Dokuteka
Ispilutxo, ispilutxo digital: nor ederrena?
Nor naiz? Nolakoa naiz? Zer pentsatuko ote dute besteek nitaz? Gaur egun, sare sozialek aukera ederra ematen digute guk nahi dugun geure alde hori ezagutarazteko.
Ikusgelan, Leire Palaciosek identitate digitalari buruz hitz egin digu; hark esan digu nola jokatzen dugun sareetan, jendeak gure irudi jakin bat izan dezan. Baina horrek dituen ondorioen gainean ere ohartarazi gaitu.
Irudia: Ikusgela
|
HIZTEGI LAGUNGARRIA Erakusleiho. Dendetako leihoa, salgaiak erakusteko erabiltzen dena. Hemen irudizko adieran erabilita. |
Sare sozialak dira gure identitate digitalaren erakusleiho agerikoena. Aukeratzen ditugun irudi edo esaldien bidez, transmititu nahi dugun horri ematen diogu forma. Esku-hartze zuzena daukagu besteek pertzibituko (hautemango) gaituzten moduan. Eta zer bilatzen dugu horrekin? Gehienean (gehienetan), besteei gustatzea, dela talde sozial jakin bati, dela gure jarraitzaileei.
Ahalegin horretan, gure fisikoa dena (den) baino ederragoa erakusten saia gaitezke, adibidez argazki bikainenak bakarrik igoz edo filtroak erabiliz. Garenak (Garen) baino zoriontsuagoak agertzeko joera ere badugu: abenturazaleak, oso sozialak eta kirolariak garela erakutsi dezakegu, nahiz eta, beharbada, sareetara igotzen ditugun plan horiek oso noizbehinka egin.
Baina irudia ez da dena. Berdin eragin dezakegu testuekin ere: sareko jarduna ez denez zuzenekoa bezain espontaneoa, ohikoa da gehiago neurtzea zer esaten dugun, zein aldarrikapenekin nahi dugun egin bat, zein iruzkin burutsu nahi dugun zabaldu...
Eta, noski, sare sozialik ez izateak edo zein sareetan (saretan) aritu hautatzeak ere esaten du zerbait gutaz. LinkedInen egoteak inplikazio batzuk ditu; ligatzeko aplikazioetan egoteak, beste batzuk. Egiten dugunak eta egiten ez dugunak, biek moldatzen dute, hein batean, besteek gutaz pentsatuko duten hori.
Alde batetik, zirraragarria da: inoiz baino gehiago, aukera daukagu gure zein alde erakutsi nahi dugun aukeratzeko, zuzenekoaren mugarik gabe. Baina, erakusten dugunaren eta garenaren artean alde handia badago, arriskutsua da. Zenbait kasutan, zuzenekoarekiko fobia bat garatu dezakegu, eta isolatzera jo; beldurra etor daiteke ate-joka: besteek erakusten dugun horregatik maite bagaituzte, utziko diote gu maitatzeari, parez parekoan hain interesgarriak edo ederrak ez garela ikusiz gero? Tinder, Badoo, Kaixomaitia edo gisako aplikazioetan, adibidez, ez al gara beldur horrekin dantzan ari?
Bestalde, identitate digitala ez da ego-ariketa bat soilik, eta ez da hautu erabat librea ere. Dagoeneko, lan-eremu askotan hartzen da aintzat hautagaien sareetako identitatea, norbait kontratatu edo ez erabakitzeko. Edo, kontrara, norbait kaleratzeko. Gure ekonomian eta bizi-baldintzetan zuzeneko eragina izan dezake.
