Selma Lagerlöf, Literaturako Nobel saria irabazi zuen lehen emakumea

Apirilaren 23an Liburuaren Munduko Eguna dela eta, idazle bati buruz arituko gara: Selma Lagerlöf. Irakasle gisa lan egin zuen literaturak bizitzeko adina eman zion arte. Emakumea eta feminista izateagatik, hainbat aldiz ez zuten aukeratu, baina azkenean 1909an Literaturako Nobel saria irabazi zuen.

Selma Otiliana Lovisa Lagerlöf Suediako Marbacka herrian jaio zen, 1858ko azaroaren 20an. Ez zuen kirolerako afiziorik, agian, jaiotzatik aldakan arazoak izan zituelako. Ondorioz, beste zaletasun batzuk garatu zituen, irakurtzea, adibidez. Eta oso gazte irakurri zituen zenbait idazle ezagun: Dumas, Andersen, Scott.... Era berean, amonak ipuin asko kontatzen zizkion, eta ipuin kontaketaren tradizioak eragin handia izan zuen bere literaturan.

Selma Lagerlöf 1906an. Argazkia: Blomberg (CC0)

Irakasle eta idazle

Familia onekoa zen, baina urteak pasa ahala ondasunak galdu zituzten aitak alkoholarekin zituen arazoen ondorioz. Hura hil zenean, hark utzitako zorrei aurre egiteko, etxea saldu behar izan zuten eta familia sakabanatu egin zen. Selma Landskrona herrira joan zen bizitzera eta irakasle hasi zen lanean. Garaiko gizartea ezagutu zuen: pobrezia eta emakumearen diskriminazioa. Horrek, batetik, bere idazlanetarako inspirazio moduan balio izan zion; bestetik, gizon eta emakumeen berdintasunaren aldeko lanari ekiteko.  

Giro horretan ezagutu zuen Sophie Adlesparre baroisa (Suediako mugimendu feministako ikur nagusia), eta hark konbentzitu zuen prosa lantzeko, ordura arte, batez ere poesia eta idazlan solteak egin baitzituen. Gomendioari jarraituz idatzi zituen Gösta Berlings saga (Gosta Berling-en saga) liburuaren lehen atalak. Lehiaketa batera bidali eta irabazi egin zuen. Jasotako sariarekin eta baroisak eman zion diruarekin irakaskuntza utzi eta erabat dedikatu zen idaztera.  

Nils Holgersson-en ipuinaren inguruko monumentua.

Inguruko errealitatearen kontakizunak

Selmaren lanek norbanakoen istorioak kontatzen dituzte, eguneroko bizitzari buruzkoak dira. Bikain kontatzen zuen inguruan gertatzen zena, eta errealitate horien inguruan eraikitzen zituen bere fikziozko pertsonaiak. Literaturan aurrera egin zuen eta baita arrakasta lortu ere. Eta aldi berean, emakumeen eskubideen alde gogor aritu zen. Horren ondorioz, oztopo ugari aurkitu zituen Literaturako Nobel saria eskuratzeko bidean. Emakume izatea nahikoa ez, eta gainera, ekintzaile feminista eta sufragista zen. Akademiako epaimahaikide batzuentzat onartezina zen hori, sari horiek gizonentzat bakarrik zirela pentsatzen baitzuten. Hala, bost aldiz geratu zen lortzeko bidean, 1909an bere lanaren balioa aurreiritzien gainetik jarri zen arte. Aurretik beste bi emakumek bakarrik irabazi zuten Nobel saria: Marie Curiek Fisikakoa (1901) eta Bertha von Sutnerrek Bakearen Nobel saria (1905).  

Saria emateko garaian Selmaren irudimen zorrotza aipatu zuten epaimahaiko kideek. Gösta Berlings saga, Jerusalem eta Nils Holgerssons underbara (Nils Holgerssonen bidaia miresgarriak) lanak aipatu zituzten, besteak beste. Azken hori eta Kristuslegender (Jesusen Kondairak) euskarara ekarrita daude.  

 
Lagerlöf 1928ko irudi batean.

Naziengandik ihes egiten laguntzen

Idaztearekin batera, bizitza osoan egin zuen bezala, azken urteetan ere behar zutenei laguntzen aritu zen. Horrela, naziengandik ihes egiten lagundu zien hainbat idazle eta pentsalariri. Horien artean dago Nelly Sachs poeta alemaniarra. Selmak eginiko bitartekari-lanari esker ihes egin zuten Sachsek eta bere amak Alemaniatik Suediara. Selmak, ordea, ez zuen inoiz jakin bere bitartekaritzak emaitzarik eman ote zuen, izan ere, 1940ko martxoaren 16an, aipatutako bi emakumeak Suediara iritsi aurretik hil zen, 81 urterekin. Marbackan hil zen, jaiotetxean, diru-sarrera nahikoak izan zituenean berriz erosi baitzuen familiaren etxea.

Sachesek Literaturako Nobel saria jaso zuen 1966an. Ekitaldian Selma Lagerlöf goraipatu zuen eta eskerrak eman zizkion egindakoagatik.   

 


B1
2020-04-21
21877198
488