Aita Larramendi

2016an, 250 urte bete ziren Manuel Larramendi euskal idazlea hil zela. HABE aldizkariko 4 aletan Gaur bizi balitz... izeneko sailean argitaratu zen 1990ean Aita Manuel Larramendiri egindako elkarrizketa, Pello Zabalaren eskutik. Gipuzkeraz erantzungo die galderei Aita Manuel Larramendik.

Aita Larramendi (I)

 

-Kaixo, On Manuel.
-Kaixo, baina "On" hori utzizak aparte. Ez lehen eta ez orain, ez zaidak batere gustatzen.
-Ba, Manuel, gaur biziko bazina, nolakoa izango ote zinakeen galdetzeko esan didate. Zer dirudizu?
-Gaur? Eta, ez naizela bizi uste al duk? Aspalditan ondotxoen oraintxe bizi nauk ba.
-Baina, gaur...
-Gaur, bai, gaur. Jakina, zuen artean bizitzekotan, oso gaizki, 300 urte beteko nizkikek eta. A zer trapuzaharra izango nintzakeenl Baina, gaur bizi, bizi naizen erara, Mitxelena, On Manuel eta beste batzu. gure saltsakoak, elkarrekin garenean... nola nahi duk hobeto bizitzea?
-Baina, Manuel, utzi eidazu galderak...
-Begira, jesuiten artetik gero eta lagun gehiago gaituk Euskalzale formalak ere, Txomin Agirre eta Azkue eta... ba al dakik zenbat juntatzen garen gure kontu, erretolika, saltsa eta ihardunetan aritzeko?
-Alto. Manuel, alto!
-Baina utziko al didak erantzuten?
-Aber, aber! Polemista fama eman zizuten zuri, eta orain ulertzen dut zergatik izan zitekeen.
-Fama txarra duk hori, fama txarra. Ezineramana, bekaitza, inbiria... horixe duk horren azpian zegoena
-Aber, ba. Zu jaio, Andoainen jaio zinen, ezta?
-Bai, jauna. Andoaingo Garagarri baserrian. Zergatik diok hori? "Hernaniensis" agertzen delako gure jesuiten zerrendatan? Bale. Demagun hori ere hala gertatu zela, orduan, lehenengo eskolakoak Hernaniko herrikoan egin nituelako. Eta kitto! Ez zegok hor beste kakorik!
-Eta Garagorritarra izanda, nondik datorkizu Larramendi deitura; kasu honetan ezin deituko diogu abizena eta...
-Begira, ni jaio eta laister hil zitzaidakean ama, nire amatxo maitea. Apenas ezagutzeko aukerarik ere izan nuen. Jakina, aita birrezkondu huen agudo: ondo egin zian, baserria aurrera ateratzea bait zen kontua. Baina, nik ez nian sekula ahaztuko nere ama gaixoa. Samin hori bihotzaren hondoeneko txokoan beti izan nian nirekin. Eta horregatik eutsi nioan amaren deiturari beti: ez aitarena baztertzen nuelako, ez noski, ama falta zitzaidalako, horregatik; eta nik harengandik nuen odola eta bizia nolabait ere, deituran azaldu nahi nian.
-Gero, zure osabak eramanda edo, Bilbon aritu zinen ikasketak egiten, ezta?
-Bai. Halaxe duk. Bagenian osaba bat, jesuita, amaren aldetiko osaba, eta hark konbentzituta joan ninduan haruntza.
-Ordutik, zer gogoratzen duzu gustora esateko modukoa?
-Gustora? Ba, ikasketak ateratzeko egokitasuna eskura etorri zitzaidala. Nola esango diat ba? Hernanin ez nitian sekula ikasiko han aukeran izan nituenak. Pentsa ezak, latina parra-parra ikasi nuela, frantsesetik ere dezente, eta gerora biak izango nituela baliagarri. Eta horietaz gainera, beste mila gauza.
-Eta orduan egin zinen Jesuiten lagun?
-Lagun, lagun ... ez zekiat ba. Ni sakristi mutila izan ninduan. Eta... ea ondo esplikatzeko gauza naizen ... sakristian eskola berezi bat egoten duk. Batetik, jesuita guztiak ezagutu nizkian, zahar eta gazte, meza ematen zutenak eta meza laguntzera etortzen ziren hermanoak ere bai. Eta egunez egun, baten jenioa, bestearen kapritxoak, honen gutiziak, haren baldreskeria, bestearen eskrupulo eta tiki-mikiak ... ba al dakik zenbateko eskola den hori, pertsona bakoitza bere-berean ezagutzeko?
-Eskandalua franko izango zenuen zure baitan ... !
-Keba, keba! Horixe nahi nikek, ba, ondo esplikatu. Mutikoak, gustora dabilenean bati pat, eztarri lasaia dik, eta botatzen dioken guztia tragatzen dik eta lasai-lasai, bakoitza bere tokian, kontzientziaren apalean, ondo tolestaturik gelditzen zaiok. Eta orduan, eskandalizatu ez baino, konprentsio bihurtzen zaiok sakristiako eskola hori, konprentsio. Horregatik esaten diat, oso eskola berezia dela. Pertsona heldu askorentzat eskandalizagarri diren elizgizon eta erligiosoen pasadizo-mordo bat, akolitoari eta sakristi mutilari guztiz normalak eta erosoak iruditzen zaizkiok. Ulertzen?
-Bai, bai. Arrazoi duzu horretan. Ni neroni ere haur koxkorra nintzela hasi nintzen sakristiako eskolan, eta halaxe da, dezente ikusten da eta ikasten. Ez al ziren zuen garaian ere jesuita asko sakristiko eskolan ibiliak?
-Bai. Behin baino gehiagotan aipatzen genuen solasa zen hori. Eskola horiek bakantzeak ez ote du ekarri elizgizonak banakagotzea ere?
-Hor gelditzen da galdera zintzilik. Adizu, Manuel, eta zenbat urte zenituen jesuita izateko erabakia hartu zenuenean?
-Erabakia, ez zekiat ba. Erabakia, badakik nola izaten den. Halako batean pentsatzen duk, ba, leikena dela pentsatzea, izango hintzakeala, akaso... eta pixkanaka, gogoa ere hor zegok hire baitan eta, pausoa emango ez emango, zergatik ez, atrebittuko nauk ... eta halako batean, plausta! Hor sartzen haiz.
-Baina, zein edadetan? Ni 10 urterekin joan nintzen Arantzazura. Zu zenbatekin hasi zinen jesuita-jesuita?
-16 urte t'erdirekin. Orduantxe sartu ninduan jesuita. Hurrengo urtean, debozioko promesak, eta abar, martxan ia...
-Bueno, Manuel, planto egin behar dugu gaurkoz. Baduzu zuk, sobrare zeresanik, eta ea hurrengoan hustutzen dituzun.
-A bai, ni presta ...

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

 

ABIZEN: Deitura. Apellido.
AGUDO: Berehala, azkar.
BAKANDU: Gutxitu, urritu.
BALDRESKERIA: Zabarkeria, narraskeria.
BEKAITZ: Ezinikusia, inbiria.
ELIZGIZON: Eclasiástico.
ERA: Gisa, moldea, modua.
ERRETOLIKA: Berriketa, solasa, kalaka.
EZ ZEGOK HOR BESTE KAKORIK: Ez dago hor beste arrazoirik edo izkutukorik.
PARRA-PARRA: Asko.
PASADIZO: Gertaera, anécdota.
SAKRISTI MUTIL: Sakristiko lanetan aritzen dena.
SAMIN: Nahigabea, atsekabea, pena.
SOBRARE: Dirudienez, agi denean.
TOLESTATU: Plegado/a, ordenado/a.


Aita Larramendi (II)


-Andoaingo baserrikume bat nola konpondu zen Bilboko Ikastetxe haundi hartan?
- Nola pentsatzen duk manejatuko nintzela? Primeran, motel, primeran. Erdaldun-seme ponpoxo haiek zirikatzen nizkian nik...!
- Beti eman zaizun -polemista- fama hori, orduan nabarituko zenuen zure baitan, agian?
- Oraintxe bota duk arrazoi ederra. Tira, hartzak pazientzi puxka bat eta entzun nire arrazoibidea. Ni baserrikumea ninduan, bai jauna! Baina, adimen argikoa, oso argikoa. Ulermena arras zorrotza nian: lehenengotik jasotzen nizkian kontu guztiak. Gero, mingain azkarrekoa, etorri onekoa, bertsotan ere entsaio batzuk egin nizkian eta, ez pentsa, kontrariorik izan banu, aterako nizkioan ezpalak.
- Ondo hornitua, orduan; dohain askoz jantzia.
 - Bai. Gure Jainkoak kurioso-kurioso prestatu ninduala uste diat, eta halaxe eskertu izan nian. Hori, nire aldetik. Andoaingo baserrikoa, Hernaniko eskolan biztu eta esnatua, hor daukak Bilboko Ikastetxe dotorean. Eta zeintzu uste duk ditudala eskola-lagunak? XVll mendea bete denean eta XVllla martxan jarri, Bilbo aldeko aberaskumeak zeudek han. Erdiak ez buru argikoak. Erdi-mimatuak, dezente. Gogo eskasekoak batzuk, ahal izanda ere, motibazio zorrotzak behar zituztenak ezer ikastekotan. Hernaniko eskolan, kaletarrekin izaten genituen eztabaida eta apostuak, pentsa Bilbon... denak kalekumeak ziren tokian! Jarraitzen didak arrazoibidea nondik doan?
- Bai, bai. Borrokatzea ere iritsiko zinen, halakoren batean...
- Oso gutxitan. Atrebentzia izan zutenak, konturatzerako jartzen nizkian lurrean, nere atzapar zaintsuekin zintzurretik helduta. Eta besteek eskarmentua hartzen ziaten hartatik. Zigor bat baino gehiago ere jaso nian maisuengandik; baina, horretara, Hernanitik ohituta nian nere burua. Baina, etorri gaitezen harira. Eskola-lagun ahul horien artean, punta-puntan ibiltzen ninduan ni. Asko ikasten nian, lengoai kontuan batipat. Gramatika-alorrean gozatu egiten nian, afizio bizia sortu zitzaidakean gaztelera latinarekin konparatzeko; gero, frantziera horiei biei lotu eta aise ikasten nizkian hitzak, eta, hiru pantaila horietan hitza bere esanahiarekin argi neukanean, orduan euskerarekin neurtzen nian. Ikastetxeko eskolalagunek euskaraz oso gutxik nola zekiten, hortan haserretzen nizkian eta askotan lotsaz utzi ere bai. Euskara beste hizkerak baino aberatsagoa zela demostratzen gozatzen nian, eta, bien bitartean, besteak tripa-jaten ... !
- Zerorri ere zirikatuko zinduten bada ...
- Bai. Baina txorakeria usteletan bakarrik. Begira: hik badakik, euskaldun peto batek, txiki-txikitatik ikasten duela «baietz- eta «ezetz» erabiltzen Guk, baserritarrok batipat, odolean eraman diagu aposturako, demarako eta trabeserako grina. Eta besterik ezin dugunean ere, baietz-ezetz, bietatik edozein defenditzeko prest egon gaituk... Hik baietza aukeratzen dukala, nik ezetza, eta borroka dialektikoa hor zegok prantatuta. Batek bestea menperatuko duela dirudiela, orduan borroka ukabilekikoa eta kitto! Gauzak eta kontuak horrela garbitzen ikasi genian haurtzarotik. Burua argi eztabaidak ateratzeko, eta, badaezpadan, taloak jan gogotik urdaiarekin gozatuta...
- Zu izango zinen tipoa, zu! Baina, oraindik ez didazu esan zer asmatzen zuten zu zeu zirikatzeko.
- Zer asmatuko zien, bada? Gauza izan behar izen horretarako. Burla batzuk noiztik behin, mando samarra nintzela, "abuson" deitzen zidateken ahulenek... Eta burla- kontuan, ba, gazteleraz ari ginela tartean botatzen nituen euskal hitzak eta, horrelakoak. Gogoratzen nauk, adibidez, guk euskaraz galtza, galtzerdi eta horrelakoak nola esaten ditugun; ba, batzutan igoal ateratzen zitzaidakean «calzar» esan beharrean "galtzar zapatos" edo "gonbidar a comer" eta horrelakoak, eta orduan "gonbidao" eta antzerakoak esaten zizkidatela. Baina, niri ez inporta, keba! Hala ere, bahuen bai gehixeago kosta zitzaidan kontua. Badakik euskaldunok nola zeta gogor eta luze bat erabiltzen dugun, ezpainak ia estutuan eta zabalduta esaten dugun zzz luzexka hori. Ba, gaztelerazko hitzetan ere nik hala sartzen! eta horrekin egiten zidateken barrerik gehiena; mindu ere mintzen ninduan batzutan.
- Zzapato-eta esango zenituen, orduan; -zzena- eta horrelakoak.
- Ba, eta kaltzada, kaltzar, eta, auskalo! Horrelakoak dezente. Baina, beraiei esker ikasi nian txukun hitz egiten ere! Ez nian haiek baino gutxiago izan nahi eta! Esatera nihoana: Oraindik ere gogoan diat, Zazpi kaleetako zein tokitatik pasatzerakoan nire lagun minetako batek -ez nizkian asko, baina nituen txoak oso lagunak, asko maite nindutenak- nola erakutsi zidan "zeta" erderazko hori ahoskatzen. Han ikasi nian, entsaio batekin eta saiatu bestekin, beheko ezpaina pixka bat doblatu eta "zeta" garbia ahoskatzen. Kontentu itzuli ninduan arratsalde hartan. Batere lotsarik gabe presentatu ere nere eskolakide burlari haiengana "zeta" berria txukun ahoskatuz.
- Fanfarroi samarra ere izango zinen zu, ezta?
- Hi, fanfarroia, zentzu sanoenean behinik behin, ahalik duena izaten duk, ez ezin duena. Balio egin behar dik hartarako ere. Nik trebetu beharra izan nian hainbeste kasteilano-kumez inguratua suertatu nintzelako. Trebatu, hori duk egia, azken batean, zailtasunak eta koskak zaildu nindutelako, azala egin behar izan nian nik bilbotar haiek medio. Eta hartan mejoratu, jakina.
- Eskolurteak gustora gogoratzekoak, hortaz?
- Bai. Bizitzako urterik politenetakoak. Hantxe egin ginuzean, han.

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

 

ADIMEN: Adi(tu)+men. Aditzeko ahalmena. Inteligencia. Era berean: ulermen, entzumen, ikusmen.
ARGI: Bizkorra, ernea, azkarra
AUSKALO: Batek daki. Vete a saber.

AZALA EGIN: Hacer callo.
DEMA: Trabesa, apostua.
DEZENTE: Franko, asko.
ESKAS: Kaskarra, erdipurdikoa.
ETORRI: Inspiración, facundia.
EUSKALDUN PETO: Euskaldun garbia, bete-beteko euskalduna.
EZPAL: Astilla.
EZTABAIDA.- Sesioa, eztabaida, okasioa.
GAUZA: Gai, kapaza.

LAGUN MIN: Adiskide mina. Íntimo/a amigo/a.
MANDO: Mulo.
MINDU: Min hartu. Doler.
NABARITU: Sumatu, antzeman.
PRANTATU: Antolatu, prestatu.

TREBETU: Gaitu. Capacitar.
UKABIL: Puño.
URDAI: Tocino.
ZAINTSU: Zain+tsu, musculoso/a, -TSU atzizkiak ugaritasuna edo oparotasuna adierazten du. Esate baterako: osasuntsu, garrantzitsu…
ZINTZUR: Eztarria.
ZIRIKATU: Akuilatu, tentatu.
ZORROTZ: Agudo.
ZURE BAITAN: Zure barruan.


Aita Larramendi  (III)


- Aparteko kariñoa diozu, beraz, zeure estudiante-garaiari?
- Nola ez, bada? Nork ez dizkik gordetzen orduko oroipenak, goxoak normalean? Erantzukizunik apenas daukaken, burua "a tope" erabili gabe ere, ikasi beharrekoak aise ateratzeko ahalmenak izanez gero, tira, motel! ez zegok garai hoberik...
-Jesuitetara bizitza guztirako sartzeko kontua, noiz erabaki zenuen?
- Hori pixkana, xalto txikitan egiten den kontua duk. Ama nola falta nian etxean, ba, halako tiradarik ere ez etxetik eta... bestalde, maisu izateko gaitasunik ere banian, sermolaritzarako ere bai, ba, tira, aurrera eta kitto!
- Baina estudioak, iada sakonagoak, gaztelerrian egin behar izan zenituen, ezta?
- Hori bai. Orduan jesuitek heziketarako bizileku guztiak hortik zehar zizkitekean, eta han ibili ninduan ni. 17 urte betetzerako erabakia nian jesuitetara sartzea. Nobizio, bi urtez, Villagarcía de Campos-en egon ninduan. Bai ondo hantxe! Ondo nobizio bezala: ikasi beharrik apenas, otoitzean lehenengo pausu sakonak ikasten, elkarte-bizitzako xarmaren goxoa dastatzen... gustora pasa nizkian, nire lagunetako beste batzuek ez bezala. Jakina, etxea utzita etorriak, lagunak noiz itzuliko ziren zain artean ere, nexka-gazteren bat ere tarteko izango ziaten... Ni, primeran.

-Dena ez zitzaizun, ba, guztiz ona tokatuko: aldarte txarren bat edo beste ere izango zenuen zeuk ere...
-Aldarte txarrik? Keba, keba! Bakar bakarrik, hori bai, gehixeago kosta zitzaidakean. Begira: gure euskal herrietatik hara, alde nabarmenena topatu nian paisaian eta giroan. Horma eta pareta sano bat ere ez. Harrizkoak esan nahi diat, denak lur-zotalez eginak; txabolak ere halaxe, eta teilatuak? Haiek bai gonbitogurea eman zidatela. Arre-arreak, teilak lur-kolorekoak... gure teilatu gorriak eta etxe txuriak falta hituan han, zuhaitz berdeekin nahasian. Hori bai, hori dexente baino gehixeago ere kosta zitzaidakean.
- Baina klima, berez, hobea, lehorragoa eta ...
 - Klimarekin zer akordatuko ninduan ni, 17-18 urtetan? Ezta ... !
-Eta Nobiziadutik berriro Bilbora?
- Bai, zakurraren zerera ...
- Horrelako zatarkeriak ere esaten zenituen?
- Non jaioa naizela uste duk ba? Larramenditarra amaren aldetik eta Garagarri baserrian jaioa,e? Hori ez ahaztu! "Txakurraren salara bidaltzen genian guk, txikitatik eta airoso, edozein kontrario ...
- Non sartu zinduten bada?
- Promesak, erlijioso bizitzarakoak, egin nizkian eta filosofia ikastera aguro. Medina del Campo orduan ezagutu nian. Han, Losada jesuita maisu genuela, nire buruko ganbara eta mandioak arakatzen eta tolesten ikasi nian, arraioak ez badu! Haren pentsatuerazi beharra!
- Zer moduz manejatu zinen filosofia ikasten?
- Ondo, ondo. Aurren aldera, nahastu antzean ibili ninduan, beste belazeetako mokaruen irrikaz edo. Baina, hariari heldu nionean, gustora oso. Nik beti esan diat, erraminta oso ona nuela hemen ganbaran pentsamendu guztiak eihotzeko, eta malizi puxka bat jartzen nian zenbait pentsamoldetan, eta primeran. Filosofi kontuak beti izan dizkiat gustoko. Bertso batzuk ere egin nizkian filosofiaz, hortik pentsa!
- Eta hurrena, zer gehiago ikasi zenuen?
- Ikasi? Maisutzan ikasi behar izan nian hurrena. Jesuitek baziaten ohitura kurioso bat, eta denok pasa behar izaten genian maisutzan, erakusten, alegia. Urte bete bakarrik egin nian hartara. Ohartuak nizkian nire nagusiak azkarra nintzela, eta Salamancara joan beharrean aurkitu ninduan estudioak osabetetzera. Bost urte bota nizkian han.
- Unibertsitatean, noski.
- Bai, bai. Nire buruari farre suelto egiten nintxioan batzutan: «Hi, Manuel, Andoaingo baserritik Salamankara Unibertsitatera: hik eman duk saltoa, hik». Baserritar iaioa izaki! Orduan harrapatuko nituen nik gustora Bilboko kasteilano mokotxorrotx haiek ... lepotik behera farre egiteko!
- Sermolaria ere aparta izan zinenez, noiz landu zenuen? Izan zenuen batere astirik?
- Izan, ez asko. Baina hartu egin behar! Urte horietan seinalatu ninduaten -"oracion funebre" deituriko sermoi aipatu horietako bat emateko. Nire Salamankara lehenengo urtean izan huen hori, Margarita erregina hil zelako hain juxtu. Nik poliki idazten nian, eta banizkian sermoi dotoreak eginak eta emanak. Baina hau, ez pentsa! erreginaren hau latinez egin behar izan nian, eta, jakina, gero ospe haundiz argitaratua izaten huan.
- Ederki emango zenuen! Garagarri baserriko gaztea latinez sermoi dotorea aldarrikatzen!
- Halaxe huen ba! Baserritarrok asko balio genuela, motel, kaletarrek baino gehiago! Hori huen nire leloa, eta gaur bertan ere hotsegingo nikek gustora ...
- Eta sermolari izatea noiz otu zitzaizun?
- Aa! Oraintxe esango diat noiz bota nuen nere lehenengo sermoia. Harrituta geldituko haiz. Etorri huen Garizuma batean Arantzazuko praile kaskamotz bat Andoaina, tinieblak-edo ematera: hala deitzen genitxien orduan Garizumako sermoi latz haiei. Haren emana! Nik ere horrenbeste behar nuela, ba; halakoxea izango nintzela noizbait. lnulabarrean, aitak ardiak etxera ekartzean -23 ardi genizkian- sartu artegian, jarri jeizteko aulkitxoan tente, eta han bota nintxien ardi gaixoei nere lehenengo sermoia. Halako batean, jo ardi batek aulkitxoa eta hankaz-gora bota ninduan arte....
 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

 

AGURO: Azkar, arin.
AHALMEN: Ahal+men. Gaitasuna. Era berean: entzumen, idazmen, mintzamen …
AKORDATU: Konturatu, erreparatu.
ALDARRIKATU: Igarri, publikatu.
APARTA: Berezikoa, bikaina. Extraordinario/a.
ARAKATU: Miatu, aztertu.
ARRAIOAK EZ BADU!: ¡Vaya que sí!
ARRE: Lur kolorekoa. Pardo/a.
ARTEGI: Ardien babesleku edo aterpea.
ASTI: Beta, denbora.
BELAZE: Belardia, zelaia.
DASTATU: Gozar.
EIHO: Tejer.
EMAN: Etorria. Inspiración.
IAIO: Trebea, abila.
IRRIKA: Desioa, grina.
JEITZI (JETZI): Ordeñar.
LANDU: Jorratu. Cultivar, trabajar.
LATZ: Gogorra, lakarra.
LELO: Estribillo.
LUR-ZOTAL: Terrón.
MAISUTZA: Maisu+tza. Maisu ofizioa. Era berean: neskametza, alkatetza, nekazaritza.
OSPE: Sona, fama.
OTU: Bururatu. Ocurrírsele a uno/a.
PRIMERAN: Oso ongi.
TOLESTU: Ordenar.
XARMA: Lilura. Encanto.

Aita Larramendi (eta IV)


- Don Manuel ere...
- Hi, uztak -Don- hori aparte, jantzi hori ez duk gaurkoa eta, kapusai zahar baten usaia zeukak horrek.
- Baina, horrela deituko zizuten bada, Unibertsitatean maisutzan zeundenean, edo ez?
- Bueno, orduan, denetik. Gehienean, «Padre Manuel- edo "Don Manuel", eta bateren batek -Don Padre Manuel- ere bai, bat gutxi balitz...
- Salamankan, irakasteaz aparte, izan zenuen beste zereginik, noski.
- Bai, sobrare. Sermolari onaren fama erantsi zidatekean, eta nola latinez ere erraztasun dezentea nuen, ba, gizon sona haundikoren bat hildakoan, han nizkian eskean: hileta- sermoia egin behar, “oracion funebre” deitzen ziotekean orduan. Bota nizkian horietakoak ere, 20tik gora bai. Luis errege lehena hil zenean, eta auskalo zenbat ministro eta haundizki.
- Gure Euskal Herri honetan, jesuitek eta praile kaskamotzek beti izan dute mixiolari-fama ondo merezia. Ikaragarrizko sermoiak, beldurgarriak oso, jotzen omen zituzten kulpitotik, eliza ilunbetan jarrita, Aste Santuan batipat. Orduan, Salamanka aldean, ez al zen horrelakorik?
- Izango ez huan ba? Urtero-urtero, batailatu gabe, ematen nizkian mixioak. Palentziakoa sonatua izan nian; 36 urte nizkian orduan, sasoia sobrante, eta Unibertsitateko girotik pixka bat ateratzeko gogoa ere bai.
- 40 urte egitean, Valladolid-en azaltzen zara. Nolaz?
- Nagusien aginduz, motel. Erljiosoen bizitzan badakik guk geuk ez dugula non bizi eta zertan ihardun aukeratzen. Besteak dizkiagu agintari, besteak "alkate». Han, Valladoliden, teologia morala erakusteko izan huen agindua eta sermolaritzara jotzeko gogotik. Hartantxe ibili ninduan gustoen, dezente irakurtzeko aukera nian-ta.
- Eta erreginaren aitorle izendatu zindutenekoa?
- Ba, orduan sortu huan hori. Bai. Karlos llaren alarguntsa, Neoburgo-ko Mariana, Baiona aldera erretiratu zenean, nere lur maitera itzultzeko aukera izan nian. Lan-pixka nian hartan. Konbertsazioa eman behar askotan erreginari, baina, gainerantzean, ordu asko nizkian neronentzako, irakurtzeko eta idazteko eta...
 - Baina, langile porrokatu batek erraz etsi lezake erregin baten kapritxoen mende?
- Adizak, kapritxorik ez. Erregina kultura dezenteko emakumea huan, denetik jakitea gustatzen zitzaiona. Arimaren aldetik, sentibera oso. Eta, bestalde, hamaika ahaleginetan sortzen den zorabioa lasaitzeko, ba al dakik zeinen egoki suertatu zitzaidan deskantsu hura? Lastima gehixeago ez irautea! Badakik nolako saltsak sortu ziren, kalumniaz iraindu gintuztenean ...
- Bai. Eta nola sortu ziren laido eta irain horiek?
- Ba, badakik. Ez nauk izan geldi eta bake-bakean egotekoa. Eta Baiona inguruan nola jansenistak eta galikanistak indarrean zebiltzan orduan, nik ezin nian eraman, eta sartu ninduan muturrez aurrera haiekin eztabaidan, zirrikitua ikusten nuen bakoitzeko sartu ere. Etzidaketen barkatu. Beren tamainako kortesano exkax bat erosi ziaten, hura engainatu eta bota ziaten iraina biririka... aguro hazi huan eta, gurpil bat bailitzan, hor joan huan aurrera.
- Estu ibiliko zinen...
- Etzak uste, ez hainbeste. Niri bost axola nire bizkar esan nahi zituztenak. Ezin eraman nuena erreginaren ondra huan. Tatxarik gabeko emakume garbiaren izena eta ohorea laidokeriaz zikintzea. Hori ezin nian inolaz ere eraman. Sevillaraino joan ninduan Felipe V. aren aurrera. Han argitu nizkian argitu beharrekoak eta hantxe denak lasaitu.
- Latza izango zen hori dena, e?
- Bueno, ohituta nentxegoan haundizki guzti horiekin tratuan. Orain, gauza bat esango diat. Pasarte horixe izan huen nire Kalbarioa, eta hortik etorri zitzaidakean bazkoa ere.
-Aber, argi ezazu hobeto hori.
- Begira, motel. Gizon-emakume bakoitzak, bere bizitzan, hor izaten dik bere trantzea, bere kinka-sasoi edo gune berezia: batzutan, estuasun eta bihurritze edo itto-beharrekoa: bestetan, osasuna galtzeko zorian edo aurkitzen denekoa. Kalbario horretatik, egoki argitzen eta gainditzen duen heinean, sortuko zaiok berebiziko diztira eta egundoko arnasa zabala.
- Eta zuk? Zein ondorio izan zenuen, bada?
- Motel, erreginak berak gure nagusiari baimena eskatuta- "patentea" deitzen zitzaion orduan-, Loiolara etortzeko zoria lortu nian. 44 urte! Sasoi betean eta nere gustoko lanak egiteko aukera nian eskuartean orduantxe. Ez nizkian gustora utzi nere nagusiak, alajainena! Haiek Unibertsitatera bidali nahi, eta nik honuntza etorri behar nuela. Ba al dakik non zegoen koxka? Nik euskara landu nahi...
- Aaa! la. Eta Loiolan? Ez zinen deskantsuan egongo, ziur asko...
- Pentsazak! Hiztegiari heldu eta, zenbat lan? Zenbat baserri bixitatu? Zenbat paper-puxka bete? Zenbat zirriborro han hemen? Zenbat aiton-amonekin solasaldiak? Hor zegok emaitza: Diccionario trilingüe del Castellano, Bascuence y Latin.
- Eta gainerakoak. Gustoko lana zenuen, inondik ere, idaztea.
- Bai, motel. 32 urte bete-beteak, ondo umotuak, baserritarren eta kaletarren artean, bai gustora bete nituela denak. Eta, bakean...
Horixe harritzekoa. Aita Manuel bakean bizitzea. Eman zion lanari, bai. Hiztegiaz aparte, hor dago El lmposible Vencido, eta hor De La Antigüedad y Universalidad del Bascuence en España. Eta zenbat idazki gehiago? Gurdixka bat bete bai.
Bestalde, sermoi-mordoa eman zuen, Gipuzkoako herri eta herrixketan batipat. Eta, nola udalek, zenbait auzi garbitzeko edo mesederen bat lortzeko, babes eske maiz inguratzen zitzaizkion, ezagupide asko zuelako gorte inguruan, tokatu zitzaion bai ihardun beharrik franko. Moja-komentu askotan ere izan zuen laguntzeko era. Urte emankorrak izan ziren, benetan, Manuel Larramendiren azken 32 horiek. Sona eta hots haundirik ez, baina Euskal Herriari eta euskarari mesede betekoak suertatu zitzaizkion.
 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

 

AUSKALO: Batek daki.
BABES: Geriza, laguntasuna. Protección.
BATIPAT (BATIK BAT): Batez ere, bereziki.
BEREBIZIKO: Egundokoa, sekulakoa.
DIZTIRA: Argitasuna. Brillo, claridad.
EMAITZA: Emaria, fruitua.
EMANKOR: Joria, naharoa.
ETSI: Amore eman. Ceder, resignarse.
EZTABAIDA: Sesioa. Discusión.
GAINDITU: Garaitu.
HAZI: Crecer.
IRAINDU: Laidotu. Injuriar.
KINKA: Larritasuna, estuasuna.
KOXKA: Gakoa. Clave.
KULPITO: Púlpito.
LANDU: Jorratu. Cultivar, trabajar.
LATZA IZAN: Gogorra edo lakarra izan.
MAISUTZA: Maisu+tza. Maisu ofizioa. Era berean: artzaintza, nekazaritza, sermolaritza, alkatetza.
MAIZ: Sarritan, usu.
NAGUSI: Superior/a.
PORROKATU: Amorratua, suharra. Empedernido/a.
SASOI: Osasuna, indarra.
SENTIBERA: Senti(tu)+bera. Sensible. BERA atzizkiak joera edo izakera adierazten du. Esate baterako: izerbera, minbera, egosbera …
SOBRARE: Jakina, dudarik gabe.
SOLASALDI: Berriketa, elkarrizketa.
SONA: Fama, izena.
UMOTU: Heldua, zoritua.
ZIRRIBORRO: Borrador.
ZIRRIKITU: Rendija.
ZORABIO: Mareo.
ZORI: Zortea. Suerte.

 


C2
2016-01-29
  • Zabala , Pello
16138486
5889