Maria de Maeztu: «Nire izenik ez dute bildu inongo entziklopediatan»

HABE aldizkariko 130. aleko Gaur bizi balitz... izeneko sailean argitaratu zen 1988an Maria de Maezturi egindako elkarrizketa, Izaskun Barriola, Maria de Maeztu-Forum feministako partaidearen eskutik.

 

 

Toki xelebreetara joateko gonbitak hartu izan ditut nire bizitzan zehar, baina bidaia astral bat egiteko proposamenik ez dit inoiz inork egin, HABEkoak duela hilabete enbido horrekin etorri arte. Zeregin horietan zaletu bat besterik ez naizenez, esperientzia gehiago dutenengana jo beharra izan dut eta hala, Uliako Maritxuk eta biok San Pedro,Luzifer, Shiva, Mahoma eta Buda jarri genituen dantzan, Maria de Maezturen bila. Izar artera alde egin zuenetik 40 urte pasa direnez gero, bi aste behar izan dituzte gure bost ahaltsuek Maezturekin topo egin eta zita bat antolatzeko. Azkeneko ilargi betean, gauez, 12etatik 2etarako tartea utzi ziguten, Neptunotik ez oso urruti.

 

 

Zita-lekuan bazebilen jende gehiago baina ez zitzaidan asko kosta Maria ezagutzea. Hiru bat argazki bereak banituen hemendik eramanak eta memoriaz ikasiak; bere izateko era baikorra edonori kutsatzen ziola ere esana zidaten eta ez nuen zalantzarik izan bi musu eman eta berehala, irribarretsu, atertu gabeko hitz-jarioz hasi zitzaidanean -zer nolako sorpresa-, «hau da poza eman didana, nirekin hitz egiteko asmotan feminista bat mundutik zetorrela Luziferrek abisatu didanean», «eseri, eseri lasai belarretan edo etzan nahi baduzu, hemengo ihintzak ez du kalterik egiten», «konta egidazu, zer moduz dabilen nire aspaldiko planeta hori» ... Ulertzen nuen nik Maezturen nahi hura baina ni hara, bera gehiago ezagutzeko asmotan joan nintzela garbi utzi nahi izan nion. «Tira ba, tira. Zer jakin nahi duzu?» erantzun zidan, eta orduantxe nire lehenbiziko ...
 

GALDERA.- Zu han behean bizi zineneko zenbait gauza jakin nahi ditugu. Esate baterako, Gasteizko gauza asko ez dituzu gogoratuko, baina Bilboko zein oroitzapen dituzu?

ERANTZUNA.- Gasteizkoak ere gogoan ditut, bai. Nahiko koxkorrak ginen Bilbora bizitzera joan ginenean, baina, bai, oroitzen naiz, aita Kuban hilda, sosik gabe geratu ondoren, gure ama gaixoak zenbat estutasun pasatu zituen bost seme-alaba aurrera ateratzeko. Ni, Magisterio bukatu eta berehala hasi nintzen lanean Bilboko eskola publiko batean.10 urtez zuzendari, Deretxo ikasten nuen aldi berean. Asko saiatu beharra zegoen eta, neska izanda, are gehiago; baina gero, ongi egindako lanaren poza ere norberarentzat izaten da eta, zalantzarik gabe, pena merezi du gauzak egiteak.

G.- Irakaskuntzan egiten hasi zinen aldaketen ondorioz, badakizu, kanpoan klaseak emate hura, udalekuak sortzea, hitzaldietan botatzen zenituenak eta guzti hark zeresana eman zuen orduko egunkarietan.

E.- Bai. Gogoratzen naiz. Batez ere, 1904eko uztail hartan Bilbon emandako hitzaldiak sortu zituen erreakzioak. Kontrakoak batzuk, baina aldekoak ere bai e? Nire iritzian ordurako ere zaharkituak zeuden teoriak hankaz gora jarri nituen. Artean jende askok pentsatzen zuen emakumezkoaren ahalmen fisiko eta intelektualak txikiagoak direla gizonezkoarenak baino; badakizu, burmuinaren tamaina txikiagoa delako eta antzeko astakeriak pentsatzen -eta okerrago dena- esaten zituzten.

G.- Zituzten? Gaur egun ere ...

E.- Bai, bai. Orain ere baduzue zuen artean horrelakoak defenditzen dituenik, Krutwigt bat eta antzekoak, baina erantzun mardulik ematen dien emakumerik ere baduzue. Oraindik ere gogoan dut Idoia Estornesek 86ko uztailaren 22ko Deian KS-ri bidali zion erantzun soberarik gabekoa. Ze barreak egin genituen hemen artikulu hura irakurtzean, Marie Curie, Garcia Lorca eta hirurok ...

G.- Zure izena daraman elkarte feminista bat sortu berria dela ere jakingo duzu, orduan, honez gero?

E.- Bai zera! Hara beste sorpresa! Horren berririk ez zaigu iritsi oraindik, ez! Zer dela-eta, bada, nire izena? Nola izan duzue nire berri? Nere izenik ez dute bildu inongo entziklopediatan. ..

G.- Julio Caro Barojak egin izen du zuren aipamena bere hitzaldietan, eta hortik hasi ginen zure arrastoari jarraitzen eta, horrela, duela bi hilabete, pentsaera oso desberdinetako emakumeak elkartu eta sortu dugun Forum Feministari itsatsi diogu zure izena.


E.- Bai, poztekoa da hori ere. Ez da nire izenagatik, baina nik uste dut historiaren kapitulu ezkutuak ezagutzeko era bat dela hori. Eskerrik asko, dena dela.

G.- Zuri eskerrak, zuri. Beste gauza bat: zuk, zeure garaian aitortu zenuen feminista zinela eta ez izateak lotsa emango lizukeela. Gaur egun, han behean, ez dago batere ongi ikusia feminista izatea. Lotsa edo ematen dio emakumeari feminista dela aitortzeak. Duela 10 urte bai, baina orain ez du saltzen feminismoak, feminista ... Zergatik egiten duzu irribarre hori?


E.- Tristeziak eragindako irribarrea izan da. Nik ez dakit, baina jende gehienak pentsatzen du, langile sindikalista izatea dela gauzarik logikoena,bere eskubideak babesteko. Nik, arrazonamendu bera egiten dut emakumea eta feminismoaz. Dena dela, egia izan daiteke zuk esan duzuna, bere burua feminista aitortzeak lotsa ematea. Begira, nik uste dut, bai nire garaian eta bai orain, nahiko zaila dela bakoitza nor izatea. Oso zaila da aldamenekoari galtzerdiak ez dizkiozula garbituko esatea, berak zuri igande goizetan egunkaria eta gosaria ohera ekartzen ez badizkizu. Zaila gerta dakioke bati, senarrari edo kandidatoari gehiago kondoirik ez diola erosiko esatea. Nola hasiko zara, ba, nor izaten (oilartzen esango dizute) zuk maite duzunak edo maite duzula uste duzunak, beharbada, alde egingo dizu eta? Plataforma erreibindikatiboa urtean behin baino gehiagotan mahaigaineratzen duen emakumerik ez du nahi ia inork, baina ni seguru nago, etorkizun hobea, hortik ere etorriko dela.

Euskarak, gaztelaniarekiko parekotasunera iritsiko bada, faborezko tratamendua behar duenik ez du ba inork zalantzan jarriko?!


Cicciolina dela eta

G.- Eta Cicciolina fenomenoaz, zer pentsatzen duzu hemendik ikusita?


E.- Je, je, je! A ze aldrebeskeria gertatu zitzaiena Italiako radikalei. Amu moduan jarri zuten hauteskundeetarako, titi-gose ziren gizon-krokis guztien botoa berenganatzeko asmotan, eta uste baino titi-gosedun gehiago izaki .Italian! Bueno, alde batetik, lezio bat izan da radikal italiarrentzat eta, bestetik, pena. Pena sentitu izan dut, titiak hain gutxi esplotatzen dakien emakume horren kasuarekin.

G.- Esplika, esplika ezazu gehiago esplotazioaren asunto hori.

E.- Pentsa ezazu zer nolako garranga izan daitekeen Cicciolina bat. Kazetariei deitzen die eta harri-azpitatik ere kazetariak ateratzen dira Cicciolinaren prentsaurrekora joateko. Ba, pentsa ezazu titi bat erakutsi ondoren, pulamentuzko dozena-erdi bat gauza esango balu. Langabeziak, instrukziorik ezak, aitatasun responsablerik ezak, tratu diskriminatorioak, hezkuntza sexistak eta behar bezalako abortu-Iegerik ezak emakumeei -beraz, mundutar guztiei zer-nolako kalteak ekartzen dizkien agerian jarriko balu, galtzerdi; baina, zoritxarrez, horretarako trebetasunik ez du oraindik gure Cicciolinak eta, gainera, jakin dut preserbatiboaren kontrako kanpaina bat egin duela Italian.

G.- Eta hori grabea al da?


E.- Preserbatiboaren kontra nola aterako da, ba, gaur egun? Ez al daki geroz eta neska gazte gehiago
geratzen ari dela haurdun? Zuen inguruan ere beldurtzekoa da fenomeno hori. Hasi al du Jaurlaritzak eskolaz eskolako kanpainarik hori gerta ez dadin? Francoren garaian baino lau halako geratzen dira gaur egun, 15, 16, 17 eta 18 urteko neskak haurdun. Gainera, aitatasun responsablea praktikatzeko beste biderik ez dago mutilentzat, kondoitxoak erabili besterik. Abortu bat beraren beharrik ez litzateke egongo, aitatasun responsablea praktikatuko balute. Ez al zaizu iruditzen?

G.- Jende askotxok gaur egun uste du emakumezkoak ez duela diskriminaziorik sufritzen. Lehen bai, baina gaur egun, legedia eta abar aldatuta daudela eta aurrera atera nahi duenak badituela horretarako aukerak, gizonezkoek bezalaxe. Leku berdinetara iristen ez bada, emakumeak berak nahi ez duelako edo balio ez duelako izango dela.

E.- Hara zein arrazonamendu polita! Hori tranpa da! Gauza bera pentsatzen al dute euskararekiko? Euskara, historian zehar hankaperatuta egon bada, gaur egun, gaztelerarekiko parekotasunera iritsiko bada, tratamendu desberdina, faborezko tratamendua behar duenik ez du ba inork zalantzan jarriko?! Zergatik hori bai eta zergatik ez, behar diren faborezko tratu guztiak, historian zehar hankaperatuta, baztertuta eta desbideratuta egon den –eduki duten– gizartearen erdiarentzat?

“Zer ikusi, hura ikasi” dio euskal esaera zahar batek. Eta? Gaur egun oraindik zer ikusten dute haurrek? Testu-liburuetan zenbat irudi daude gaur egun ikastoletan, ama kanpoan lanean eta aita paroan agertzen diren zen bat irudi ikusten dituzte haurrek? Ba hori da errealitatean gertatzen dena. Espainian, emakumeak, Unibertsitatean sartzeko aukerarik ez zuen izan, ez genuen izan, 1910a bitarte. Horrek ez al du eraginik? Lehenbiziko emakume jueza Espainian 1974ean egin zen; ordura arte ez zieten utzi. Gaur egungo neska ikasleei burutik ez zaie pasako ikasketak bukatu ondoren etxetik kanpora lanik egin behar ez duenik, baina duela 15 urte oraindik, ezkondutakoan kanpoko lana utzi egiten zuen emakumeak, horretarako sozializatua izan zelako.

Legeek ez ezik, legeen aplikazio zehatzak, politika ekonomiko konkretu batek, hezkuntza jakin batek taxutzen dute errealitatea, gizartea, kultura, pertsonen arteko harremanak, erreferentzia berriak, nortasunak ... eta hor bide luzea dago oraindik, gizartearen erdiak beste erdiak dituen aukera berberak izateko. Oportunitate berberak ez zaizkie ematen bi kirolariri, 100 metrotako karrera egin ezazue esanez, aurrez, bati, egunero entrenatzeko bi ordu eman bazaizkio eta besteari ordu laurdena bakarrik. Ulertzen? Eta horrelaxe bukatu zen, 20 minututakoa iruditu zitzaidan gure arteko bi orduko hizketa saioa.

  
MARIA DE MAEZTU WHITNEY (1882-1948)

Pedagogo arabarra. Gasteizen jaio zen 1882ko uztailean. Pedagogia modernoaren eta emakumearen  askatasunerako prozesuaren bide-urratzaile. Unibertsitatera sartzea lortu zuen lehenbiziko emakumeetakoa. Filosofia eta Letren Iizentziatura lortu zuen Salamancan; Europako zenbait unibertsitatetan eta Smith College amerikarrean jarraitu zituen ikasketak. lrakaskuntz lanetan Bilbon hasi zen, baina laster egin zen ezaguna, eta 1915ean Andereñoen Nazioarteko Egoitza sortu zuen, emakume unibertsitarioentzat. Espainian eratutako lehenbiziko zentro ofiziala. Europako eta Ameriketako unibertsitate ospetsuetatik izan zen deitua, ikastaroak eta hitzaldiak emateko.

Nazioarteko zenbait kongresutan, emakume espainiarraren ordezkari izan zen, Londresko Bedford College-n ospatutakoan adibidez; Emakume Unibertsitarioen Nazioarteko Kongresua izan zen hura, 1920garrenean. Egun gutxi barru, Eusko Ikaskuntzak lruñean ospatu zuen II Kongresuan hartu zuen parte.

Handik urte batzuetara, 1926an, Espainian emakumeek izan zuten lehendabiziko elkartea sortu zuen: «Lyceum Club» , bertako lehendabiziko presidente izan zelarik. Elkarte honek polemika bizia sortu zuen -Andereñoen Egoitzak baino handiagoa- bere izate laiko eta feministaren eraginez. Lyceum Club-eko partaideak “bertute eta jainko-eliz-zaletasunik gabeko emakume “ eta “femina nabarmenkeria-zale eta desorekatu” bezala kalifikatu zituen elizgizon batek (Lorven izeneko batek «Iris de Paz» erlijio-aldizkari ofizialean).

1920ko hamarkadan, Instrukzio Publikoaren Kontseilari izan zen, Primo de Riveraren Diktadura aurretik. Gerrate Zibila hasi eta laster exiliatu egin zen eta inoiz ez zen bere jaioterrira itzuli. Argentinan hil zen 1948an. (Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco. Auñamendi).

Segidan, Euskomedia Fundazioak Maria de Maezturen gainean duen bideoa:

 


 

 

 

 


 

 

 

 

 

 

 

 

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

AHALTSU: Ahal+tsu. Ahala edo ahalmena duena. TSU atzizkiaz izenei eranstean adjektiboak sortzen dira ugaritasuna adieraziz. Era berean: osasuntsu, euritsu, gogatsu, garrantzitsu …
AIPAMEN: Aipua. Mención.
AITORTU: Esan, baieztatu.
AMU: Arraina harrapatzeko gakoa. Anzuelo.
ARE GEHIAGO: Aún más.
ARRASTO: Ildoa, bidea.
ARTEAN: Orduan, garai hartan.
AUKERA: Modua, era.
BABESTU: Zaindu, gorde.
BIZI ZINENEKO: Bizi zinen garaiko.
BURMUIN: Garuna. Encéfalo.
ERAGIN: Influencia.
ERANTZUN MARDULA: Erantzun ederra, borobila, gogorra.
ESTUASUN: Larrialdia, larritasuna.
EUSKARAREKIKO: En lo referente al euskara.
EZA: Falta, carencia.
GARRANGA: Amua.
GOGOAN IZAN: Oroitu, gogoratu.
HAURDUN: Haur esperoan dagoen emakumea.
IRRIBARRE: Barremurria. Sonrisa.
ITSATSI: Jarri, erantsi.
LAU HALAKO: Bateko lau. Cuatro veces más.
LEGEDIA: Legislación.
NAHIKO KOXKORRAK: Aski txikiak.
NOR IZAN: Norbait izan, nortasuna izan.
OILARTU: Harrotu, hantustetu.
OROITZAPEN: Oroipena, gomuta, oroitza.
PAREKOTASUN: Maila berdina, pareko maila.
PASA DIRENEZ GERO: Pasa baitira.
POZTEKOA DA: Pozgarria da.
SAIATU: Ahalegindu, lehiatu, ahaleginak egin.
SORTU: Eraiki, egin, martxan jarri.
SOS: Txanpona, diru xehea.
TAXUTU: Moldatu, egin.    
TREBETASUN. Gaitasuna, iaiotasuna, abildadea.
XELEBRE: Bitxia, arraroa. Curioso/a, raro/a.
ZALANTZA: Duda.
ZERESANAN EMAN: Hizpidea jarri.
 


Interesatzen zaizu



C1
2016-04-12
16240875
4691