Surfa Euskal Herrian

Surfa euskal kostaldean oso zabaldua dagoen kirola da. Euskal Herrian egun, 50 surf-txapelketa jokatzen dira, horietako batzuk mundu-mailan oso ezagunak.

Denbora adierazleak

 

Surfa euskal kostaldean oso zabaldua dagoen kirola da. Euskal Herrian egun, 50 surf-txapelketa jokatzen dira, horietako batzuk mundu-mailan oso ezagunak. Surf-hondartza garrantzitsuak dira Angelu, Bakio, Gros, Hendaia, Sopela, Mundaka, Zarautz, Zumaia… Biarritzen Munduko surf-txapelketa egiten ari dira egunotan

Hona hemen kirol honi buruzko hainbat datu eta bitxikeria:
•    1778. urtean kolonizatzaile britainiarrek esan zuten Hawaiiko jendeak taula batzuk erabiltzen zituela olatuen gainean ibiltzeko.

•    Kolonizatzaile britainiarrek ez zuten nahi surfa erdi-biluzik egitea, eta debekatu egin zieten kirola hawaiiarrei. Beraz, bertakoek ezkutuan egiten zuten (XVIII-XIX. mendeetan gaude).

•    XX. mendean, hawaiiar batzuek debeku horretatik atera zuten surfa. Tartean zegoen Duke Kahanamoku surflaria, 1912ko olinpiadan urrezko domina lortutakoa igerian. Igerilariak bere ospea erabili zuen surfa ezagutarazteko. Hori bakarrik ez, 1925an, Kanadan, 8 arrantzale salbatu zituen itotzetik. Surf-taularekin iritsi zen arrantzale horiengana eta heroi bihurtu zen.

•    Felipe Pomar surflaria da, Perukoa, munduko txapelduna izandakoa. Berak dio surfaren oinarria Perun dagoela. Bertan ”Totorako zalditxoak” izeneko ontzi-antzeko batzuk erabiltzen dituzte, duela 4.000 urte baino gehiago. Garai hartan Hawaiin ez zen inor bizi. 


  Totorako zalditxoa, antzinakoak bezalakoa.

•    1957. urtean Peter Viertel aktorea Biarritzen zegoen, “Fiesta” filma egiten. Aisialdian surfa egiten zuen. Handik aurrera, urtero etortzen hasi zen Biarritzera. Itxuraz, Viertel izan zen Euskal Herrian surfa egin zuen lehena. Oraindik ez da demostratu Viertelen aurretik, 20 urte lehenago, Françoise Delannek surfa egin zuenik, bodysurfinga egiten baitzuen (taulan etzanda). Baina surfa?

50eko surflariak Biarritzen.

•    Euskal Herrian bi olatu famatu ditugu, mundu osoko surflariak erakartzen dituztenak: Belharra eta Mundakakoa. Belharra Lapurdin dago, Hendaia eta Donibaneren artean, eta berezia da ekaitza dagoenean ikaragarria izan daitekeelako. Gainera, kostatik bi kilometrora lehertzen da, itsaso zabalean eta surflariek ez daukate hartzeko erreferentziarik. Mundakakoa, berriz, ezkerreko munduko olaturik onenetakoa omen da.

Belharra eta Mundakako olatua famatuak.

•    Aizarnazabalen dago Wavegarden surflari eta ingeniari talde batek  sortutako olatu artifiziala. Ordubetean 120 olatu sortzen ditu, 220 metroko luzeran indarrik galdu gabe. Asmakizuna dagoeneko hainbat herritara saldu dute.

Aizarnazabalgo Wavegarden.

•    Zarauzkoa da Aitor Francesena surflaria, 2017ko munduko txapelduna ISA Munduko Surf elkarteko 'visually impaired' (ikusteko zailtasunak dituzten pertsonak) kategorian. Eliteko eta bestelako surflari askoren entrenatzaile izan da. 2011n itsu geratu zen, 41 urterekin, baina hori ez du arazo surfa egiteko.

•    Pauline Ado hendaiarrak Biarritzeko mundu-txapelketan garaipena lortu du.


B1
2017-05-24
16174067
4259