Kazetari bihurtu gara denok?

Gertaeren berri emateko sortu zen kazetaritza-lana. Munduko gertaera nagusien inguruko berriak jaso, landu eta zabaltzea da profesio honen helburua.

XVII. mendearen amaieraz geroztik, paperezko egunkaria izan da notizia zabaltzeko modua, baina, poliki-poliki, teknologia aldatzen ari da, eta beste baliabideak garatzen doaz. Notizia-kopurua handitzen joan da eta baita horien transmisioaren abiadura ere. Egunkariak, aldizkariak, irratiak, telebistak… eta, XXI. mendean, Internet da berriak jasotzeko modurik erabiliena.
Informazioa geroz eta azkarrago heltzen zaigu, geroz eta informazio eta datu gehiago gertatutakoaren inguruan. Bertan den edonork du notizia hori zabaltzeko gailu eta bidea. Zenbat eta informazio gehiago izan, orduan eta informatuago gaudela iruditzen zaigu, baina, hainbeste informazio izanda, nola aukeratzen dugu zer sinetsi eta zer ez? Informazio-kopurua nahikoa da gertaerez gehiago jakiteko?

Zuriñek Gasteizko hainbat mediotan lan egiten du.

Zuriñe Etxeberria kazetari gasteiztarra da. Komunikazio-ikasketak bukatu eta ordutik prentsa idatzian jardun du lanean. Duela hiru urtetik, Gasteizko GEU euskara elkartean dabil. Elkarteak hainbat proiektu kudeatzen ditu, eta Etxeberria Mintzalaguna egitasmoaz eta Hirinet FM irratsaioaz arduratzen da. Radio Vitorian ere ordubeteko irratsaioa ekoizten du astero. Pil-pileko gaiak, elkarrizketak, euskararen agenda, atzerrian dauden gasteiztarrekin solasaldiak... gai asko lantzen dituzte. Berarekin aritu gara gaur egungo informazioaren mundua nola dagoen aztertzeko.
Historien bozgorailu eta gertaeren kontalaritzat du Zuriñek bere burua: “Kazetariok historien bozgorailu gara. Gertatutakoa kontatzen lagundu behar dugu, lekukotasun hori lau haizetara zabaltzeko. Gertatutakoari ahotsa eman behar diogu, OFF-eko ahotsa esango nuke nik”, azaldu digu.
Gertaerak euskaraz kontatzen ditu Zuriñek, euskarazko medioetan lan egiten duelako. Euskaraz lan egiteak zenbait lekutan zaildu egiten du lana. Leku horietako bat da Gasteiz: “Testuak itzultzen egiten dugu gure denbora gehiena. Hala ere, gauzak hobetzen doazela esango nuke. Adibidez, udaletxean gobernu aldaketa eman zenetik, prentsa-oharrak euskaraz zein gaztelaniaz jasotzen ditugu. Orain gutxi hori pentsaezina zen!”, esan digu Etxeberriak.

GEU euskara elkarteak ALEA aldizkaria sortu du.

Prentsa oharren bitartez zabaldu da berria urte askotan. Prentsaurreko ekintzetan, kazetariak informazioa bildu eta galderak egiteko aukera izaten du, baina, azken urteetan, prentsa-agerraldi horietara joan eta informazioa eman besterik ez dute egiten. Galderarik gabeko prentsa-agerraldiak gero eta gehiago direla agertu digu Zuriñek, eta horiek ez diotela mesederik egiten eman beharreko informazioari: “Galderak egiteko eskubidea lapurtzen ari zaizkigu kazetarioi”, salatu du.
Gaur egun, gertaera edonon dela ere, kaleko jendeak lau haizetara zabaltzen du momentuan gertatutakoa. Baina edonor izan al daiteke kazetari? “Edozein motatako gatazketan beti egon ohi dira bi bertsio, bi kontakizun, bi ahots... kazetariak bi ahots horiek jaso behar ditu. Gerora, irakurleak edota entzuleak zeinekin geratu aukeratzeko. Kalean dagoen baten kontakizunak bere ikuspuntua besterik ez du izango”, zehaztu digu gure solaskideak.


Testigantza mordoa zabaltzen da sare sozialen bidez.
“Kazetariez gain, edonor izan daiteke gaur egun informatzailea. Sare sozialekin aldaketa handia etorri da. Sare sozialak informazio-iturritzat hartzen dira askotan eta horretan edonor izan daiteke informatzailea, noski. Gainera, albistea gertatu den tokitik bertatik informatu dezake edonork, argazki bat atera eta zabaldu. Oso erraza da”.
Komunikazio-bide berriei eta egungo gailu teknologikoei esker asko erraztu da kazetarien lana. “Lehen, prentsaurreko batera joan eta erredakziora heldu arte ezin genuen notizien berri eman. Lehenago egin nahi izanez gero, telefonoz erredakziora deitu behar genuen, lankide bati kontatu eta berak Interneten idatzi. Orain, prentsa-agerraldira joan, eta, bertatik, Twitter bidez hasten gara informazioa zabaltzen. Gaur egun denbora gutxi galtzen da albistea aireratzen.

Gaur egun edonor izan daiteke informazio emaile (Egilea: Alejandro Escamilla).

Baina Zuriñek gogoratu digu sare sozialek ere badutela kontuan hartu beharreko beste alde bat: “Sare sozialak informazio-iturritzat hartzen ditugu, baina ahaztu egiten zaigu informazioa kontrastatu beharra dugula. Presaka ibiltzen garenez, hanka-sartzeak sortzen dira. Beraz, garrantzitsua da sare sozialetan informazio-jarioa oso handia dela jakitea, baina sailkatu egin behar dela gogoratu behar da. Ezin dugu sare sozialetan agertzen den guztia sinetsi”.
Eta, zuek, nondik jasotzen duzue informazioa? Konfiantza osoa duzue medio horretan? Iturri bat baino gehiagotik edaten duzue?
 


Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Zer behar da kazetari on bat izateko?
Bueno, kazetari on batek entzuten jakin behar du. Azkenean, ahotsak jasotzen ditu kazetariak eta jakin beharko luke ere aurrean daukan horrekin enpatizatzen eta, horretaz gain, beste aldean dagoenarekin ERE enpatizatu behar du, edo behintzat bere ahotsa jaso. Normalean gatazketan bi alde edo bi bertsio, bi kontakizun egoten direlako eta kazetariak horiek biak jaso eta gero entzuleak edo irakurleak aukeratuko du zeinekin geratu.


Zer zailtasun ditu Gasteizen kazetari euskalduna izateak?
Zailtasunak, bueno, batez ere, testuak itzultzen galtzen den denbora. Hala ere, esango nuke pixka bat aurrera egiten duela kontuak. Adibidez, gobernu-aldaketa egon zenetik udaletxean orain prentsa oharrak euskaraz zein gaztelerak bidaltzen dute, batzuetan ere, heldu izan dira euskarazko testu-oharrak euskaraz eta bueno, hori azkenean orain dela oso gutxi pentsaezina zen. Hala ere, oraindik badago lan handia egiteko, baina bueno, poliki- poliki.


Gailu berriak onak edo txarrak dira kazetaritzarako?

Gailu berriekin edo aplikazio berriekin, sare sozialekin-eta, erraztu da batetik igual kazetarien lana. Azkenean, askotan, Twitter bezalako sare sozialak hartzen ditugu informazio iturritzat eta bueno, lehen adibidez, joaten zinen prentsa aurreko batera eta erredakziora heldu arte ezin zenuen horren berri eman edo deitu behar zenuen telefonoz eta bertan zegoen, erredakzioan zegoen, pertsonari kontatu zer gertatu den, eta berak jartzen zuen Interneten edo, bueno, dela delakoak hasten ziren zabaltzen. Orain, adibidez, kazetari bat doa prentsa agerraldira eta bertatik, Twitterrekin, hasten da informazio hori botatzen eta, bueno, azkenean albistea lehenago-edo aireratzen da.
Aldi berean ere, bueno egia da, askotan informazio-iturritzat hartzen dugula eta ahaztu egiten zaigu hori ere kontrastatu behar dela, eta, beti presaka-eta ibiltzen garenez, sortzen dira ere hanka-sartzeak. Orduan, garrantzitsua da jakitea hor dagoela jario bat oso handia dena, baina jakin behar da hori ondo sailkatzen eta, bueno, ezin duzu ere sinistu Twitterren ikusten duzun lehendabiziko gauza.
 

B1
2015-12-03
  • Zinea Sortzen
16272581
00:02:58
6494