Katherine Switzer, maratoian aitzindaria

Lehen maratoia 20 urterekin egin zuen, eta balentria errepikatu du 50 urte geroago.

Katherine Virginia Switzer aleman-estatubatuarra ez da atleta profesionala, baina 2017an  Bostongo maratoia egin zuen, 70 urterekin. Lehen aldiz 20 urterekin egin zuen, 1967an. Bera izan zen munduko lehen emakume “dortsalduna” maratoi bat bukatzen. Ez zen erraza izan. Urte hartan epaile bat neskari dortsala kentzen saiatu zen, maratoitik botatzen. Izan ere, 60ko hamarkadan ez zieten emakumeei Bostongo maratoian parte hartzen uzten. Esaten zuten emakumeak ez zirela gai hiru kilometro ere korritzeko, ahulak zirela maratoirako, eta distantziak agian umetokia hondatuko ziela. Katherine Switzer, jakina, ez zegoen ados. Nola lortu zuen maratoian parte hartzea? 


70 urterekin maratoia bukatzen, lehen aldiko 261 dortsal berarekin.

Nor zen Katherine Virginia Switzer?
AEBko militar baten alaba zen. Aita Alemanian zegoen soldadu; bertan jaio zen alaba 1947an, eta handik bi urtera AEBra joan zen familia osoa. Neskak, gaztetxoa zenean, hockeyan hasi nahi zuen. Aitak esan zion horretarako prestatu egin behar zuela, korritzeko egunero mila bat (1,61 Km). Katherine 12 urterekin hasi zen hori egiten.

Urte batzuk geroago entrenatzailea jarri zioten. Neskak 20 urte zituenean, entrenamendu-saio batean, 49 kilometro burutu zituen. Entrenatzaileak hori ikusita, Bostongo maratoian apuntatu zuen Katherine, K. Switzer izenarekin. Antolatzaileak ez ziren jabetu K. hori neska zela, eta 261 dortsala eman zioten. Dortsalarena garrantzizkoa zen. Zergatik? Dortsalik gabekoen denborak ez zirelako erregistratzen. Hori zioen arauak. Neskek ezin zuten parte hartu maratoian, eta mutilek bai, dortsalarekin edo gabe. Katherinek marka erregistratu nahi zuen betiko, parte hartzeaz gain.

Maratoian bultzaka
Baina gauza ez zen hain erraza izan. 1967ko maratoian argazkilariak laster ohartu ziren, maratoia hasiberritan, 261 dortsala neska zela. Neska bat dortsalarekin! Zalapartarekin epaile bat ere azkar ohartu zen. Errepidean sartuta, neskari dortsala kentzen saiatu zen: “Utzi lasterketa, eta emadazu dortsal madarikatua!”, egin zion oihu! Ez zuen lortu: Katherinen mutil-lagunak, Tom Miller futbol amerikar jokalariak, epailea espaloira bultzatu zuen.

Gertaera horiek jaso zituzten argazkiak oso ezagunak dira, eta agian horiek egin dute  ospetsu Katherine Switzer. Neskak lasterketa amaitu bai, baina ez zioten denbora erregistratu; deskalifikatu egin zuten. 

Gertaera osoa jasotzen duen argazki-segida.

Eta nola diren gauzak! Beste neska batek ere parte hartu zuen 1967ko maratoi hartan, 24 urteko Bobbi Gibb-ek. Bera izan zen helmugara heltzen lehen emakumea: ez zeukan dortsalik. Agian horregatik ez zen zalapartarik sortu, baina  ez zioten marka onartu, eta bera ere deskalifikatu egin zuten. Bobbi Gibbentzat Bostongo bigarren maratoia zen 1967koa, aurreko urtean ere parte hartu baitzuen. Bietan dortsalik gabe aritu zen. Dortsalik gabekoek ez zuten aurretik izena eman behar, eta, hori aprobetxatuz, Bobbi Gibbek 1966ko maratoia egin zuen. Ikusleen txalo artean sartu zen helmugara. Txaloak txalo, araudia ez zen aldatu emakumeentzat puska batean.

Baina era batera edo bestera, bi neskek argi utzi zuten gai zirela maratoia bukatzeko, emakumeak gai zirela. Beraz, 1972an, Bostongo maratoi-antolatzaileek hainbat erabaki hartu zituzten. Adibidez, emakumeak onartzea, aitortzea Bobbi Gibb izan zela Bostongo maratoia bukatu duen lehen emakumea, eta baita 1966, 1967 eta 1968ko emakumerik azkarrena ere. 

Bobbi Gibb 1966an, helmugara iritsitakoan. 

1974an emakumerik azkarrena Katherine Switzer bera izan zen, eta bigarrena 1975ean. Lorpen hauek bestelako segida izan zuten, ez ziren maila pertsonalean geratzen ari. Hau da, 27 herrialdetan 400 bat maratoi antolatu zituen talde bateko partaide bihurtu zen Katherine. Talde honek indar handia egin zuen Joko Olinpikoetan emakumezkoen maratoia izateko. Hori 1984an gertatu zen. Iaz, 2017an, 70 urterekin Katherine Switzerrek berriro egin zuen Bostongo maratoia, 261 dortsal mitikoa zuela. Bere bizitzan 40 maratoi inguru egin ditu. Denbora gutxienekoa da. 
 


B1
2018-01-23
16140321
6973