Axular

HABE aldizkariko 159. aleko Gaur bizi balitz... izeneko sailean argitaratu zen 1989an Axularri egindako elkarrizketa, Pello Zabalaren eskutik.

Erlauntza bati kapelatxoa apartaturik, han ziharduen Pedro Axularkoak, erleei kontu-txikiak esaten, irribarrez.

 

-Kaixo, Pedro Axular. Pedro ala Pierres?
-Pedro eman zidaten deituratzat, Urdazubiko elizan ponte santuan bataiatu nindutenean. Periko deitzen ninduten, ordea, nire haurride eta jolas-lagunek. Gerora, Sara egokitu zitzaidanean nire bizilekutarako, han nire apaizgoari zegozkion pastoral-lan eta beste trabailuak 44 urtez bete nituenean, han bai, Piarres entzuten nien gehienik bertako laborari eta baserritar saiatu eta zaildu haiei.


-Erleekin ez duzu eztenkadaren baten beldurrik.? Horrela, mahuka-hutsik, eskafandra gisako mozorrorik. gabe zabiltza?
-Ez dut batere beldurrik, lagun zaharrak baititut nik erleak. Ez naiz mozorrotzen hauengana etortzeko. Hauen kofau bakoitzeko barne zirrikituak oro ezagunak eta jakinak ditut.


-Kofaua esan duzu?
-Bai. Kofaua esaten genion erle-etxe hala moduzkoa zenari. Egun, erlauntza dotore eta politak egiten eta muntatzen dituzue, hemengo hauexen antzekoak. Baina, nire sasoi hartakoak, basa-erlauntz ziren: edo tronku (enbor) bat muinetik hustuko genuen, edo zuhaitz-azal gogor, ihar eta trinkoak zutik antolatuko, haien barruan erlea egon zedin. Ez zizuten sasoi hartako kofauek gaur egungo aurrerapen eta abantailarik..Gainetik ohol bat kapela gisara, eta aurrean behean, zoru aldera, zirrikitutxo bat, erleen tamainakoa juxtu.


-Noiztik duzu erleenganako afizioa?
-Ai, aixkidea, betidanik. Urdazubin ez zenuen baserri bat bera topatuko lau-bost erle ez zituenik. Batzuek, dozenaka. Saran, berdintsu. Etxejaunari zegokion erlearen mantenuaz axola eta kontu edukitzea. Etxejaunari, sendian gertaturiko ezbeharren berri erleari ematea. Aitona edo amandrea hilko edo finatuko zirenerako ezkoa ere eskatu, galdatu eta arren, otoi emateko, errespetuz, behar zien erran. Bai, bai, erlea gauza ttipia eta flakoa den arren, lagunik onena, fidelena eta langileena izan da gure baserrietan erletxoa. Anitz lagundu dio baserriari.


-Erleez zein beste animalia ttipiez asko ikasi zenuen, inondik ere ...
-Beharko ikasi, nola ez? Maite nuen ikastea, laket eta gustuko jakitea. Bi arrazoi emanen dizkizut, ni animaliengana isuria, maitatia eta onbera nintzela jakin dezazun. Bata, gure ikasturte haietan, filosofia, teologia eta beste, ikaskizun idor, elkor, trinko eta gogaitgarriak ukan genituela. Gustuz eta plazeraz ikasteko bakarra, natur zientziena. Hartan pozik aritzen ginen, eta animalia ttipi askorekin zaletu egiten ginen.


-Eta bigarren arrazoia?
 -Bai, orain esango dizut. Ikus: nire sasoiko gogapenetan murgiltzean, orduko mintzaira, koipea labain isurtzen den bezala, erraz ateratzen zait ahotik. Ba, bigarrena, eta arrazoi sendo bezain ziurra da nire apaizgoa baserritar laborari jatorren artean bizi eta gauzatu behar izan nuela. Eta nola nahi duzu elizako dotrinak eta beste anitz pentsamendu santu haiei adieraztea, heien jakitatearen eta esperientziaren parean ez baditut bihitzen, xahutzen eta xehatzen. Eta laborariaren esperientzia, beste ezertan bada, erle, txindurri, triku eta beste animalia ttipiak behatzean eta ikustatzean datza.


-Trikua aitatu duzu, Axular. GERO zeure izkribu nagusi horretan, baduzu ele eta kontu ederrik trikuari buruz ba!
-Bai. Trikua ez baina sagarroia deitzen diot han; Bizkai aldean kirikinoa pentsatzen dut diotela erraiten. Bai, laborariak gertuan dituenak hartzen nituen nire mintzaldietan gai. Aurrean ikusi eta gero pentsatuak zituzten animalien joan-etorri eta itzulinguruetatik erraz erdutu eta iritsi ohi ziren laborariak nire sermoiak eta solasak jasotzera eta atxikitzera. Ba, sagarroiarena bai, gogoan dut nola haren exenpluaz baliatzen nintzen. Lehenik, sagarroiaren inguruan -edo beste ezein animaliaren joan-etorrietan, berdin zen- atentzioa finkatzea eta iltzatzea zen kontua. Hori erdiestearren, animaliaren jokaera bat edo beste deskribatu behar nuen eta kolore biziz eman eta hartaz solaskideak esportzatu.

 

-Eta gero, ondorenak atera, ez da? Gero, lezioa eman?
-Hori da. Gogoan dut trikuarena nola kontatzen nien, aieneak eta asperenak sarri emanez. Triku amak gorriak ohi dituela jasan, sufritu eta pairatu; nola penatzen den triku-kumeak erditzerakoan, ezen arantzak eta eztenak atera behar baititu bere ipur-mintz leunetik. Minak sentitzen dituenean, ez du erditu nahi, beldur da. Baina, orduak eta egunak iragaten doaz, kumearen ile latzak bortitzenago, arantzago eta eztenago. Eta ezinaren ezinez, harri batzuen kontra marruskatuz aritu behar izaten du, azken finean, bere kume latzak ilki eta irten dakizkion, ze bestela, bere barruan dituela lehertuko eta hilko baita triku ama.


-Eta lezioa?
-Ondorioak aplikatzea eta kontsideratzea, hortik aurrera, atentzioa txit finkaturik zenez gero, esfortzu gabeko lana zen, maldaz beherekoa. Trikuarenean, bekataria nahi nuen iratzarri, bekatuan egotetik jaiki eta atera zedin. Beste exenpluetan, aldiz, graziaren bideetan nahi nuen bermatu eta finkatu giristino edo kristau zintzoa.

 

Argazkia: Axularren jaiotetxea


-Eta hori denori Salamancan ikasi zenuen, ala Satan-en eskolan?
-Ai, ai, ai! Apaizarentzako beti aipu txarrak? ..


-Ongi, Axular. Solas eta ele berriak hurrengoan ere. Adio!



HIZTEGI LAGUNGARRIA
 

  • AIENE: Hasperena, intziria. Lamento.
  • ANITZ: Asko, hagitz.
  • APAIZGO: Apaiz+go. Sacerdocio.
  • APARTATU: Aparte jarri, kendu.
  • AXOLA: Ardura, kargua.
  • BERMATU: Trinkotu, irmotu.
  • BIHITU: Aletu. Desgranar.
  • BORTITZ: Gogorra, indartsua.
  • DEITURA:  Izena.
  • EGOKITU: Tocar en suerte.
  • EGUN: Gaur, gaur egun.
  • ELE: Ipuina. Cuento.
  • ERDIETSI: Lortu, iritsi.
  • ERDITU: Umea egin. Parir.
  • ERDUTU: Iritsi, heldu, ailegatu.
  • ERLAUNTZA: Erlategia. Colmena
  • ERRAN: Esan.
  • EZKO: Argizaria. Cera.
  • EZTENKADA: Picadura.
  • FINATU: Zendu, hil.
  • GAUZATU: Zertu. Realizar.
  • HAURRIDE: Haur(r)+ide. Txikitako laguna
  • HEIEN: Haien.
  • IDOR: Lehorra.
  • IHAR: Mustio/a, seco/a.
  • ILKI: Atera. Salir.
  • ILTZATU: Iltzez josi. Clavar.
  • INONDIK ERE: Zalantzarik gabe.
  • ISURI: Inclinado/a.
  • IZKRIBU: Idatzia. Escrito.
  • JASAN: Nozitu, pairatu.
  • KAPELA: Caperuza.
  • LABORARI: Nekazaria.
  • LAKET: Atsegina, gogokoa.
  • LEUN: Samurra, biguna, bera. Tierno/a.
  • MAHUKA-HUTSIK: En mangas de camisa.
  • MARRUSKATU: Igurtzi. Restregar.
  • MINTZAIRA: Hizkera.
  • MUINETIK HUSTU: Vaciar por dentro.
  • MURGILDU: Sartu, barneratu.
  • OHOL: Tabla.
  • ONBERA: Bihotz onekoa.
  • ORO: Denak, guztiak.
  • PONTE: Bataio pontea. Fuente bautismal.
  • SAIATU: Langilea. Laborioso/a.
  • SENDI: Familia.
  • TRIKU: Sagarroia, kirikinoa. Erizo.
  • TXIT: Txoil, oso, arrunt.
  • XAUTU: Desmenuzar.
  • XEHETU: Txikitu, irindu.
  • ZAILDU: Gogortua. Curtido/a.
  • ZALETU: Zale bihurtu. Aficionarse.
  • ZIUR: Segurua.
  • ZORU: Suelo, piso.

 


C1
2016-04-08
  • Zabala , Pello
16240744
3619