Sufragistak, "hitzak ez, ekintzak"

Gaur egun herrialde gehienetan emakumeek boto-eskubidea dute, eta bozka bidez kargu politiko baterako aukeratuak izan daitezke, baina hori, noski, ez da beti horrela izan.

Frantziako Iraultzaz gero eskuratutako eskubide urriak kenduta, XIX. mendera arte ez zuten emakumeek ondasunik eduki ezta oinordekotzarako, botoa emateko edo kargu publikoetan aritzeko aukerarik. Seme-alaben gaineko eskubiderik ere apenas zuten. Helburu horiek lortzeko industrializazioak zerikusi handia izan zuen, emakumeak etxea utzi eta lantegietara joaten hasi baitziren, edozein lan egiteko gauza zirela erakutsiz.


Trafalgar Squaren mitina ematen.

Lehen bi talde sufragistak 1865ean sortu ziren, bata Britainia Handian eta bestea AEBn, baina emakumeen boto-eskubidea onartu zuen lehen herrialde independentea Norvegia izan zen, 1913an. Urte batzuk lehenago egin zuen Finlandiak, errusiar Inperioaren zati zelarik. Hau da, emakumeen bozkatzeko eskubidea lortu zuten lehen herrialdeak ez ziren izan talde sufragista indartsuak zituztenak. Edozein modutara, emakumeen aldarrikapenak lehen emaitzak ematen hasi ziren.

Emmeline Pankhurst atxilotua, 1907-1914

Lorpen horretan eragin handia izan zuten andre askok, kasu, Susan B. Antony, hainbat sufragista-talderen sortzailea. Emakume honek 45 urtean 75-100 hitzaldi inguru eman zituen urtero AEBn eta Europan zehar. 1872an Susan B. Antony atxilotu egin zuten AEBko presidentetzarako botoa ematea lortu zuelako.

Ez zen izan AEBko sufragista preso bakarra. Britainia Handian asko atxilotu zituzten. Adibidez, Emmeline Pankhurst. Emakume honek   Women's Social and Political Union (WSPU) sortu zuen 1903n. Elkarte hori hitzetatik ekintzetara pasa zen beren aldarrikapenetan, eta  sufragio unibertsalaren aldeko ekimen asko egin zituen: mitinak, proposamenak Londresko Parlamentuan, Buckingham Palace atarian kateatzea…  

Bolada gatazkatsua izan zen hura. Gose-grebak, atxiloketak eta erasoak ugariak izan ziren. Emily W. Davison sufragista, Women's Social and Political Union, WSPUko kidea, askotan atxilotu zuten; gose-greba egin eta bere borondatearen aurka elikatzen saiatu izan ziren maiz. Hil ere, emakumeen aldeko eskubideak aldarrikatzen hil zen. Antza, sufragisten pankarta bat jartzeko sartu zen zaldien lasterketa-pista batera, eta Jorge V. erregearen zaldiak azpian harrapatu zuen. Handik lau egunera hil zen andrea. Hilobian “Ekintzak, ez hitzak” jarri zioten, orduko talde sufragista baten leloa, hain zuen.

Estatu Batuetako Konstituzioak emakume eta gizonezkoentzako boto-berdintasuna 1920an onartu zuen; Britaina Handian 1929an, eta Alemanian Lehen Mundu Gerra amaitzean; Italian Bigarren Mundu Gerraren ondoren eskuratu zen, eta Espainian 1931. urtean, Errepublikaren garaian.  Gezurra badirudi ere, Suitzan 1974an lortu zuten;  Lienchesteinen, 1984an; Hego-Afrikan, 1994an; Afganistanen, 2003an; Kuwaiten, 2005ean…


Emily W. Davison, Jorge V.aren zaldiak harrapatuta.

Euskal Herrian emakumearen egoera gizonezkoarenarekin berdintzeko lehendabiziko saioak XX. mende-hasierako Bilboko mugimendu sozialistaren baitan gertatu ziren. Borroka ekintzetan gauzatu zen, teorian baino gehiago. Mende-hasierako greba askotan emakumeek garrantzi berezia izan zuten —Irungo emakume pospologileak (1903); Bilboko esnezaleak (1903); Barakaldoko etxekoandreak (1905)—. Lehen Mundu Gerraz gero, Irakasle Eskolak emakumeentzat ireki zirenean egin zuen emakumeak sarrera bizitza publikoan. Kultura-munduan lekua hartu zuen: Maria de Maeztu pedagogoa, Euskaltzaindiko urgazleak, etab. 1926an Primo de Riverak emakumezko zinegotziak onartu zituen (Irun, Bilbao, etab.). Espainiako Errepublikako Konstituzioak onartuta, euskal emakumeek 1933ko azaroaren 5eko Euskal Autonomi Estatuturako hauteskundeetan eman ahal izan zuten botoa lehendabizikoz. Frankismoa heltzean, guztiz desagertu zen mugimendu feminista eta, Europako beste leku askotan bezala, 1968ko udaberrian piztu zen berriro. Urte horretan eratu ziren lehenbiziko elkarte feministak ezkutuan, ezkerreko gazte-taldeekin lotuak. Gaur egun, talde feminista asko daude Euskal Herrian.


B2
2018-03-06
16141821
6107