agirreren artikulua: zer den epilepsia, zer den krisi bat, nola jokatu behar den, zerk eragin dezakeen krisi bat...

Epilepsia hitza entzun orduko, gehienok eszena ikaragarri bat irudikatzen dugu: pertsona bat lurrera erortzen da, korderik gabe eta gorputza etengabeko konbultsioak jota duela. Hala ere, eta jendeak "ezagutzen" duen gertakari horren atzean, errealitate zabal eta oraindik nahiko ezezaguna ezkutatzen da, gaurko lan honetan argitzen eta ezagutzera ematen saiatuko naizena.

Epilepsia gaixotasun neurologiko bat da, garuneko trastorno bat, bertako zelulak (neurona izenez ezagunak) seinaleak modu anormalean transmititzen dituztenean gertatzen dena: egoera horrek sentsazio, emozio eta portaera bitxiak eragin ditzake, espasmo muskularrak eta konorte-galera. Horixe da krisi epileptikoa.

Gaitzak edozein adin, sexu, arraza, klase sozial edo herrialdetako jendea erasan dezake. Horrela, mundu osoan 50 milioi pertsonak epilepsia dutela estimatzen da, eta umeen eta jende gaztearen kontua soilik dela uste izan arren (16 urtez azpikoak dira erasandakoen % 75), adineko pertsonetan ere nahiko usua da (horrela, 75 urtetik gorakoen artean, 1.000 pertsonatik 15ek epilepsia jasaten dute). Gaitzari buruzko ezagutzarik ezak eraginda, paziente askok diskriminazio handia jasaten dute, gizartean baztertuak eta "markatuak" izateraino. Gaixotasunak oso izen txarra eduki baitu betidanik, historia osoan zehar, eta gaitz madarikatua bezala jo izan da (deabruaren kontuak, amorratuena, etab.)

ZER DA KRISI BAT?

Krisi epileptikoa bat-batean eta ustekabean agertzen den manifestazio klinikoa da, normalean bukatu ere modu bizkorrean bukatzen dena, garuneko neurona-talde gutxi-asko zabalaren jarduera anormal, bat-bateko, labur eta aldi baterakoaren eraginez sortzen dena. Neurona horiek gehiegizko bulkada "elektrikoak" deskargatzen dituzte (deskarga epileptikoak), beren funtzionamendu normalean alterazioren bat sorrarazten duen prozesu batek eraginda.

Zenbait kasutan, krisi epileptiko baten prozesu abiarazlea ezaguna da, droga-intoxikazio bat edota odolean eta garunean glukosa-maila gehiegi jaistea, esaterako, eta arrazoia bakana denez (ez du zertan behin eta berriz errepikatu), krisi horiei sintomatikoak edo krisi probokatuak esaten zaie. Beste kasu batzuetan, ordea, krisi epileptikoak berez agertzen dira, modu espontaneoan alegia, arrazoi abiarazle jakin eta ezagunik eduki gabe atzean, eta krisi hauek errepikatzeko joera izaten dute.

Krisia bitartean, kordea gal daiteke, mugimendu erritmikoak agertuko dira (edo ez) eta pertsona ez da ezertaz konturatzen. Baina krisien beste muturrean pertsonak erabat kontziente jarraitzen du eta nahi gabeko mugimendu zakarrak, edo sentsazio nahiz emozio anormalak sentituko ditu.

Krisi epileptikoak bi motatakoak izan daitezke funtsean: krisi jeneralizatuak, batetik, eta krisi partzialak edo fokalak, bestetik. Krisi jeneralizatuetan, deskarga epileptikoak garuneko azalera osoari erasaten dio aldi berean; krisi fokaletan, ordea, deskarga epileptikoa garun-azaleraren zona jakin batean hasten da, kasu batzuetan partziala izanez hasitako krisia jarraian garuneko azalera osora hedatzen den arren, krisi jeneralizatu bihurtuz. Arazoa gehiago nahasteko, zenbaitetan ez da erraza krisi bat partziala edo jeneralizatua den argi eta garbi zehaztea, eta horiei krisi zehaztugabeak edo indeterminatuak esaten zaie.

Pertsona batek epilepsia duela esateko, beharrezkoa da krisiak espontaneoak, berezkoak eta errepikatuak izatea, hau da, gutxienez bi krisi epileptiko izan behar ditu. Eta hori oso garrantzitsua da, izan ere aurreneko krisi espontaneo bat duten pertsonen erdiak ez baitu berriro errepikatzen, eta horrexegatik, ez baitute epilepsiarik jasaten.

ZERK ERAGIN DEZAKE KRISI BAT?

Tratamenduan dauden paziente epileptiko gehienak ondo kontrolatuak daude, eta beraz ez dute krisirik izaten. Hala ere, badira krisiak abiaraz ditzaketen faktoreak, eta, beraz, beti erne egon behar dugu, horrelakorik gerta ez dadin.

a) Medikazioa uztea, edo hartualdiren bat ahaztea izaten da, adituen ustez, krisi bat gertatzeko aurreneko arrazoia. Epilepsiaren kontrako botikak erregularki hartu behar dira, agindutako orduetan, medikamentuak erdibizitza jakina baitu odolean, eta eguneko hogeita lau orduak estali behar baititu, krisiak gauez ere ager daitezkeelako.

b) Alkohola kontsumitzea, sarritan aurreko arrazoiarekin batera. Eta zer esanik ez lo faltarekin lotzen bada, epilepsia jeneralizatuetan batez ere. Horregatik, loaldien ordutegia beti berdina eta nahikoa izatea gomendatzen da, adinaren arabera (zazpi eta hamar ordu bitartekoa).

c) Sukar-konbultsioak bost urtetik beherako haurretan gertatzen diren arren, edozein infekziorengatiko sukarrak konbultsio-krisiak eragin ditzake edozein paziente epileptikotan, eta edozein adinetan (adineko pertsonetan gehienbat). Horregatik sukarra ahalik eta lasterren jaistea komeni da, krisia saihesteko.

d) Botikak eta droga batzuk ere aipatu izan dira, epilepsiaren krisiak sortu edo abiarazteko arrazoi bezala: kokaina, antidepresiboak, antipsikotikoak eta nerbio-sistemaren estimulatzaileak. Kafeinaren gehiegizko kontsumoak ere krisien maiztasuna gehitu dezake zenbait kasutan; kontuz, beraz, horrelakoekin.

e) Argi keinukariak, telebista, ordenagailua eta bideojokoak ere izan daitezke krisiak abiarazteko moduko faktoreak, baina epilepsia fotosentikorrak dituzten pertsonei bakarrik erasaten diete (hau da, epilepsia guztien % 2). Kasu horietan telebista distantzia jakin batera ikustea gomendatzen da, ordenagailu eta bideojokoak pantaila-babesleekin erabiltzea, eta diskoteketan argi keinukarietatik urruntzea.

f) Azkenik, adituek diotenez jarduera fisikoak, kirolak, dietak, emozioek, jarduera intelektualak eta harreman sexualek ez dute zertan eraginik izan krisien kontrolean, zenbait pazientek estresa faktore abiarazletzat jotzen duten arren.

NOLA JOKATU BEHAR DA?

Krisi epileptiko bat izaten ari den pertsona baten aurrean aurkitzen garenerako, gomendio batzuk hartu behar dira kontuan. Lehenik eta behin, adituek lasaitasunari eustea aholkatzen dute, ez beldurtu, eta ez saiatu pertsonari heltzen edota hura berpiztu edo bizkortzen ere, normalean kordea denbora-epe laburrean berreskuratuko baitu. Arnasketa artifizialik eta antzekorik egitea ere ez da beharrezkoa, itxuraz arnasarik hartzen ez badu ere.

Egin behar dena zera da: erortzerakoan minik har ez dezan albo baten gainean etzan pertsona hori, gainazal bigun batean (ohearen edo etzaulkiaren gainean) eta ahal dela buruaren azpian kuxin edo burkoren bat jarri, kolperik har ez dezan. Azken finean, kontua minik ez hartzea da. Horretarako, inguruan egon daitezkeen objektu arriskutsuak, puntazorrotzak eta horrelakoak, urruntzea komeni da.

Gorakoak baldin badauzka, saiheska jarri beharko dugu, gorakoak kanpora bota eta arnasa hobeto har dezan, baina sekula ez dugu indarrez gaixoaren ahoa irekitzen saiatu behar, mina egitea besterik ez baikenuke lortuko. Adituek diotenez, mihiari hozka egitea krisiaren aurreneko fasean bakarrik gertatzen da, eta gertatuz gero ere, krisian dagoela guk ahoa irekitzen saiatzerakoan egingo geniokeen kaltea baino txikiagoa izango litzateke. Bestetik, hortzen artean zapiren bat (edo okerrago oraindik, gauza gogorren bat) jartzea erabat kaltegarria da, horrekin arnasa hartzea eragoztea besterik ez baitugu erdietsiko.

Egin beharreko beste gauza bat gaixoaren arnasbideak libratzea da, arnasa hartzen laguntzeko. Eta horretarako, alkandoraren lepoa, edo gorbata edo arnasketa zaildu dezakeen beste edozer lasaituko diogu. Horrez gain, krisiak irauten duen bitartean gertatzen den guztiari adi-adi begiratzeko gomendatzen dute adituek, gerora diagnostikoa egiteko informazio oso baliagarria lortzen baita horrela.

Azkenik, adituek diotenez ez da beharrezkoa pertsona larrialdietako zerbitzu batera eramatea, krisiak hamabost minutu baino gehiago iraun, edo kordea berreskuratu gabe krisi baten atzetik beste bat errepikatzen denean izan ezik. Normala da krisiaren ondotik pazientea lo seko geratzea, edota nekatua eta zertxobait desorientatua aurkitzea. Kasu horretan, gaixoa ez esnatzea eta erabat suspertu arte lasai atseden hartzen uztea da egin dezakegun gauzarik onena.

Jabier Agirre, UZEI

detalle2

Dokuteka

B2
2008-01-25

x61pRelaContWAR

  • Agirre , Jabier
16157993

x61pViewCountWAR

5800

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR