detalle-dokuteka-Revista-Nabarmena

Ama eta aita, zenbat urte zenituzten jaio nintzenean?

Ume garenean, gurasoei askotan galdetzen diegu zenbat urte dituzten. Gainera, haien adina erreferentziatzat hartzen dugu, eta heldu ikusten dugun gainerako jendeak adin bera duela uste izaten dugu: beste gurasoek, izeba-osabek, andereñoak, baita udalekuetako begiraleek ere.

Guretzat, denek gure gurasoen adin bera dute. Koskorrago garenean, berriz, kezkak aldatzen doaz. “Ama, zenbat urte zenituen jaio nintzenean? Eta aitak anaia zaharrena jaio zenean?” edo “Ama, amonak zenbat urte zituen zu jaio zinenean?” izaten dira galderetako batzuk. “Nik 25 urte nituen zu jaio zinenean”, “Amona gaztea zen, 22 urte”, “Zure anaia jaio zenean, aitak 27 urte zituen”. Horrelakoak entzuten dira. Izan ere, haur garenean erreferentziak nahi izaten ditugu, gero guk ere adin berarekin haurrak izateko.

Gaur egun egoera aldatzen ari da. Gure birramonen eta birraitonen garaian, oso gazteak ziren lehen haurrak izatean, ezkondu eta berehala. Ia gehienak 19-20 urte inguruan hasi eta 40 urte bitartera arte haur asko izaten zituzten. Gure aitona-amonen aroan, berriz, normalena lehendabiziko haurra 22-25 urte inguruan izatea zen. Aurrekoak baino helduagoak ziren, eta gure ama gehienek 25 urtetik gora zituzten lehen aldiz haurdun geratu zirenean.

Belaunaldiz belaunaldi bizimodua aldatzen joan da, eta garaian garaiko egoerara egokitzen. Gaur egungo baldintzek ez dute gure birraitona eta birramonen garaikoen batere antzik, ezta duela 20 urteko egoerarena ere. Eustat-eko datuen arabera, azken 10 urteetan asko handitu da 35 urtetik gora lehen semea edo alaba izaten duten emakumeen kopurua.

Izaskun Zubizarreta Elizondoko eta Lesakako emagina da. 1996az geroztik dabil emagin-lanetan. Hasiera batean, erditzeetan lan egin zuen, baina azken 10 urteetan emakumeen aholkulari hurbila da bi herri horietako anbulatorioetan. Sexualitatean, haurdunaldian eta edoskitze-prozesuan aritzen da emakumeekin harremanean. “Nik ere aldaketa sumatu dut. 20 urteotan, pixkanaka-pixkanaka 30 urtetik gora doa lehen aldiz haurdun geratzen direnen adinaren media. Lanean hasi nintzenean, 27 urteko gehiago zeuden, gero 30era pasatu zen eta azken urteetan 35era igo da adin-tartea. Joera gorantz doa”.


Izaskunek duela 19 urte hasi zuen emagin lana.

Hirien eta herrien artean ere desberdintasunak nabaritzen direla esan digu Izaskunek: “Herri-giroan egiten dut nik lan eta hiriko egoeratik zertxobait aldentzen dela uste dut. Hala ere, egia da, hona ere gero eta jende helduagoa etortzen da”. Herri horietan jendeak bizimodu ezberdina izaten duela azaldu digu: “Esaterako, jende gutxiagok egiten ditu ikasketa luzeak, lanean ere lehenago hasten dira, etxebizitza eskuratzeko erraztasun gehiago izan ditzakete, lan egiteko aukera ostalaritzan edota landetxeetan... Hori dela eta, ama izateko hautua gazteago egiten dute”, zehaztu digu Izaskunek.

Ikasketek eta lan-mundura sartzeko zailtasunek eragin zuzena dutela adinean garbi du Izaskunek: “Amen adinak ikasketekin zerikusi handia duela uste dut. Ikasketek asko atzeratzen dute ama izateko momentua. Landa-inguruetako herri txikietan, agian, jendeak ez du hainbeste denbora ikaste formalean igarotzen; orduan, lanean lehenago hasten da eta ez du 40 urte izan arte itxaron behar”, zehaztu digu.

Baina ideia ona ote da amen adina atzeratzea? Izaskunek zera esan digu: “Gizakiaren ikuspegi biologikotik, ez zait ideia ona iruditzen, adin biologikorik onena 20 urte baita, baina norberak ikusi behar du zein den momenturik egokiena. 20 urterekin ikasten ari baldin bagara, hemendik kanpo eta bikoterik gabe, ez da momenturik onena. 35 urterekin, aldiz, lanean bagaude, bikotekidea badugu eta bizi-estiloan haur bat uztartzeko aukera ikusten badugu, orduan aurrera. Hori da momenturik onena haurra izateko”. Baina, era berean, 35 urtetik gora izanez gero, kontuan hartu behar da zailtasun gehiago daudela haurdun geratzeko, eta haurrak arazoak izateko aukera ere areagotu egiten dela gogorarazi digu Izaskunek: “Adinean aurrera, zailtasun gehiago daude eta adin horietan agian haurrik ezin dugula izan pentsatu beharra dugu”.

Finlandian eta Suedian, esaterako, egoera oso bestelakoa da. Herrialde horietan estatuak diru-laguntza handiak ematen ditu, eta horrela ikasten edota lanik egin gabe jarrai dezakete haurra izaten duten bitartean. Hori azpimarratu digu Izaskunek: “Finlandian eta Suedian, gizartean laguntza asko daude haurrak izateko. Horrek zer egiten du? Laguntza asko daudenez gero, emakumeek gazte izaten dituzte umeak eta ikasten jarraitu dezakete. Amak egon daitezen inbertitzen du estatuak dirua. Eta hori ere garrantzitsua da. Gizartean laguntzak baldin badaude, jendea gazteago anima daiteke. Baina, tamalez, hori ez da gure kasua”.

Eta hori guztia jakinda, noiz izan ama? Izaskunek gomendio garrantzitsua eman digu: “Ez izan ama adinean “tokatzen” zaigulako, agian ez da momentua izango eta. Haurra izatea ez da autoa erostea bezala, nekatzen garenean saldu dezakeguna. Jakitun izan behar da haurra izateak zer ardura duen. Ama izatea betiko da, arduradun eta kontziente izan behar dugu hortaz. Beraz, bakoitzaren momentu onena bilatu behar da, baina ama izateko gaitasuna betiko ez dela ere kontuan hartuta”.
 


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Lan egiten dut herrietako jendearekin eta denetarik dago, jende gaztea dago jende heldua dago. Bai da joera, nik hemen daramat 10 urte, gutxi gorabehera, 10 urte hauetan joera pixkanaka-pixkanaka bai izan da goratzea adina. Baina bai bereiziko nuke, herrietan emakumeak noiz erabakitzen duten ama izate hori edo hirietan.

Aber, norberak ikusi behar du hori, norberak bere bizi moduan, bizi estiloan, hor egokitzen bada, primeran iruditzen zait. Argi eduki behar duena bai, adinarekin zailtasun gehiago eduki ditzakegu, bai haurdunaldian arazo gehiago, haurdun gelditzeko arazo gehiago. Hori bai hartu behar dugu kontutan. Baina horregatik ere ez dugu aurreratuko. Nahi dut esan, igual 20 urterekin 25 urterekin bizimoduan ume bat ez da sartzen. Horregatikan, ideia ona edo ideia txarra? Nik uste dut norberak egokitu behar duela bere egoera noiz den egokiena ume bat edukitzeko. Eta ez da erraza.

Gero beste gauza bat ere, gizarteak ez du laguntzen. Joaten bagara Finlandia, Suezia… hor gizartean laguntza asko daude. Horrek zer egiten du? Nola laguntza asko dauden, emakumeak gazte izaten dituzte umeak zeren jarraitu dezakete ikasten. Ume bat dutenean laguntza asko dituzte, orduan bere denbora haurren heziketan, nahi dut esan nola estatuak dirua ematen dien, hortan inbertitzen dute. Ulertzen? Ama izatean. Eta hori ere garrantzitsua da, gizartean laguntzak baldin badaude jendea gazteago animatu daiteke, baina ez da gure kasua.
 

detalle2

Dokuteka

B2
2015-03-03

x61pRelaContWAR

  • Zinea Sortzen
16266806

x61pViewCountWAR

10450

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR