Everestera iritsi zen lehen emakumea

Junko Tabei 1975eko maiatzaren 16an igo zen Everestera, eta modu horretara, balentria hori lortu zuen lehen emakumea izan zen. Jendeak, ordea, gogoan izango du, ez soilik igo zituen mendiengatik, baita berdintasunaren alde emandako pausoengatik ere.

Junko Tabei 1939ko irailaren 22an jaio zen Miharu (Japonia) herrian, Fukushimatik ez oso urrun. Zazpi anai-arreba ziren, bera bosgarrena. 10 urte zituenean Nashu sumendia igo zuen, eta orduan piztu zitzaion mendirako harra. Baina bere familiak ez zuen baliabiderik kirol horretan aurrera egin zezan laguntzeko, eta horregatik, batez ere ikasle-garaian izandako aukerak baliatu zituen mendian ibiltzeko. Ikasketei dagokienez, Tokion lizentziatu zen Ingeles Literaturan emakumeentzako unibertsitate batean. Unibertsitateko mendi-taldeko bazkide ere egin zen.

Junko Tabei. Iturria: nepalitimes.com


Garaiko gizarteari aurre egiten
Junko Tabeik ez zuen sekula ulertu bere garaiko gizasemeen jarrera. Japoniako gizarte tradizionalak etxeko zokoan nahi zituen emakumeak. Mendizaletasuna zela-eta, aurreiritzi matxista askori egin behar izan zion aurre. Elkarrizketa batean adierazi zuen gizon gehienek uste zutela emakumeak senarra bilatzeko egiten zirela mendi-taldeetako kide, eta gizonezko batek baino gehiagok uko egin ziola berarekin eskalatzeari. Jarrera horrekin aspertuta, 1969an, Ladies Climbing Club-a sortu zuen, emakumeentzat bakarrik zen Japoniako lehen mendi-taldea. Taldearen asmoa Himalaiarako emakume-espedizioa antolatzea zen.

Andre-talde indartsu eta irmoa zen, eta berehala lortu zuen asmo hori. Tabeik berak eta beste taldekide batek Annapurna III (7.555 m) igo zuten, taldea sortu eta urtebete eskasera. Aurrera egiteko eta beste helburu batzuk jartzeko animoa eman zien arrakastak, eta tontorrik gorenean jarri zuten helburua: Everesten. Baina Japoniako gizarteak Himalaiako erraldoiak berak baino traba gehiago jarri zizkien: inork ez zien espedizioa finantzatu nahi eta etengabe esaten zieten geratzeko etxean ume-zain. Baina ez zuten etsi, eta azkenean, 1972an egunkari batek eta telebista japoniar batek pausoa eman zuten: espedizioa finantzatzea erabaki zuten. Hala ere, bazen beste arazo bat: espedizioa garestiagoa zen lortutako dirua baino. Beraz, espediziorako aukeratutako 15 emakumeek beharrezko guztia lortzeko moldatu behar izan zuten; besteak beste, autoen eserlekuak birziklatu zituzten eskularruak eta motxilak egiteko, edo euren lo-zakuak ere egin zituzten.

Elur-jausi batek lurperatuak
Espedizioa 1975ean heldu zen Katmandura (Nepal). Emakumez osatutako espedizioa izatea zen euren asmoa, eta horregatik emakume xerpak hartu nahi izan zituzten, baina hauek uko egin eta, gizonezko sei gidari hartu behar izan zituzten derrigor.

Maiatzean hasi ziren espedizioaren hornitze-lanak, eta guztia ondo samar zihoan. Baina gau batean, 6.300 metrotan lotan zeudela, elur-jausi batek espedizio osoa harrapatu zuen. Tabei 6 minutu egon zen lurpean, konorterik gabe, xerpa batek atera zuen arte.

Nahiz eta heriotza gertu ikusi, ez zuten amore eman. Everesteko tontorra ez zen helburu bakarra; gizon askoren aurreiritziak ere gainditu behar zirenez, ez zegoen beste biderik: aurrera egin behar zen. Baina Tabeik bere beldurrak ere gainditu egin behar izan zituen. Izan ere, inork ez zion azaldu gailurretik 100 metro eskasera mendi-ertz bat zegoela, aizto-ahoa bezain estua zena, alde banatan amildegia zuena. Mendi-ertz horretan bi sentimendu etorri zitzaizkion Tabeiri: haserrea batetik, inork aipatu ez ziolako oztopo hori, eta bestetik, oztopoak berak sortutako beldur ikaragarria. Baina bi sentimenduei egin zien aurre, eta elur-jausiak lurperatu eta 12 egun eskasera Everestera heldu zen, Ang Tshering xerparekin batera. Tabeik aitortu zuen tontorrera heltzean lasaitua hartu zuela poza baino gehiago. 1975eko maiatzaren 16a zen.

Communism Peak mendira egindako espedizioa, 1985ean.


Munduko zazpi gailurrak
Tabeik mendizaletasunaren grinari eutsi, eta Everesten ondoren beste gailur batzuk egin zituen. Hala, munduko zazpi gailurrak egin zituen lehen emakumea izan zen. Mendigoizaleen artean ospe handia du munduko zazpi gailurrik garaienetara iristeak (kontinente bakoitzeko bana, gehi Ipar Amerikako eta Hego Amerikako mendirik altuenak). 1992an, Jayara, Ozeaniako tontorrik altuenera, iritsita egin zuen balentria.

Mendi-tontorrak zapaltzeaz gain, mendia garbi mantentzeko ahaleginak ere egin zituen. Junko Tabei eskalatzaileek mendi-goietan utzitako zaborra jasotzeko espedizioak antolatzen aritu zen, eta mendi-bideak garbitzen ere bai. Era batera edo bestera, munduko 70 herrialde baino gehiagotan aritu zen eskalatzen.

2016an hil zen, 77 urterekin, minbiziak jota. Mendizale gisara izango da gogoratua, baina baita gizon-emakumeen arteko berdintasuna sustatu zuelako ere.  
 


B1
2019-05-07
20765551
2181