Maria Callas, diva greziarra

XX. mendeko opera-kantari ospetsuenetarikoa izan zen Maria Callas. Erregistro desberdinetan kantatzeko gaitasuna zuen, baita interpretatzen zituen pertsonaien emozioak ikusleei adierazteko ere. Mito bihurtuta, operatik urruti zebilen jende asko liluratu eta erakarri zuen. 1977ko irailaren 16an hil zen, 53 urterekin.

Migrante greziarren alaba, Maria Ana Sofia Cecilia Kalogeropoulous New Yorken jaio zen 1923ko  abenduaren 2an.  Aitak aldatu egin zuen abizena, eta Callas jarri, esateko eta irakurtzeko errazagoa zelako.  

Maria Callas, 1958an. Argazkia: CBS Television (CC0)

1929an gurasoak banandu egin ziren eta Maria, amarekin eta ahizparekin, Greziara joan zen. Atenasko kontserbatorioan hasi zituen lirika ikasketak.

Harreman zaila izan zuen amarekin: hark, nahi baino gehiagotan esaten omen zion gizena eta itsusia zela. Ahotsean zuen trebetasunari erreparatu gabe, etengabe ahizparekin konparatzen omen zuen hura politagoa zela adieraziz. Hasieran isilik gorde zuen, baina urte batzuk pasatu ondoren amak etekin ekonomikoa lortzeko besterik ez zuela nahi esan zuen Mariak.

Ahots-korden indarra

Ahots berezia zuen, erregistro zabalekoa: soprano, soprano arina edo mezzo aipatzen zituzten berari buruz hitz egitean. Erregistro desberdin horiek  profesionaltasun faltarekin lotzen zituzten batzuek, eta besteek, aldiz, miresmenez ikusten zuten haren ahots-korden gaitasuna.

Maria Callas Giovanni Battista Meneghini senarrarekin. Argazkia: Vanilafeel (CC BY SA 4.0)

40ko hamarkadan egin zuen debuta, eta Grezian berehala lortu zuen arrakasta. 1945ean, II. Mundu Gerra bukatu zenean Europako tentsio girotik aldendu nahian New Yorkera itzuli zen, aitarengana. Abeslari gisa karrera jarraitu zuen, baina ez zuen edozein paper onartzen. Hala, Europara itzuli zen eta 1947an egin zuen bere bizitza aldatu zuen protagonista papera: La Gioconda. La Arena di Verona anfiteatroan izan zen. Handik aurrera La Callas, La Divina eta horrelako izenekin egin zen ezagun. Garai hartan bere senarra zenak agente lanak egiten zizkion, eta horrela, munduko agertokirik garrantzitsuenetan aritu zen: Milango La Scalan eta Parisko Garnier operan, adibide gisa. Horrez gain, Argentinan, Mexikon, Australian, Ameriketako Estatu Batuetan eta Europako zenbait herrialdetan ere kantatu zuen.

Aida, La forza del destino, edo Tristan e Isolda kantatu zituen. Belliniren Norma operan protagonista gisa egindako lanarekin mendeko sopranorik ospetsuena bihurtu zen.

Hamarkada oparoa

50eko hamarkada oparoa izan zen, arrakastaz arrakasta ibili zen, pertsonaia asko interpretatuz. Horietako batzuk gordeta geratu dira betiko, Luchiano Visconti zinema zuzendariak, adibidez, Ana Bolena eta La Traviata jaso zituen.

1959an, Amsterdamen, emanaldi batean. Argazkia: Joop van Bilsen (CC0)

1953an gorpuzkera aldaketa handia egin zuen: 40 kilo galdu zituen, eta ospe handiko diseinatzaileei eskatu zien bere arropak josteko. Agertokian, halako itxura elegantearekin, mito gisa agertzen hasi zen.

Irudi berriarekin batera maitasun istorio berria etorri zen: Aristoteles Onassis. Maria erabat maitemindu zen berarekin. Horregatik, Onassisek harremana hautsi zuenean, operaren mitoak kolpe handia hartu zuen. Bere ahotsa indarrik gabe geratu zen, eta agertokian ez zuen lehen adinako distirarik egiten.

Gainbehera

Maria Callas ez zen lehengoa izatera itzuli: batetik, gorputz aldaketarekin ahotsak indarra galdu zuen; bestetik, ohitura desegokiak zituen; eta azkenik, desamodioaren tristurak ez zion lagundu. Divaren karrera artistikoaren gainbehera hasi zen; bere buruaz beste egiten ere saiatu omen zen.

Maria Callasen emanaldi batzuek biltzen dituen diskoa. Argazkia: lclassical.com (CC BY SA 2.0)

Londresko Covent Garden-en igo zen agertokira azkeneko aldiz 1965ean. Hala ere, ez zion kantatzeari utzi eta 1974an Europan eta Ameriketan bira bat egin zuen Giussepe Di Stefano tenorearekin.

1977ko irailaren 16an, bihotzekoak jota, bat batean isildu zen bere ahotsa betiko, baina hark utzitako ondarea handia da. Lirikaren arauei desafio egitez gain, operaren jarraitzaile berriak erakarri zituen, eta garai haietan horrelako ikuskizunek jende gutxi erakartzen zuten.


B1
2020-09-15
22746684
101