Publizitatea gutxitzea, publizitaterik onena?

Publizitate-zaparrada etengabea da gure egunerokoan: ordenagailuaren bidez, mugikorrean, postaz... bide ezberdinetatik iristen zaigu eta maiztasun handiz, gainera. Publizitatez inguratuta bizi gara! Zer egin egoera horren aurrean?

Asier Gesalaga publizistak arretaren ekologiari buruz hitz egin du audio pasarte honetan: jarrera horrek zer eragin izan dezakeen bai publizistengan eta baita bezeroengan ere. 

Audioa osorik entzun nahi izanez gero, egin klik hemen

 

 

 

Argazkia: Pixabay

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

- Bi astean behin. Bi astez behin, hamabostean behin.  

- Arratsalde on bioi. Bioi: plural hurbila. Plural hurbilean dagoen hitzak barruan sartzen du hitz egiten duena, nolabait esateko. Adibidez, “gu biok etorri gara”: biok gu horri egiten dio erreferentzia, hitz egiten ari denari. Baina “bioi” horren barruan ez dago hitz egiten ari dena.    

- Nekagarri ere gerta daiteke.  Neketsua, nekatzeko modukoa ere izan liteke. 

- Arreta pixka bat eskaintzea. Arreta eskaintzea, aintzat hartzea edo jaramon apur bat egitea. 

- Dirua alperrik galtzea. Dirua harrika botatzea.   

- Huts egiten dugu gure bezeroengana iristerakoan. Huts egiten dugu gure bezeroengana heltzeko orduan. 

- Soiltasunera buelta. Berriro sinpletasunera itzuli. 

 


Bajar
Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Olaia Urtiaga esataria. Itziar Alduntzin, arratsalde on.  

Itziar Alduntzin esataria. Baita zuri ere. Bai. Bi astean behin egin ohi dugu ba tartea Gesalaga jaunarekin. Gesalaga publizistarekin.  

Olaia Urtiaga. Asier Gesalaga, arratsalde on.  

Asier Gesalaga publizista. Arratsalde on bioi.  

Olaia Urtiaga. Gaur zeri buruz hitz egin nahi duzu? 

Asier Gesalaga. Aizu, arretaren pandemia, pixka bat ideia hori etorri zitzaidan burura, ezta? Eta zer da arretaren pandemia? Eta seguru asko mundu guztiak segituan (berehala) ulertuko du.  Momentu oro daukagu derrepentean publizitatea inguruan, ezta? Publizitatez inguratuta gaude. Eta publizitateak arreta eskatzen digu momentu oro. Eta orduan, batzuetan publizitatean eta eskatzen duen arretan pentsatzen jarrita, pandemia bat bizitzen ari garela iruditzen zait batzuetan. Ze(ren) arreta-eskaera hori etengabea da eta batzuetan ere ez dakit, nekagarri ere gerta daiteke.  

Olaia Urtiaga. Asier, zein da publizistek duzuen lanik zailena orain?  

Asier Gesalaga. Ba hori izaten da. Publikoak… Zer esan nahi duzun edo zer esan nahi diezun edo zein produktu erakutsi nahi diezun… Arreta pixka bat eskaintzea, ez? Eta hori gaur egun zaila gertatzen ari da. Eta berdin dio euskarria zein izan. Berdin dio Internet izan, berdin dio mugikorretan, berdin dio telebistan, berdin dio irratian… Saturazio-puntu bat ere (betekada apur bat ere) gertatzen ari da, e! Eta hori da gaur egun, iruditzen zait, edozeinentzat erronkarik zailenetakoa.  

Itziar Alduntzin. Beraz, dago informazio-kantitate gehiago, inoiz baino gehiago, ez?  

Asier Gesalaga. Bai. Hori da.  

Itziar Alduntzin. Baina horrek ez du esan nahi kantitate handia izanda ere zerbait geratzen zaigunik. Ez dakit. Zuk zer uste duzue egin beharko zenuketela zuen arloan, zuen lan-arloan? Zer, zer da proposatu dezakezuna zuk? 

Asier Gesalaga. Beida (begiratu). Guk jende askori esaten diogu edo gure bezero askori hori komentatzen diegu. Askotan maiztasuna edo inpakto asko (irismen handia) lortzea edo behin eta berriz hor agerian egotea iruditzen zaio jendeari dela garrantzitsuena. Eta askotan ez dut uste hori helburua denik, ze(ren) iruditzen zait garrantzitsuagoa dela kalitatea, adibidez, ezta? Inpakto gutxiago, kalitatea, bezeroa errespetatu, bere denborak errespetatu, pixka bat hori, hausnarketa egiteko bere denbora ere eman. Beste funtzionatzeko modu edo era bat, e!  

Olaia Urtiaga. Eta iruditzen zaizu, estimulu-maila hau gutxitzea planteagarria da?   

Asier Gesalaga. Aber, etikoki adibidez, honen inguruan, zer esango dut? Hausnarketa bat egin, ez? Ze(ren) iruditzen zait hori gure kontra d(ih)oala, ze(ren) momentu batean, gainera hori, jendeak ez dio arretarik egingo… Orduan markek egiten duten saiakera eta esfortzu guzti hori (esfortzu hori guztia) ez da ezertarako izango, dirua alperrik galtzea izango da. Eta orduan berriro ere arreta hori berreskuratzeko, iruditzen zait, ba hori, beste, beste tarte batzuk eta beste denbora batzuk erabili behar direla edo beste era batean egin behar dela. Eta bereziki ba hori, esaten duguna. Orduan, kuriosoa da, kontraesan bat da. Gure bezeroen inguruko informazio gehiago daukagu, baina kale eta huts egiten dugu gure bezeroengana iristerakoan, ez? Orduan hobeto ezagutu ditzagun, kontaktatu ditzagun bakarrik (gauza) interesgarrietan zerbait esateko daukagunean eta ez gaitezen behin eta berriz eurengana inguratu edozein aitzakiarekin, aspertu arte.  

Itziar Alduntzin. Arretaren ekologia deitzen da hori? 

Asier Gesalaga. Beitu (begiratu), bai. Askok arretaren ekologia hots egin dio honi. Baina hori oraindik areago d(ih)oa. Pixka bat esan nahi da konektibitate eta kanpo-estimulu gabeko espazio bat lortu nahi dela, pantailarik gabekoa, estimulurik gabekoa, publizitaterik gabekoa… 

Itziar Alduntzin. Ze bakea! Ez? (Barreak). Soiltasunera buelta!: bakea! 

Asier Gesalaga. Bakea izan liteke. Baina ez dakit hainbeste, hainbeste behar ote den.   

Olaia Urtiaga. Bai. Batzuetan zaila egiten da ulertzea horrelako termino rimbobanteak (hitz arranditsuak) behar ote ditugun azkenean dena itzali eta zuretzat momentu hori hartzeko… 

Asier Gesalaga. Hori da.  

Olaia Urtiaga. Azkenean hori delako, ez? 

Asier Gesalaga. Hori da. Azkenean koherentzia pixka bat aplikatzea (ezartzea) da.    

B2
02-05-2022
29364770
00:03:40
549