Ardoa hobetzen al da urteen poderioz?

Galdera horri erantzuten dio Esti Besa enologoak Baipasa irratsaioan (Euskadi Irratia). Izan ere, askotan esan ohi da ardoak hobera egiten duela urteek aurrera egin ahala. Baina hori horrela al da? Ardo guztiekin gertatzen da hori? Eta hobetzen diren ardoek noizbait uzten diote hobetzeari?

Ardoek hobetzeko zer behar duten jakiteko, entzun irrati-pasartea. 

Irratsaioa osorik entzun nahi izanez gero, egin klik hemen.

Argazkia: Diego Delso (CC-BY-SA 3.0)

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Enologo preziatu eta sudur fineko batengana joko dugu. Norengana jo, noren bila joan: sudur fina duen, usaimen ona duen enologo baten bila joan, alegia.  
Candido Besa upategiko enologoa. Upelak edo kupelak dituen tokiko enologoa. Ardoa ekoizten duten enpresei ere upategi esaten zaie. Kasu honetan, horrelako enpresa bateko enologoaz ari gara. 
Ardoen arabera izaten da.  Zeren arabera izan, zeren baitan egon. Ardo guztiak ez direla berdinak esan nahi du. 
Gehienez ere bi urte iraun dezake. Asko jota, bi urtez iraun dezake.
Maldan behera doa. Aldapan behera doa, hondatuz doa, alegia.  
Eragiten die iraupen hori.  Alegia, egurrezko kupelek eragiten dutela ardoaren ezaugarriek  iraupen hori izatea.      
Eboluzioak zerikusia du hobetzearekin. –tzearekin zerikusia izan: hobetzearekin. Era berean: zahartzearekin, gordetzearekin zerikusia izan.  
Ardo ondua kontsideratzen da 24 hilabetez ondu bada. 24 hilabetetan ontzen egon bada, luzaro irauteko eran prestatu bada.   

Oharra. Arabako Errioxako ardoak (beltzak) honela sailkatzen dira, ontzen emandako denboraren arabera: 

  • Urteko ardoa. Urteko ardoa edo ardo gaztea esaten zaion horrek elaborazioari dagokionez duen ezaugarririk esanguratsuena mazerazio karbonikoa da. 
  • Ardo ondua. Gutxienez 2 urte izan behar ditu, eta horietatik bat behintzat upelean pasatu behar du. 
  • Erreserba. Gutxienez hiru urte izan behar ditu, eta horietatik bat gutxienez haritzez egindako upelean. 
  • Erreserba handiko ardoa. Haritzez egindako upelean gutxienez 2 urte eman behar ditu, eta bere identitatea botilan egondako urteekin osatuko du.

 


Bajar
Transcripción:[+] Transcripción:[-]
Itziar Alduntzin esataria. Baina esandakoa, enologo preziatu eta sudur fineko batengana joko dugula. Bera da Esti Besa, Candido Besa upategiko enologoa.  
Olaia Urtiaga estaria. Esti, arratsalde on. 
Esti Besa enologoa. Bai zuei ere. Arratsalde on.  
Olaia Urtiaga. Baina egia al da? ardoa urteekin hobetzen al da?  
Esti Besa. Bueno, bueno, ezin da esan egia denik. Ardoen arabera izaten da. Hau da, urteko ardoa bada, ardo freskoa, frutatua [fruta-gustukoa]…, urtekoa esan nahi dut, gehienez ere bi urte iraun dezake bere ezaugarri horiek mantenduz [mantenduta]. Bai? Gero ja(da) ba bueno, txarra ez da izango. 
Itziar Alduntzin. Ez da urtekoa. 
Esti Besa. Hori da.  
Itziar Alduntzin. Hori ja(da) ez da urtekoa.  
Esti Besa. Ez du izango, ez ditu izango ezaugarri horiek, ez?, urteko ardoak nabarmentzen dutenak [dituztenak]..., gainera, hori ere, ez da hain erraza, ho(rre)la orokortzea,  ze(ren) badira urteko ardoak ba, ez dakit, gradu gehiago dutenak, edo tanino gehiago, azidotasun gehiago, eta horiek ere… Horrek egiten du gehiago irautea, ez?, irautaraztea [iraunaraztea]… Orduan, oso arina bada gutxiago iraungo du, eta sendoagoa, bolumen handiagokoa bada, ba gehiago iraungo du. Baina hori, bi urte baino gehiago ja(da) maldan behera doa. Ez da txarra izango, baina ez, ez da gauza bera izango.  
Gero, orain dela ja(da) urte asko, asko, asko aurkitu zituzten kupelak, egurrezko kupelak. Eta kupelak bai hobetu, edo behintzat… Bai: hobetu, hobetu...  
Olaia Urtiaga. Hobetu, hobetu. 
Esti Besa. Hobetzen du. Bai. Eta eragiten die iraupen, iraupen hori. O sea (alegia), hor, kupel(e)an sartuz gero, horrek egiten du bi urte ez, hiru, lau, bost edo, edo gehiago. Baina hori ere ardoen arabera; nola egin dugun ardo hori… horien arabera [ardo horiek egiteko moduaren arabera], barietatearen arabera eta urteen arabera... Horregatik esan dut ezin dela esan, orokorrean, hori ho(rre)la denik.  
Itziar Alduntzin. Gauza bat da hobetzea eta beste gauza bat da, pentsatzen dut, garatzea, eboluzionatzea, ez?  
Esti Besa. Bai.  
Itziar Alduntzin. Ardo batek eboluzionatu egin duela esaten dugunean zer esaten ari gara?  
Esti Besa. Bai. Baina bueno, baina eboluzioak ere zerikusia du hobetzearekin. Hau da, kupelean sartzen duzunean… Bueno, hemen, Errioxan, eta guk Arabako Errioxan, haritzezko kupelak, bai, haritz amerikarra edo haritz frantsesa erabiltzen da. Eta ba bueno, horrek ezaugarri berezi batzuk ematen dizkio ardoari. Hau da, hor mikro, mikro-oxigenazio bat ematen da, ze(ren) egurra bizirik dago ere. Esan nahi dut, zulotxoak ditu, poroak ditu. Orduan hor ematen da hartu-eman hori, eta gero, egurrak ere bere aromak ematen dizkio ardoari.  
Orduan hor, hor baditugu… Bueno, hemen, Errioxan egina dago crianza, reserva eta reserva handia [ondua, erreserba eta erreserba handia], ez? Kupelean, edo kupelean eta botilan pasatzen duen denboraren arabera. Orduan hor, adibidez, esan dezakegu crianza [ondu] bat kontsideratzen dela 24 hilabete(z) ondu bada, hau da, kupelean eta botilan egon bada, eta hori lau-bost urtetan gero eta..., o sea [hots, hau da]..., ondo dago. O sea [hau da], oso..., mantentzen ditu bere ezaugarri horiek, eta garatu egiten da, baina esan dezakegu hobera doala, orokorrean, e, baina egon daiteke…  
Olaia Urtiaga. Baina, hobera egiten du, baina izango da momentu bat ez? e…  
Esti Besa. Hori da. Ja(da)… 
Olaia Urtiaga. … hobetze hori eten egiten dela.   
Esti Besa. Lau, bost. Hori da. Lau, bost urte baino gehiago egon, izan daiteke, baina ja(da) ez da, ja(da)… urtekoak bezala bi urtera, pues horiek punba!... Erreserba, adibidez, erreserbak [erreserbek] 36 hilabete edo ematen dituzte ontzen, hau da, kupel eta botilaren artean. Botilan egotea geldirik oso garrantzitsua da, e! Hori da: agian egon daiteke urte eta erdi kupelean baina gero egon behar du beste bi urte eta erdi botilan, ardo hori egonkortzeko eta kupelean hartu dituen ezaugarri horiek barneratzeko. Orduan... 
Itziar Alduntzin. Bale.  
Esti Besa. ... ja(da) (er)reserba batek zortzi, hamar urtetan iraun dezake eta ona, edo gero eta hobea edo… 
Itziar Alduntzin. Zortzi, hamar urte. Gero hortik aurrera maldan behera. Baina beti? 
Esti Besa. Bai... Gero (er)reserba handia… Bueno, hau oso orokorra da, e! Nik ez dakit, 60 hilabete eman behar ditu ontzen, baina gero agian han, ba pentsa, hor, 20ko, 2020ko (er)reserba bat, 2020an egin duzula. 
Olaia Urtiaga. Bai.  
Esti Besa. Handik bost urtera ateratzen duzu, 25ean. Bueno, pues, 2040an, hortik aurrera… 15 urtetan ardoa mantendu daiteke edo, (er)reserba handian… 
Olaia Urtiaga. Baina Esti, baina batzuetan gertatzen da eta albistegietan ere agertzen da, eta horrelako jatetxe onetara joan izan garenean, ez?, beti izaten da botilaren bat zahar-zaharra… 
Esti Besa. Bai.  
Olaia Urtiaga. …, eta esaten dizute, hau mila bederatziehun eta ez dakit zer urte(ta)tik dago...  
(barreak) 
Esti Besa. Nik ez nuke eskatuko.
B2
08-03-2022
29250731
00:05:49
2873