Shirín Ebadí, kikiltzen ez den Nobel Saria

Shirín Ebadí Bakearen azken Nobel sariduna da, sari hori lortu duen lehen emakume musulmana. Irandarra da, Teherango Unibertsitateko irakaslea lanbidez, eta epaile ohi. Emakumeen giza eskubideak aldarrikatu ditu islamaren aurrean, eta horregatik saria. Besteak beste

Pertsiako Sha Reza Pahlevi zegoen agintean Shirín Ebadí lehen emakume epaile bihurtu zenean. 1974a zen. Pozgarria izan behar zuena tristura, amorru, etsipen bilakatu ziren handik sei urtera. Izan ere, agintari berriek emakumeei epaile izatea debekatu baitzieten, 'irrazionalegiak' omen zirelako andrazkoak, eraman errazak, moldagarriak oso epaia ematerakoan.

Ezin egonak eraginda, giza eskubideak eta batez ere haurren eskubideak defenditzen hasiko da sasoi horretan. Aldarrikapen ugari egingo ditu, esaterako, aita, edo aitaren sendia, ez dela haurraren jabe 'oihukatuko' du eta 1988an haurrak gizabanako direla argitaratuko. Honelako eta beste hainbat salaketa bideratzeko asmoz emakume honek Irango Haurren Defentsarako Elkartea sortu zuen: besteak beste, nesken adin penala 8 urtetik 13 urtera igotzea lortu zuen; gurasoak banatuz gero, zazpi urte bitarteko haurren zaintza amak izatea beti (ordura arte, bi urtetik gorako semeen eta zazpi urtetik gorako alaben zaintza aitak jasotzen baitzuen); ezkontzeko gutxieneko adina 13 urte dira, garai batean 9 urtekoa zena.

 

Abokatuen elkarte berezia

Matxismoa gaixotasuntzat dauka Ebadík, hemofiliaren pareko. Hemofilia amak pasatzen dio haurrari, nahiz amak berak nozitu ez, eta matxismoarekin antzeko zerbait gertatzen dela dio. Ebadík etxean ikasi omen zuen sexuen arteko berdintasuna: aitak diru-kopuru bera ematen zieten semeari eta alabei gastatzeko. Ayatola guztiak ere ez omen dira berdinak emakumeen eskubideei dagokienez: batzuek sutsu diote emakumea ezin dela etxetik irten gizonaren baimenik gabe, baina beste ayatola batzuek, ordea, zera omen diote, velayate fagí titulua ere lor dezaketela emakumeek, hots, buruzagi goren izan. Emakumeak epaile izateko debekua, berriz, 1991n kendu zuten, amore eman behar izan zuen aginteak. Eta agintearen aurrean nork bere burua defenditzea inon lan erraza ez denez, Ebadík berak abokatu-elkarte bat sortu du ideia politikoengatik epaitu nahi dituzten irandarrak doarik defendatzeko. Hemendik urte batzuetara, agian, amaren bidea segituko du Ebadíren Nargis alabak, zuzenbide-ikasketak egiten ari baita.

 

2000. urtean kartzelan egon zen
Sharín Ebadík 22 egun eman zituen espetxean 2000. urtean. Irten, eta egin zuen lehen aldarrikapena preso politikoak askatzekoa izan zen. Dena den, ez du onartzen irandarren giza eskubideen defentsan kanpoko herriek muturra sartzerik. Irandarrek eurek, bere kabuz, egin beharreko lana dela uste du. Hari horri jarraiki, nazioarteko arazoak konpontzeko bidean gerra baztertzen du.


B1
2004-09-09
16282931
2370