detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Damasko, hiri arabiar liluragarriena

Kairoren baimenarekin, Damasko da hiri arabiar liluragarriena. Arabiar historian, kulturan oso garrantzizkoa da, Omeya Kaliferriaren hiriburu izan zen sasoitik (660-750 urteak); hau da, Islama ia munduaren erdian hedatua zegoen garaitik, Arabian Mahomak sortu eta gutxira, alegia.

Handitasun horren arrasto nabarmenak ditugu. Handiena, jakina, Omeya Meskita. Al Azhar (Kairo) agian garrantzitsuagoa da erlijioari begira, baina Omeya gehiago da tamainaren eta dekorazioaren aldetik.

Omeya Meskita egiteko mila langile behar izan ziren hamar urtean zehar. Urte horietan bildutako zerga guztiak erabili zituen meskita egitea agindu zuenak, Al Wallid kalifak. Zein ederra izan zen irudikatzeko, erdiko patioko mosaikoak ikusi besterik ez dago, eta otoitzerako aretoko sabaia, futbol-zelai bat bezain handia.

Oinutsik ikusi behar da. Emakumeek sarreran ematen dieten kapa txanodun bat jantzi behar dute, eta gizonezkoek ere bai, galtza motzetan edo besorik gabeko kamisetarekin badoaz. Arabiar herrietako meskita askotan ez bezala, hemen barruan argazkiak atera daitezke; hori du ona.

Omeya Meskitak ondoan dauka Salahudin El Ayubi mausoleoa. Salahudin El Ayubi (Saladino) Gurutzaden garaian kristauen aurkako musulmanen buruzagi handia izan zen eta arabiarrek heroitzat daukate.

Islameko xii adarra sortu zutenak Alí eta Hussein aita-semeak izan ziren, eta semearen kaskezurra dago Omeya Meskitan. Mahoma hil eta gero arabiarrek izandako gerra zibilean hil zituzten biak. Husseinen mausoleoa ezinbesteko erromes-tokia da Iran, Irak eta Libanoko xiientzat. Meskita beti dago beteta, emakumeak gorputz guztia estaltzen eta aurpegia bakarrik agerian uzten dien chador izeneko tunika beltza jantzita; eta gizonezkoak otoitzean eta negar-zotinka Husseinen martirioa gogoratuz. Xiiek Damaskon badute beste erromes-toki bat: Sayyida Ruqayya mausoleoa. Husseinen alabetako bat izan zen Sayyida Ruqayya.

Husseinen mausoleoaz gain badu beste bitxikeria bat Omeya Meskitak, San Juan Bataiatzailearen burua gordeta duen kapera. Nahiz eta kristaua izan, musulmanek biziki gurtzen dute. Haiek Yahia deitzen diote, eta Mahomaren aurreko profeta handitzat daukate.

Islama azaldu baino bost mende lehenago, Damaskok zerikusi nabarmena izan zuen kristautasuna garatzeko orduan. Izan ere, San Paulo erromatarren militarra zen eta, Damaskora lehen kristauak zigortzera zihoanean, zalditik erori eta fede berrira bihurtu zen. Hiri Zaharrak auzo kristaua du, hainbat monumenturekin, adibidez San Ananias eliza, San Paulo bataiatu zuen profetari eskainitakoa.

Damaskon bazter guztiek dute historia-usaina. Erromatarren Erresumako probintziarik aberatsenetakoa izan zen Siria, eta garai hartako erromatar aztarna arkeologiko garrantzitsuak ditu oraindik herrialde honek; Palmirakoak dira hobekien iraun dutenak. Omeya Meskita bera ere erromatar garaiko Jupiterren Tenpluko zimenduen gainean dago eraikita.

Historia, monumentuak… Horrezaz aparte, kaleko bizitzak egiten du berezi Damasko. Ñabardura askoko azokak ditu kolore guztietako oihalekin, edo espezien usain-festarekin… Kafetegietan, ur-pipen kearen artean, denbora lasai-lasai igarotzen da. Eta barrualdera eramaten duten patio atseginetako jatetxeetan beti entzuten da iturriren baten ur-hotsa.

Kale Zuzena da erosteko lekurik gustagarrienetakoa. Bide Zuzena deitzen zioten erromatarrek, hiri zaharreko bi ateak, sortaldekoa eta sartaldekoa, zuzen-zuzen lotzen zituelako. Artisau-denda ugari daude; erosoagoa da bertan erostea hurbileko Al Hamidiya zokoan baino. Hau beti dago jendez gainezka eta ezin da pausorik eman. Hala ere, sartu beharra dago zoko honetan eta jendartean estu-estu eginda mugitu, Damaskoren benetako giroa sumatzeko.  

Hainbeste jenderekin larritzen bazara, hartu taxia eta zoaz Qasiun mendira (1.200 m.) Behatoki aparta eskaintzen dizu zure oinetara Damaskoko hiri guztia ikusteko. Damaskotarrei izugarri gustatzen zaie ilunabarrean igotzea, eta, oso abegitsuak direnez, baietz mokadu bat hartzera gonbidatu!


detalle2

Dokuteka

B1
2012-10-01

x61pRelaContWAR

  • Torquemada, Jesús
16362134

x61pViewCountWAR

7726

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR