Aldizkari Digitala
Bakartxo Tejeria: "Kontziliazioa borondate kontua da"
Bakartxo Tejeria (Donostia, 1971) Eusko Legebiltzarreko presidentea da. Kargu hori eta haurren zaintza bateratzen ditu, nahiz eta, bere aburuz, politikariak kontziliazio-kontuetan eredugarri ez diren. Kontziliazioa zentzu zabalean ulertzen du.
Berak dioenez, lana aisia-jarduerekin ere uztartu behar da. Legeak beharrezkoak direla uste du, baina kontziliazioa borondate-kontua da Tejeriaren ustez. Kontziliazioa gauzatzeko, ordutegien aldaketa abiapuntu ona izan daiteke.
Nola ulertzen duzu kontziliazioa?
Lan egiteaz gain, gure familiarekin egon ahal izatea da kontziliazioa. Baina familia esanahi zabalean hartuta, ez haurrak bakarrik. Gurasoek gero eta behar gehiago dituzte. Haiek zaintzeko ahalmena edukitzea eta gai izatea da kontziliazioa. Horrez gain, kontziliazioa ulertu behar da norbere gauzak egin ahal izateko aukera bezala. Batzuentzat erosketak egitera joatea izango da, beste batzuentzat igeriketa edo kirola egitera joatea; edo telebista ikusi ahal izatea.
Bi umeren ama eta Eusko Legebiltzarreko lehendakaria zara. Biak dira ardura handiko postuak. Zure kasuan, nolakoa da bateratzea edo kontziliazioa?
Zaila da, baina ez niretzat bakarrik. Gainditzeke ditugun ikasgai horietako bat da. Ni Eusko Legebiltzarreko presidentea naiz; baina, adibidez, ile-apaindegi bateko langileak ere ordu-mordoa ematen du lanean. Niretzat ez da erraza. Nire amak zaindu ninduen ni, baina nire umeak nire amak zaintzen ditu. Ni hainbat kargutan izan naiz. Alkate izan nintzenean, askoz zailagoa zen: egunero ordutegirik gabe. Justu orduan haur bat eduki nuen, eta bestea zinegotzia nintzenean. Orduan bajarik ez zegoen, hamabost egun eta gero, lanean berriro hasi behar izan nuen. Hala ere, memento guztiak ez dira berdinak. Egunero joaten naiz Donostiatik Gasteizera. Baina batzuetan arratsaldean etxera itzultzeko aukera gehiago daukat, eta nire umeekin ikastolako lanak egiten ditut. Beste egun batzuetan ez naiz ezertara iristen, Legebiltzarretik kanpoko ekitaldiak dauzkagulako. Normalean, horrelako ekitaldiak 20:30etik aurrera jartzen dituzte. Egun batean ekitaldi bat izan daiteke, baina hurrengo egunean beste bat. Gerta daiteke aste batean hiru izatea. Askotan, asteburuak ere ez dira lasaiak izaten. Aste batzuk oso txarrak izaten dira.
Bakartxo Tejeriak eta Eusko Legebiltzarreko presidenteak berdin ulertzen al dute kontziliazioa?
Bai, baina ez naiz eredugarria. Gauza bat da alor honetan pentsatzen dudana, eta beste gauza bat egiten dudana. Kontziliazioa denon artean egin beharreko zerbait da, bakoitzak egin dezakeena gutxi delako. Nik garbi daukat zer den kontziliazioa, baina egia da presidente gisa ez dudala hori betetzen. Beraz, halako kontraesan bat badaukat.
Eusko Legebiltzarraren webgunera sartu, eta bere bilatzailean 'kontziliazio' hitza bilatu dugu. Sistemak erantzun du: “Zure bilaketak ez du emaitzarik lortu”.
Parlamentuak ere bere bilakaera izan du, eta nik uste dut ona izan dela. Gure jarduteko modua ere berezia da, ez da enpresa pribatu batekoa. Osoko batzarrak eta batzordeak bereizi behar dira. Guk batzarretan hainbat gai sartzen ditugu, eta batzarra noiz hasten den badakigu, baina noiz bukatuko den ez. Batzuetan eguerdian bukatzen dugu, baina besteetan han gaude arratsaldeko zazpietan. Nik hori horrela ezagutu dut. Batzordeei dagokienez, hoberako bilakaera egon da. Batzordeak jartzen diren orduak ere zeresana du. Arratsaldeko bostetan jarriz gero, jakin badakigu bertan egongo garela arratsaldeko zortziak arte. Goizetan jartzea da joera, edo bazkaldu eta segituan jartzea. Nik dakidanez, gehien iraun zuen batzordeak goizeko hirurak arte iraun zuen. Baina gauza horiek ez dira maiz gertatzen.
Adibide ona al dira politikariak kontziliazio-kontuetan?
Ez. Politikariek bere kargu publikoaren lanak dauzkate, eta alderdi barruko lanak ere izaten dituzte. Nik goiz buka dezaket lana; baina agian alderdiko bilera daukat gero, eta horiek bai dira luzeak! Hainbat udaletan udal batzak goizetan izaten dira, baina jende hori liberatuta dago, parlamentuan bezala. Udal txiki batean, normalean, kanpoan lan egiten duten pertsonak daude. Bere enpresetan lan egiten dute, eta, horrez gain, udal batzarretara joaten dira. Alkate nintzenean, nik banekien pertsona horiei ez niela onik egiten batzarra bostetan jartzen banuen. Orduan, lana bukatu eta gero jartzen dira batzarrak. Beraz, beste bi ordu eskaintzen dizkiote herriari, eta familiarekin egoteko ordu horietan huts egiten dute. Politikariak ez dira eredurik onena, baina ez dakit irtenbidea zein den.
Bakartxo Tejeriak Gipuzko Buru Batzarraren egoitzan. Eusko Legebiltzarrean ez ezik, EAJ alderdiaren barruan ere lan egiten du. (Argazkia: Mikel Goñi).
Zer egin du Legebiltzarrak bere langileei eta kontziliazioari dagokienez?
Legebiltzarrean langileak daude alde batetik, eta parlamentariak beste batetik. Langile gehienak funtzionarioak dira, eta ordutegi zehatza daukate. Lana amaitzen denean, amaitu egin da. Nik uste dut kontziliaziorako tartea gelditzen dela. Legebiltzarkideek ez daukate ordutegirik, eta hemen dauden aholkulariek ere ez. Gainera, ezin dira bi batzorde batera egin, eta bi orduko aldea egon behar du bataren eta bestearen artean. Baina egia da neurriak hartu direla, bereziki, langileei zuzenduta, ordutegi gutxituak eta aukera horiek. Kargu publikoei dagokigunez, orain dela urte batzuk lortu dugu amatasun-baja edukitzea. Haurra eduki eta hamabost egunera joan nintzen batzarrera. Batzar bat zegoen, eta inork ezin zuen bozkatu nire ordez. Gero, amatasun-baja lortu zen. Parlamentarioa ez doa legebiltzarrera eta kide batek bozkatzen du bere ordez.
Lege hutsen bidez lortuko al da kontziliazioa?
Ez. Legeak egon badaude, eta planak badaude: enplegu-planak, berdintasun-planak... Paperak dena aguantatzen du, baina kontziliazioa borondate-kontua da. Esan behar da: “kontziliatu egin behar dugu”. Eta ez emakumeek bakarrik, gizonek ere nahi izan behar dute. Gizonek esan behar dute: “neuk ere umeekin egon nahi dut...” Eta ez jaiotzen direnean bakarrik, kontziliazioa oso luzerako da. Ez da gauza puntual bat. Haurrek hor jarraitzen dute, familian ezgaitu bat egon daiteke, edo kirola egiteko beharra-edo... zerbait zabalagoa izan behar du. Lana beste gauza batzuekin uztartzea da. Borondatea eduki behar da, eta nork bere muga jartzen jakin behar du. Administrazioan erraza da, ordutegi bat badago sartzeko eta ateratzeko, baina enpresa pribatu batean oso zaila da. Azkenean, nagusiak markatzen du politika, ezta? Hau ordutegien arrazionalizazioarekin lotuta dago. Badirudi ordu-pila bat sartzean lan gehiago egiten dugula, eta hori ez da egia. Produktibo izan behar dugu, ez orduak pasatu, ezta? Hobe da denbora gutxiago egotea eta lan gehiago egitea.
Beraz, kontziliazioa ez da emakumearen eta ordutegiaren arteko kontua.
Emakumeak egin du lanerako bidea, eta orain gizonak egin behar du atzerako bidea. "Corresponsabilidad", hau da, elkarlana elkarrekin. Hori dena falta da. Hori dena lege batean jartzea badago, baina hori ez badugu betetzen, eremu pribatuan gertatzen da. Enpresetan berdin gertatzen da. Emakumeak ailegatu gara zuzendaritzara. Geroz eta emakumezko nagusi gehiago gaude, baina ez dakit sentsibilitate hori aplikatzen ari garen. Denen laguntza behar dugu lortu duguna ez galtzeko. Baina denok, zuzendaritzetan gaudenok ere, txipa aldatu behar dugu. Nagusia lanean baldin badago, langileak ere hor daude.
Zein neurritan ikusten dituzu lotuta kontziliazioa eta berdintasuna?
Kontziliazioa eta berdintasuna... Berdintasuna balego, kontziliazioa errazagoa izango litzateke, ez? Osea bat bestearekin doana da, azken batean, ehh, eboluzio bat, bilakaera bat izan da zentzu horretan ere bai, ez? Ze azkenean eh... eta denbora gutxian... eta horregatik bada beno, beti joango da hobetzen, baina eh... gure kasuan, gure esperientziatik, ez? Bada beno, gu... gure ama zen zaintzen gintuena, ze ama zegoen, bazegoen garai hartan kanpoan eta etxean lan egiten zuena, baina gehienbat amak egiten zuen, eta kanpoan lan egiten zuenak, kanpoan eta etxean egiten zuten. Gaur egun, ehh... amak garai hartan, bada beno amak zaintzen gintuen. Amak egiten zituen etxeko... beno horrelakoa zen dena, baina poliki-poliki aldatzen joan da. Etorri gara gu. Gu lanera atera gara, gure aurrekoak ere bai. Baina, lana gehi etxea, lana gehi umeak, lana gehi erosketak, lana... beno... Bada hori ere aldatzen dihoa, zeren da lana gehi, zuk lana senarrak ere bai, beno parejak ere bai, baina biok etxea... zuk ere etxeko lanak, nik ere etxeko lanak, umeak zureak dira, umeak nireak dira. Umeak ikastolara eramaten dituzu, bai nik ere, ba nik gaur ezin dut... osea... orduan berdintasun horretan, ez? Berdinak gara. Orduan berdinak bagara eskubideetan, berdinak gara baita obligazioetan. Erraztu egiten du kontziliazioa. Bada, gaur ezingo dut nik, baina eske bihar zuk ezingo duzu, ez? Ez du esan nahi biok al cincuenta por cien egin behar dugunik dena, ze.. ez da posible. Baina, beno bada nik gaur ahal dut, baina bihar zuk, ez? Bueno ba zu egiten baduzu bihar nik beste zerbait egin dezaket, eta berdintasun horrek, nik uste errazten duela kontziliazioa. Ze ez du balio zuk lana egin, zuk umea zaindu, ah baina nik denbora daukat beste gauza batzuk egiteko, eta nik noiz daukat denbora hori? Nik ere behar dut denbora hori, ez? Orduan, zu, biok berdinak baldin bagara. Ulertzen bagara berdinak... biok gaude lanean, eta dauzkagun etxeko lan mordo horiek bionak dira. Orduan korrespontsabilitate esaten den hori. Baina hori ere borondatearekin sortu egin behar da, jaio egin behar du, ez? Orduan nik uste dut berdintasunak kontziliazioa erraztu egiten duela.
Interesatzen zaizu
Dokuteka
-
Mikel Goñi (Maramara Taldea)
