Mari marinela

Mari edo Aita Mari. Zumaian edo Donostian paseoan ibili bagara, seguru ikusi dugula bere ohorez egindako monumentua.

Denbora adierazleak

Orain dela gutxi Jose Maria Zubia, Mari liburua argitaratu dute Zumaiako eta Donostiako udalek. Bere balentriek egin zuten ospetsu Mari arrantzalea. 1861ean Mariren tripulazioa 7 marinel galernatik salbatzera atera zen Donostiako moilatik, eta 2 salbatu zituen. Heroi bihurtu zen Mari. Handik bost urtera, 1866ko urtarrilaren 28an, berriro saiatu zen 4 arrantzale getariar salbatzen, baina bidean olatutzar batek Mariren ontzia irauli eta hantxe hil zen. 4 arrantzaleak ere hil egin ziren, eta hauekin batera bisigutara joandako beste 34ak ere bai. Batzuk Pasaia parean akabatu ziren eta beste batzuk Donostia parean, baina ez ziren alferreko heriotzak izan. Orduz geroztik, itsas herrietako agintariak hasi ziren pentsatzen zerbait egin behar zela arrantzaleen bizi-baldintzak eta lan-baldintzak hobetzeko.

Mari eta Neptuno 1866ko Donostiako Inauterian
Mariren 1861eko balentria eta gero, Donostiako Antzoki Zaharrean ekitaldi bat egin zen alargunentzat dirua biltzeko. Eta Mari hil eta gutxira, donostiarrek busto bat egin nahi izan zuten bere omenez. Beraz, 1866ko inauterietan konpartsa  batek, dirua lortzeko, karroza bat atera zuen. Karrozan Mari zihoan Neptunorekin batera, eta karrozatik tiraka hiru izurde. Konpartsak ekitaldi bat eskaini zuen Konstituzio plazan eta Donostiako Udalak dirua jarri zuen ekitaldia bultzatzeko.

Orain Marik bi busto dauzka, oso antzekoak. Bat Donostiatik Zumaiara eraman zuten, bere jaioterrira, eta bestea Donostiako kaian dago, azpian bertsoa duela. Zoritxarrez, Antonio Arzaken bertsoa irakurrita, jendeak ez du jakiten nor zen:

URRIKALDUAK SALBATU NAYAZ EMAN ZENDUBEN BIZIYA,
TA GAUR DAUKAZU, GOITALCHATUAZ OBIZ ITSASO AUNDIYA:
¡LO EGIN ZAZU BAGA ZOÑUAZ.... O GIZON MAITAGARRIYA!
ONRATURIKAN ZURE GLORIYAZ DONOSTI ETA KANTAURIYA.

(Urrikalduak salbatu nahiaz eman zenuen bizia,
Eta gaur daukazu, goi altxatuaz hobiz itsaso handia:
Lo egin ezazu baga soinuaz… o gizon maitagarria!
Ondraturik zure gloriaz Donostia eta Kantauria. )

Eta Zumaiakoan:

MARI, AITA MARI!
AMAIKA BIZI OSTU
ZUK ITXASOARI!
ITXASOAK BAÑA
BERE AMORRUETAN
ZERORI ORDAÑA
MARI! GURE MARI!

Zumaiako bustoaren azpiko plakan bi goitizen ageri dira: Mari eta Aita Mari. Donostian protestak izan ziren egunkarietan, Mari zela bere benetako goitizena. Ondorio horretara heldu ziren Mariren biografia aztertu zutenak. Beraz, Donostiako kaian Aita horren arrastorik ez dago. Zumaian bai.  

Zumaiako eta Donostiako oroigarriak.

Bi eskulturak izan dira zaharberrituak. Zumaian dagoena Donostiako Udalak Candido Zendoia Zubiari eman zion, Mariren ilobari, eta honek Zumaiako Udalari. Candido eta Mari oso antzekoak omen ziren, eta badirudi eskultoreak Candido erabili zuela modelo gisa Mariren bustorako, ez zegoelako Mariren argazkirik. Baina modelo-lana da gutxienekoa, Candidok bizitza osoa eman zuen herriak eta administrazioak osaba ahaztu ez zezan. Apaiza zen. Apaiz horrek Donostiako San Telmo museoari doan eman zizkion Mariren biografia bat euskaraz, beste bat erdaraz eta Mariren balea-arpoi bat.  

Beraz, ikusten da bai herri xeheak, bai agintariak estimatzen zutela Mari. Esan bezala, Mari hil zen egunean, bera barne, 39 arrantzale hil ziren. Eskerrak, Mariren tripulazio osoa salbatu egin zuen Holandes izeneko itsasgizon batek. Nolanahi ere, arrantzaleak salbatzeko maiz beste batzuek bere bizia jartzen zuten arriskuan, beti oso bitarteko xumeekin. Zerbait egin beharra zegoen. Ordura arte, alargunei eta umezurtzei diru-laguntzak ematen zizkieten. Eta kito. Marik berak ere, bera hil arte, soldata bana eman zien itsasoan hildako bi arrantzaleen alargunei.

Mari kalea Zumaian eta Donostian
Mari eta arrantzale getariarrak hil ziren urtean Gipuzkoako Batzar Nagusiek bi erabaki hartu zituzten: ekaitzak aurrez detektatzeko behatoki bat eta eguraldia aurreikusteko sistema bat jarri behar zirela martxan. Bi asmo horiek gauzatu baino lehen, askoz lehenago egia esan, Sociedad Humanitaria de Salvamentos Marítimos sortu zen Donostian, 1879an, estatuko lehena. Elkarte horrek erosi zuen Gipuzkoako lehen sorospen-ontzi motorduna, 1907an. Ontziaren gidarietako bat Mariren senitarteko bat izan zen, zumaiarra. Ordurako sortua zegoen Igeldoko Behatoki Meteorologiko eta Maritimoa, 1905ean. 1917an Donostiako Udalak Mari izena jarri zion hiriburuko kale bati. Beraz, orain bi kale ditu Marik, bata Zumaian eta bestea Gipuzkoako hiriburuan.  

Mariri hainbat omenaldi  egin dizkiote herritarrek eta agintariek bai Zumaian, bai Donostian, 1933an, 1966an, 2016an…

 

Hiztegi lagungarria:

Bere balentriek egin zuten ospetsu. Beren balentriengatik zen ezaguna.

Bidean olatutzar batek Mariren ontzia irauli. Bidean olatu erraldoi batek Mariren ontzia irauli egin zuen.

Ez ziren alferreko heriotzak izan. Heriotzak ez ziren alferrik izan.

Lo egin ezazu baga soinuaz. Lo egin ezazu olatuen soinuarekin.

Zerori ordaina. Mari, zuri zeuri ordainarazi zizun.

Bi eskulturak izan dira zaharberrituak. Bi eskulturak berritu dituzte, txukundu, konpondu.

Museoari doan eman zizkion. Museoari ezer kobratu gabe eman zizkion.

Beti oso bitarteko xumeekin. Beti baliabide oso eskasekin, xinpleekin.

Soldata bana eman zien. Bakoitzari soldata bat eman zion.

Ekaitzak aurrez detektatzeko behatoki bat. Ekaitzak gertatu baino lehen detektatzeko begiratoki bat. 


B2
2018-02-06
16140977
2875