Aldizkari Digitala
Zergatik du surfak horrelako arrakasta?
Euskal Herriko hondartzetan ohikoa da jendea surf egiten ikustea. Baina, noiztik du horrelako arrakasta? Zergatik?
Ohol baten gainean jarri eta olatuetan irristatzea, hori da surfaren helburu nagusia. Euskal Herriko hainbat hondartzatan ohikoa da jendea kirol hau praktikatzen ikustea. Baina, noiztik du horrelako arrakasta? Zergatik? Jarraian, hori aztertzen saiatuko gara.
Surfa Hawaiin sortu zen, XX. mendearen hasieran. Berehala Kaliforniara eta Australiara zabaldu zen, baina 30eko hamarkadara arte ez zen Euskal Herrira iritsi. Esaten dutenez, lehenengo surflaria Ipar Euskal Herriko hondartzetan ikusi zuten, zurezko ohol baten gainean etzanda. Handik gutxira, gazteak gauza bera egiten hasi ziren. Horrela iritsi zen surfa Euskal Herriko kostaldera.
Txomin eta Ione Lopez Manterola (Hendaia, 2000) anai-arreba bikiak dira. Gaztetan hasi ziren surf egiten, “6 edo 7 urterekin” eta, ondoren, bodyboardean, “11 urterekin”. Gaur egun, Txominek surfa alde batera utzi du, baina Ionek biak egiten jarraitzen du. Hala ere, bodyboardeko txapelketetan bakarrik hartzen dute parte biek: Txomin, Frantziako azpitxapelduna da, kadete mailan eta, Ione, berriz, maila bereko Frantziako txapelduna da Ondine Espoir kategorian. Miarritzeko Hondartza Handian elkartu gara beraiekin eta uhinak nola hartzen dituzten ikusteko aukera izan dugu.
SURFA vs BODYBOARDA
Surfa baino beranduago iritsi zen bodyboarda munduko itsasertzetara. Hainbat antzekotasun dituzte: ohola, uhinak hartzea edo janzkera. Baina beste hainbat gauzatan desberdinak dira: surfeko ohola, olatuetan irristatzeko modua edo itsasoan egiten dituzten trukoak.
Lopez Manterola bikiak surfa egiten hasi ziren lehendabizi. “Gure arreba nagusiak erakutsi zigun eta asko maitatu genuen. Ondoren, nik bodyboardean entrenatzeko aukera izan nuen eta bizitako sentsazioak gehiago gustatu zitzaizkidan”, azaldu digu Txominek. Ionek, berriz, surfa eta bodyboarda egiten ditu: “Nik olatuen arabera aukeratzen dut: beti egingo ditut biak, ziur nago. Hala ere, aurten ez dut surfeko txapelketetan parte hartuko, bodyboardekoetan bakarrik lehiatuko naiz. Bi kirolak uretan egiten badira ere, modu oso desberdinean egiten dira”, kontatu digu.
EUSKAL HERRIKO ARRAKASTA
Mundakatik (Bizkaia) Biarritzera (Lapurdi) hondartza askotan surfeatu daiteke eta hainbat motatako uhinetan, gainera: Iparraldean hondarrezko olatuak daude, Hendaian arrokekin sortzen dira (Vantrax), eta Zumaian edo Mundakan uhin indartsuagoak aurkituko ditugu. “Mundaka asko gustatzen zait; mundu guztian da ezaguna, perfektua delako. Asko maite dut”, esan digu Txominek.
Lekuak bakarrik ez, mundu-mailako txapelketak ere antolatzen dira Euskal Herrian. Gainera, surflari eta bodyboarder ezagunak dauzkagu, Lopez nebaren ustez: “Bodyboardean munduko bosgarren sailkatua Zumaiako Alex Uranga da, adibidez”. Horrez gain, nork ez ditu ezagutzen Aritz Aranburu edo Eneko Acero surflariak?
Kirol hau praktikatzeko aukera zabala dugu hemen. Hala ere, surflariek olatuen bila asko bidaiatzen dute. “Kanariar Uharteak asko gustatzen zaizkit, baina nire ametsa Indonesiara joatea da. Gure arreba bat Balin dago eta bertara joan nahi dut”, adierazi digu Ionek. Txominek ere bidaia horixe egin nahi du, baita Tahitira edo Australiara ere.
BIZITZEKO MODUA
Surfa edo bodyboarda kirol bat baino gehiago dira pertsona askorentzat: kultura edo bizitza ulertzeko modu bat. Arropa, furgoneta, bidaiatzeko modua, naturarekin duten konexioa… Hainbat bereizgarri dituzte.
Eta zuk, badakizu surf edo bodyboard egiten? Zergatik dute horrelako arrakasta Euskal Herrian? Zure ustez, kirol bat baino zerbait gehiago dira?
1. Noiz hasi zinen surf egiten? Eta bodyboard?
TXOMIN: Lehenik surfa gure arreba handiak erakutsi zigun, nik asko maitatu nuen ere bai eta Ionek ere bai. Hasi ginen lehenik surfarekin, 7 urterekin, 6-7 urterekin eta gero nik bodyboarda deskubritu nuen nire entrenatzailearekin, eta hasi nintzen joaten entrenamenduetara, surfen entrenamenduetara eta gero bodyboarden entrenamenduetara ere bai, 11 urterekin. Eta gero 12 urterekin, surfa utzi nuen pixka bat aldera eta bodyboardean segitu nuen bakarrik konpetizioetan eta guzti.
2. Zer desberdintasun dago surfaren eta bodyboardaren artean? Zein duzu nahiago?
IONE: Nik e… kirola desberdina da, nahiz eta urean izan, taula eta figurak desberdinak dira. Eta urean egiten duzun guztia desberdinki egiten duzu. Ez dut aukeratzen, biak egiten ditut eta horregatik ez dut inoiz bat edo bestea gelditu.
3. Euskaldunon artean, surfak arrakasta du?
TXOMIN: Euskal Herria itsasertzean dago eta Mundakatik Miarritzera badaude leku-pila bat surfeatzeko eta olatu desberdin asko-asko. Orduan, Euskal Herrian badaude surflari eta bodyboardlari oso azkarrak, eta, nire ustez, kirol hori pixka bat tradizioan sartzen ari da. Eta Euskal Herriko kirol polita da.
4. Kirol hau lanbide bilakatzea zaila da? Eta emakume izanik?
IONE: Gaur egun surfean diru gehiago dago eta mediatizatuagoa da, ezagunagoa. Eta haiek bai laguntzekin, markek laguntzen dituzte haien zirkuitoa segitzeko eta horretaz bizitzeko konpetizioak irabazten badituzte, baina gero oso zaila da horretaz bizitzea, adibidez bodyboardean, hor ez dagoelako diru-laguntzarik eta inor ez duzu segitzeko. Eta gainera emakume izanda… Ez, ez!!
