Aurtengo uda desberdina izango ote da?

Uda, oporrekin, festekin eta aisialdiko ekintzekin lotzen dugu. Hura iristeko gogoz egoten gara, baina 2020ko uda orain artekoak bezalakoa izango ote da? Koronabirusaren pandemiak gure eguneroko martxa aldatu du, udaberria konfinamenduan pasatu dugu, eta uda ere ez dator betiko itxurarekin.

Aurtengo uda aurrekoekin konparatuta desberdina izango da. Itxura hori du behintzat. Bakoitzaren ohituren arabera, gehiago edo gutxiago sumatuko dugu diferentzia, baina udarekin lotuta dauden zenbait ekintza edo gertaera aldatu egingo dira, edo ez dira egingo. Esate baterako, oporretarako asmoak edo udako planak, seguru asko aldatu egingo dira askorentzat. Festak ez dira egingo, ez behintzat orain arte bezala. 

Gai horiei buruz inkesta egin dugu. Galdera hauek egin dizkiegu lau laguni:

1- Zein asmo duzu oporretarako? Aurten desberdinak izango dira?

2- Eguneko planak egitean zerbait aldatuko da, esaterako, hondartzara joateko edo?

3- Nola irudikatzen duzu festarik gabeko uda?

 

Idoia Mujika, 46 urte,
ostalaritzako langilea (Abaltzisketa)

1. Bueno, oporrak... udan nik lana egingo dut. Zerbait aipatzekotan, udaberrian, ekainean, kanpinera joateko ohitura dugu eta orain atzeratu egin dugu, irailera pasatu dugu. Gehienbat hori, aldaketa gisa.

2. Oso desberdinak izango dira. Hondartzara joateko eta piszinara edo igerilekura joateko bi aldiz pentsatu beharra dugu. Esaten dute hondartzak itxi egingo dituztela jende kopurua betetzean; orduan, ez dakit. Agian deitu egin beharko da lehendabizi esateko jaistea ba al dagoen edo ez, bestela alfer-bidaia igual egingo dugu. Eta igerilekuan ere, toki gutxiago dago, eta umeekin, bai, bai, gehiago pentsatu behar.

3. Tristea imajinatzen dut, hori seguru. Zeren festek ematen duten bizitasuna eta hori dena, kalera joan eta musika, kultura... hori dena faltako da. Eta... izango da oso arraroa, arraro egingo zaigula uste dut nik. Lanerako ere, azkenean, beste hilabete batzuk bezala dela pentsatu behar, normaltasun batean, baina zaila da.

 

Joseba Arregi, 23 urte, ikaslea (Zarautz)

1. Nire kasuan, adibidez, diferenteak izango dira, aurten ez dudalako uste oporretara joango garenik. Diferentzia nabarmenena da. Baina, azkenean, nire ustez, ez du merezi inora joatea oporretara, ez dakizunean han ze baldintzatan egongo zaren.  Azkenean, dena mugatuta egongo da, modu batera edo bestera, zoazen tokira joaten zarela. Eta horrela, nik uste ez duela merezi.

2. Hondartza argi dago guztiz desberdina izango dela. Zarautzen, adibidez, hondartza guztia itxi egingo dute eta aforoarekin funtzionatuko duen hondartza bat izango da. Orduan, garai batean joan izan gara bainu bat hartzera, besterik gabe, edozein ordutan, eta argi dago orain, seguru asko, ezingo dela horrela egin: goizean bertan autobusak beteta etortzen direlako, edo X arrazoiengatik, baina ezberdina izango da hondartzari begira.

3. Pixka bat tristea, ez beti bezala, baina azkenean ez da besterik geratzen. Egoera zein den ikusita ezin da beste modu batera enfokatu, festak beti berdin irudikatzen ditugu, jendearekin egoteko, ondo pasatzeko... Eta azkenean distantzia soziala mantentzea eta horrelako festak ospatzea zaila iruditzen zait, ez dut bideragarria ikusten.

 

Laia Urretabizkaia, 16 urte, ikaslea (Errenteria-Orereta)

1. Bai, baina pandemia hau gertatu aurretik edo hasi aurretik ere oporrak desberdinak izango ziren niretzat, aurtengo udan arraun egiteko asmoa neukalako. Kontua da gertatu denak arraun-munduan ere bere eragina baduela, eta azkenean neurri batzuk hartu behar izan dituztela; eta nire planak ere pixka bat aldatu dira horren harira.

2. Bai, noski. Azkenean, distantzia mantendu beharko dugu, jende gutxiago egongo da hondartzetan, eta ondorioz, han egoten den giroa ere desberdina izango da.

3. Ba aspergarria. Azkenean bizitzako udarik garrantzitsuenetakoa izaten da gure adinarekin bizitzen dena, eta azkenean, festarik gabe aspergarria irudikatzen dut, baita tristea ere.

 

Jon Arzak, 59 urte, irakaslea (Irun)

1. Gu Errioxako herri txiki batera joaten gara, eta ez dut uste desberdintasun handirik izango denik. Baldin eta arazorik sortzen ez bada, eta koronabirusaren kontuak ez badu beste ondoriorik izaten,  uztailaren 1ean hara joan ahal izango dugu. Eta, bueno, gero ikusiko dugu zenbat egunetan gelditu edo, baina gure kasuan antzekoa izango da.

2. Guk bi hilabete opor ditugunez, uztaila egiten dugu Errioxako herri horretan, eta hango planak antzekoak izaten dira beti: mendia goizetik, 2-3-4 orduko buelta eta igerilekura gero; eta gero, abuztuan hona etortzen garenean, hondartzara. Ni baino gehiago emaztea joaten da. Orduan, nik uste dut antzekoa izango dela, berriz ere diot, ez bada bestelako arazorik sortzen koronabirusaren kontuarekin.

3. Kar-kar-kar. Barregura ematen dit zeren nire adinean, 59 urte, festa-kontuek ez dute ondorio askorik. Dena dela, guk irundarrok, sanmartzialetan ospatzen ditugu festak, eta 28an afaria izaten dugu kuadrillan. Eta hortxe ari gara orain eztabaidatzen, ea nola egingo dugun, egingo ote dugun, zein baldintzatan... Hortik aurrera, udakoak, gu ez gara festaz festa ibiltzen; beraz, guretzat, eragin gutxi dauka horrek.


Jaitsi
Transcripción:[+] Transcripción:[-]

1. GALDERA. Aurtengo uda desberdina izango dela uste duzu?

IDOIA MUJIKA. Nire izena Idoia Mujika da, 46 urte dauzkat eta abaltzisketarra naiz.

Ba bai, iruditzen zait desberdina izango dela, batetik(an) maskarillakin (musukoarekin) ibili beharra daukagu, eta bueno, hori nahiko inportantea dela uste dut, ez? Barruetan eta, eta hori. Eta gero, hondartzara eta mugitzeko eta, hori dena ere, ba bueno, oso desberdina izango da, dena ondo pentsatuta, eta bai.

JOSEBA ARREGI. Joseba Arregi, 23 urte, zarauztarra.

Nik ja uste det (dut), jada, gutxi gorabehera notatzen (sumatzen) dela jada desberdina dela: erlazioan, jendea erlazionatzeko moduan, kasu egiteko moduan. Nik uste det (dut) ja benetan notatzen (sumatzen) dela diferentea dela benetan.

LAIA URRETABIZKAIA. Laia Urretabizkaia naiz, 16 urte ditut eta Oreretakoa naiz.

Bai, desberdina izango da. Azkenean, pandemia bat bizitzen ari gara eta horrek udaran (udan), noski, eragina izango du; hondartzara joateko, festetarako eta hainbat gauzetarako.

JON ARZAK. Nere izena Jon Arzak, nere adina 59 urte, eta irundarra naiz.

Bueno, egia esan, gure udarak (udak) oso antzekoak dira azkeneko, ez dakit esaten, .... 30 urtetan. Gu Errioxa aldera joaten gara, herri txiki batera, eta hartara, bueno, ez dut uste desberdintasun handirik izango denik. Mendi aldera joango gara goizetan, eguerdi eta arratsaldetan piszinara (igerilekura), eta bueno, antzera.

2. GALDERA. Egiteko aukerarik ez baduzu, pena emango dizun zerbait bururatzen al zaizu?

IDOIA. Ba pixka bat, ezer egiteko ez, baina bai normalidade hori. Udaran behintzat nola plaiara (hondartzara) eta piszinara (igerilekura) asko joaten geran (garen), ba lasaitasun hori; benga (ea), hondartza nijoa eta beste ezer pentsatu gabe joate hori, nik uste det (dut) asko atzeratuko digula (gaituela). Igual esatea, ba bueno, gaur ez gera (gara) joango porque (zeren) igual, kriston beroa dago (bero handia dago) eta jende pila joango da ez? Eta esaten dezu...Nik uste dut hor asko atzeratuko gaituela. Edo baita ere taldearekin eta egoteko, ba zelairen batera joaten bazera (bazara). Orain ja ez dakit zenbatean dagoen, 15 edo 20 lagun, ja ez dakit zenbat lagun daukagun juntatzea, baino.

JOSEBA. Adibidez, Zarautzen egiten dan (den) eskubaloi txapelketa hondartzan, udararo; egiten degula (dugula) urtero, lagunak biltzen gerala (garela), ba adibidez aurten ez da egingo urte asko eta gero. Eta pues (ba), igual hori etortzen zait burura ere bai, ba temporada (denboraldia) ez degulako (dugulako) bukatu, eta azkenean, kirol falta hori eta faltan botatzen dalako (delako). Hori esaten dizut beste 20.000 gauza ahal diran izan bezala (izan ahal diren bezala).

LAIA. Uda honetan arrauna egingo dut, eta neukan ametsetako bat Kontxan arraun egitea zen. Eta egoera honekin ez dakigu egingo den, ez den egingo, eta... Ba hori, pixka bat kolokan dago, eta pena handia emango zidan (emango lidake) ez arraun egiteak.

JON. Lehenengo kolpetik etortzen zaidana da.....bueno, Irunen badakizute (badakizue) eztabaida handia daukagula festen inguruan eta, lagun taldean denak ez gara ikuspegi berdinekoak (berekoak) ere, eta saihesten dugu nahiko ondo eztabaida. Kasik esango nuke poztutzen naizela betiko moduko jairik ez dagoela. Eta gehiago ez det (dut) esango, bakoitzak pentsa dezala,...pentsa dezala nahi duena.

3. GALDERA. Eta uda desberdina izan arren, berdin-berdin egingo duzun zerbait?

IDOIA. Lanera joan, kar-kar-kar. Lanera berdin-berdin joango gara. Gu atzo hasi gara eta gu mas o menos (gutxi gorabehera) nahiko antzeko. Pixka bat gutxixeago, baina nahiko tope (lan handiarekin) hasi gara. Bai, hori pixka bat berdintsu, eta gero, ba paseatu eta bizikletan ibili eta kirol horiek lehen bezalaxe. Horiek behintzat egiteko aukera badago.

JOSEBA. Lagunekin bildu, zerbait hartu nonbaiten eserita, hitz egin... Lagunekin egon. Azken finean. Hori uste det (dut), konfinamenduarekin, edo gabe, edo zera, berdin izaten jarraitzen duela.

LAIA. Ba noski lagunekin egon, ondo pasa, nahiz eta ez parrandak egon, ba eguneko planak egin eta.....

JON. Imajinatu behar degu (dugu) hemendik 20 egunetara nola egongo geran (garen). Ez dakit erantzuten. Ez zait okurritzen (bururatzen) gauza oso desberdinak gertatuko zaizkigunik guri. Gazteenei seguraski bai, alde handia.

A2
2020-06-12
22228469
00:04:24
1432