Badakizu zer den testamentu digitala?

Ia guztia digitalizatua dugun garaiotan era guztiko informazioa pilatzen zaigu gure telefono mugikorretan, sare sozialetan eta abarretan. Baina, hil ondoren, zer gertatzen da horiekin?

Oraindik berria den kontzeptua da testamentu digitalarena. Alegia, gure Interneteko ondare eta aztarna norbaiti uztea. Josu Barandalla informatikariak lagundu digu gaia sakontzen, eta bide batez, gure aztarna digitalak egoki kudeatzeko hainbat aholku praktiko eman dizkigu. 

 

EITBko bideo honetan gaiari buruzko albistea duzu entzungai. Audio osoa hemen entzun dezakezu.

 


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

MANU ETXEZORTU.- Oraindik berria den, berria segun, kontzeptu bat landu nahi dugu segidan: testamentu digitala, testamentu digitala. Finean, testamentu digitalaz ari gara. Alegia, gure interneteko ondare eta aztarna norbaiti uzteaz. Igotz Algorta. Egun on, Igotz.
IGOTZ ALKORTA.- Egun on, Manu. Gaia berri samarra da bai. Horren seinale gurean ez dagoela mota honetako lege bat onartzeko aurre-ikuspenik, ez Eusko Jaurlaritzak ezta Nafarroako Gobernuak ere. Baina hortxe da gero eta handiagoa den ondare digitala ere: gure kontu eta klabeak, interneteko harpidetzak, eta nola ez, sare sozialetako perfilak. Kalean, Manu, bakarren bat jabetuta sumatu dugu, garrantzitsua litzatekeela hil-ostean  horiek ezabatzea.
ELKARRIZKETATUA 1.- Ez da bakarrik kontraseinena (pasahitzena) eta. Azkenean, sare sozialetan gure informazio guztia geratzen da, eta nik uste dut errespetu-puntu bat dela dena borratu ahal izatea, ez?
IGOTZ ALKORTA.- Baina, baina hortxe dago koska. Ez dagoela araututa, eta sarri ez dugula horretaz pentsatu ere egin.
MANU ETXEZORTU.- Dena den, Igotz, lehendabizi argitu beharko genukeena da sareko ondareez edo aztarna digitalaz ari garenean, zer esan nahi dugun edo zertaz ari garen, ezta?
IGOTZ ALKORTA.- Hodei-TIC informatika zerbitzuko Josu Barandallak argitu digu gure aztarna ez dela soilik sare sozialen bidez publikoa dena, badela aztarna pribatua, eta garrantzitsua dena ere.
JOSU BARANDALLA.- Azkenean guk interneten ba gaur egun batez bere (ere) sare sozialetan, baina ez bakarrik sare sozialetan, bale, lagatzen ditugu argazkiak, komentarioak, publikazi(ñ)oak, artikuluak… Orduan, guri buruz interneten dago(e)na, hori da aztarna digital bat. Zelan dakigu zein, zein da(e)n gure aztarna digitala? Bueno, ba erarik errazena da azkenean ba googlen jarri zure izena, adibidez. Agertuko da zer edo zer. Eta hori, adibidez, sare sozial batean egiten bado(u)zu, ba askoz gehiago aterako da. Orduan, azkenean hori da gure aztarna digitala. Ez bakarrik hori, baizik eta mundu digitalean zer lortzen do(u)gun, zer erosten do(u)gun… zeren propietarioak (jabeak) gara? Dauzkagun suskripzioak (harpidetzak), ba ez dakit, Netflix-era, Spotify-era… Azkenean horrek denak osatzen du gure aztarna digitala.
IGOTZ ALKORTA.- Erraz pilatzen zaizkigu kontuak facebook-en, twiterren, instagramanen, bankuko kodeak, e-mailak, suskripzioak (harpidetzak)… Testamentu digitalaz hitz egin aurretik, garrantzitsua litzateke hori guztia, azkenean daukagun amaraun hori guztia egoki kudeatzea. Lehen urratsa, izena emanda edo erregistratuta gauden web-gune eta zerbitzuak gogoan izatea litzateke.
JOSU BARANDALLA.- Leku zehatz batean alta bat ematen do(u)zunean, azkenean, zure datuak ematen dituzu. Orduan hori antolatuta edukiko nuen. Ez dakit, foro batean alta emo(a)ten do(u)danean edo web-orri batean alta ematen da(e)nean edo blog berri bat sortzen do(u)gunean, behintzat pasahitza eta kontua eta non sortu do(u)gun zer, nahiko argi eduki behar do(u)gu.
MANU ETXEZORTU.- Bueno, beraz, Igotz, lehen aholkua litzateke, ez, buruan apuntatuta edukitzea izena emanda gauden zerbitzu guztiak eta klabe guztiak. Zer egin beharko genuke Igotz, gure gertukoren bat hil eta haren klabeak baldin baditugu?
IGOTZ ALKORTA.- Sare sozialetako perfilak, izena emandako orriak eta bestelakoak ezabatzen hasten garenerako ohar garrantzitsua egin digu Josu Barandallak. Azkena, baja eman edo ezabatu behar genukeena beti e-maila edo e-mailak dira.
JOSU BARANDALLA.- Bera hasi ahalko da edo ezabatzen datuak edo eskatzen ezabatzeko, edo bajan emo(a)ten zerbitzuak edo da(e)na da(e)lakoa Azkenean beti eduki beharko dau (du) sarbidea segur aski zure e-mailera behintzat, ze normalean bajan emo(a)teko zerbitzu bat, edo pasahitz bat berreskuratzeko zerbitzu batean, beti beharko da e-mail bat… Orduan oso garrantzitsua, e-mailak ez ezabatzea, ze e-mailak ziur asko behar izango dituzu beste zerbitzuen baja prozesatzeko.
IGOTZ ALKORTA.- Demagun, ordea, ez dugula hildakoaren klaberik, sare sozialetan ez  dagoela beste arduradunik izendatuta.. Zer egin orduan? Kale-inkesta egiten ari ginela informatika-ikasle honek eman zigun pista.
ELKARRIZKETATUA 2.- Bueno, orain berez badaude ere hola enpresa batzuk, familiarrek edo eska dezaketela datu guztiak borratzeko (ezabatzeko) eta “inkluso”, zuk hil aurretik ere ahal duzula eskatu hiltzen zarenean borratzeko.
IGOTZ ALKORTA.- Eta Josu Barandallak baieztatu digu. Badaude abokatu-enpresak horretara dedikatzen direnak, gure aztarna eta ondare digitala ezabatzera edo kudeatzera, legez  hildakoen aztarna digital hori kudeatzera, esan bezala. Hori bai: dirua behar da eta denboran luzatu litekeen kontua izan liteke.
 

B2
2018-11-14
16147452
04:17
2707