Molukak: Elkano, Urdaneta eta Xabierko Frantziskoren uharteak

Indonesia herrialdeak 17.500 uharte ditu, baina gehienetan ez da inor bizi. Mila inguru dira jendea daukatenak, Molukak tartean.

Indonesia herrialdeak 17.500 uharte ditu. Gutxi-asko mila uhartetan bizi da jendea: 245 milioi lagun. Beraz, munduko laugarren herrialderik jendetsuena da. Islama denez Indonesiako gehienen erlijioa, herri hau da musulman gehien duena. Hinduak, kristauak eta budistak gutxi dira.

Nonahi daude meskitak.

Hainbat uharte-multzo badira Indonesian, Molukak esate baterako. Egun ez da uharte-multzo esanguratsua, ez jendetza aldetik ez baliabide ekonomiko aldetik ere. Bestelakoak ziren kontuak orain 500 urte, bertan bazegoelako beste inon ez zegoen espezie bat: iltzea.
Espezieak ez dira ezinbestekoak gaur egun. Janariari bere ukitu berezia emateko erabil daitezke, baina gaur egun askok iltzea zer den ere ez daki. Garai haietan, ordea, hozkailurik ez zen, eta, beraz, haragia luzeago kontserbatzeko –eta hondatzen hasten bazen usain txarra disimulatzeko– era bakarra espezieak erabiltzea zen. Hortaz, iltzez betetako itsasontzi batek dirutza balio zuen.

 

Iltzea oso espezie estimatua zen garai batean.

Espainiako koroak 1519an bidaia antolatu zuen Molukak uhartetara, Magallanesko Fernando buru zutela, baina Filipinetan, hil zutenean, euskal marinel bat jarri zen buru, Juan Sebastian Elkano. Uharte horietatik Tidore izenekoa izan zen zapaldu zuten lehena, eta Victoria itsasontziko sotoa iltzez bete zuten. Itzultzean iltzea saldu, eta nahikoa diru lortu zuten bidaia bera eta bizirik gelditutako 18 marinelen soldatak ordaintzeko. 

Elkano eta beste marinelak Espainiara heldu ziren, ordura arte inoiz erabili gabeko itsasbideetan barrena. Horrela eman zioten munduari lehen itzulia. Abentura ikaragarria izan zen hura, irrati, GPS eta antzekorik gabe. Are, Lurraren tamaina zehatza ere ez zekiten. Getarian itzulera hau ospatzen dute lau urtez behin, Sanlúcar de Barramedara nola heldu ziren 1522an munduari lehen itzulia emanda, getariar ospetsua buru zutela.

Ternatetik ikusita, Tidore eta Maitara uharteak.

Elkano errespetatzen hasi ziren marinel gisara, entzutetsu izaten hasi zen. Gutxira, 1525ean, Molukak uharteetara beste espedizio bat antolatu zuen Espainiako koroak. Elkano zen orduan ere kapitain, eta abentura-gose ziren gazte askok agudo eman zuten joateko izena, tartean ikasteko grina handia zeukan Andres Urdaneta ordiziar mutiko bizkorrak.

Elkanoren espedizioak Amerikatik aurrera egin, eta Ozeano Barea zeharkatu zuen. Itsasoaren erdian hil zen Elkano, eskorbutoak jota. Espedizioko gainerakoak Tidore uhartera iritsi ziren, eta, bertan 11 urte pasatu eta gero, aurreko espedizioko arazo berdina zeukaten: ez zekiten Amerikara itzultzeko zein haize-laster harrapatu behar zuten. Beraz, aurrera egin, Indiako Ozeanoa zeharkatu eta munduari bira egin zioten berriro.

Urdanetak asko ikasi zuen espedizio horretan. Handik 30 urtera Manilatik Acapulcora, Filipinetatik Mexikora, alegia, iritsi zen espedizioa gidatu zuen. Ordura arte inork ez zuen Ozeano Barea sartaldetik sortaldera igaro.

Ternate eta Tidore lotzen dituen txalupa.

Tidore eta Ternate uharteak elkarren alboan daude, eta oso paraje politak dira. Sumendi bana nabarmentzen da uharte hauetan, Kiematubu Tidoren eta Gamalama Ternaten. Izan ere, sumendiek sortu zituzten bi uharteak. Bitxia da, baina bi sumendiek garaiera berdintsua dute, 1.700 metro-edo. Bietan aldapan gora azaltzen dira iltze-soroak, edo kaneladunak, edo banilla, edo intxaur muskatua dutenak. Ikusmira ezin ederragoa eskaintzen dute sumendietako gailurrek. Inguruetako uharteak sakabanaturik ikusten dira, urdin kolorearen gama guztiak hartzen dituen itsasoaren gainean.    

Kanela lehortzen Tidoreko herrixka batean.

Ternate zalapartatsua da. Sinestezina badirudi ere, 200.000 lagun bizi dira bertan. Meskita ugari daude, eta otoitz-orduetan muezzinei deia egiten entzuten zaie. Indonesia guztian bezalaxe, Ternaten musulmanak dira gehienak, baina Moluketatik hegoaldera, Ambon uhartean-eta, erdiak kristauak dira. Ambonen bizi izan zen Xabierko Frantzisko santu nafarra 1546an, eta Ternaten ere ibili zen.

Ternateko ikasleak.

Oso futbolzaleak dira Ternaten, Ingalaterrako eta Espainiako ligen jarraitzaile sutsuak. Erreala ezagutzen dute, Asiako beste toki batzuetan bezala “El Sociedad” esaten diote, eta Bilboko Athletika ere ezaguna dute, nahiz eta batzuetan “Bilbao” eranstea komeni den, Madrilekoarekin ez nahasteko.   

 

 

Ternateko garraiobiderik ohikoena motoa da.

Tidore lasaiagoa da, askoz ere. Ternateko kaleak motorrez beteta daude,  Tidorekoak ez bezala. Azoka ere isila da hemen. Bertan iltze-kiloa lauzpabost euroan eros daiteke. Ez dago jada urrearen prezioan, Elkanoren eta Urdanetaren sasoian bezala. Besteak beste, bi euskaldun hauek izan ziren Hegoaldeko Itsaso zoragarri haiek ikusi zituzten lehenengo europarrak.    
 


B1
2015-05-25
  • Torquemada , Jesús
16269078
8872