Dokuteka
Isildu ez zirenak: Luzia Goñi
Luzia Goñi bertsolariak hainbat bertso kantatu eta idatzi zituen; Tirapun izan ziren Hitzetik Hortzera saioko kideak elkarrizketa egiten, eta handik gutxira hil zen Luzia.
Eider Perez.- Tirapun bizi da Luzia Goñi bertsolaria. Basaburuako Aizarotz herrian sortu zen duela 91 urte. Oso gaztetan hasi zen lanean eta berak esaten duen bezala, “hamalau ofizio eta hamabost miseri pasatakoa”. Txikitatik izan du bertsotarako zaletasuna. Hainbat bertso kantatu eta idatzi izan ditu bere ibilbidean, eta oraindik badu horretarako indarrik, osasun-arazo batzuk izanagatik ere. Hala erakutsi digu berarekin izan dugun elkarrizketa ederrean.
Gaur, Hitzetik Hortzeran, Luzia Goñi gertutik.
Eider Perez.- Kaixo, Luzia, pozten naiz asko zu ezagutzeaz.
Luzia Goñi.- Bueno, bueno, ongi.
Eider Perez.- Zer moduz zaude?
Luzia Goñi.- Ezin ibili. Joaten naiz Ugarbilera, badakizu non dagoen?
Eider Perez.- Ez.
Luzia Goñi.- Hori dago herri txiki batean, Lekano da herria eta hara joaten naiz, esto... masajea hartzera, ta halaxe, besterik... nire ateraldia hauxe da.
Eider Perez.- Bertso batzuk ere egin dizkiozu zure egoerari, ez?
Luzia Goñi.- Hauek egin ditut gaur.
Eider Perez.- Gaur egin dituzu?
Luzia Goñi.-
Luzia ere hortxe omen dago
kuxkur-kuxkurra etxean
eguna pasatzen omen du
aulkian eta ohatzean
iktus batek joditu du Luziaren bizia
hobeki nago, baina badut oraindik esperantza
ibiltzen hasi naiz eta, horixe nire ametsa
Polita?
Eider Perez.- Oso polita!
Luzia Goñi Aizarotzen sortu zen, baina bere jaioterria husten ikusi zuen, artean umea zela. Hiru aberatsek herriko lur denak erosi baitzituzten. Gai hori bertsotara eraman zuen Luziak eta bertan bere familia eta herritarrek Aizarotzetik alde egin zuteneko une latza deskribatu zuen.
Luzia Goñi:
Basaburua'n dago erri bat,
Nafarroako txikiena;
han jaio nintzen, eta nahi nuke
jaso bere izena.
“Basaburuan dago herri bat”
Ahotsa: Oihana Iguaran
Biolina: Gari Otamendi
Eskusoinua: Joxan Goikoetxea
Basaburuan dago herri bat,
Ballean den txikiena;
han jaio nintzen, eta nahi nuke
gora jaso bere izena.
Arrarasko eliza sanduan
hartu nuen Bataioa;
zazpi urte(re)kin atera ginen
handik familia osoa.
Hirur aberatsek erosi zuten
hain maite dudan herria:
dirua bada, agur arbolak!
(e)ta agur pobre den guztia.
Olitxeako Silbestra izan zen
lehenbiziko joan zena;
gero, Kristobal eta Martinak
errota uzteko pena.
Gure aitari saldu zioten
Gartzaronen terrenoa;
ahal zuen bezala, etxea egin
eta jaso zuen burua.
Badela berrogei urte gehiago,
egin zuten etxe dena;
gerra-denboran, jarri zioten
«Judas-Benta» dun izena.
Agur, deneri; eskerrik asko;
ni banijoa lanera;
zuen artean ni egonen naiz
ez bada galtzen euskara.
Basaburuan dago herri bat,
Ballean den txikiena;
han jaio nintzen, eta nahi nuke
gora jaso bere izena.
Eider Perez.- Luziak denetariko lanak egin izan ditu. Aritu izan da sukaldari, zerbitzari, saltzaile, jostun. Eta ofizio aldakor hauek hainbat herritan bizitzera eraman dute, besteak beste, Lekunberri, Donostia, Errenteria, Eibar edota Soraluzera. Bere bizitzako pare bat pasarte konfesatu dizkigu.
Luzia Goñi.- Errenterian bilatu nuen nobioa
Eider Perez.- A, bai?
Luzia Goñi.- Eta... zuri dena konfesatzen ari naiz, e?
Eider Perez.- Dena, dena...
Luzia Goñi.- Bera marineroa zen, marinela edo, nola esaten da?
Eider Perez.- Bai.
Luzia Goñi.- Eta joaten omen zen Terranobara bakailaoa ekartzera. Lesakako mutil bat, ezaguna, esan zidan gezurra zela, Coruñan, klub batean...
Eider Perez.- Hor zegoen.
Luzia Goñi.-... bilatu omen zuen...
Eider Perez.- Ai ama!
Luzia Goñi.- neskatxa...aldean. Eta etorri zelarik esan zidan gezurra zela eta esan nion ezetz. Handik joan nintzen Eibarrera. Bilatu nuen lana taberna batean, han prestatzen zituzten aizkolariak. Luxia ere, hantxe egon(du) zen. Joan nintzen Arrate egunean tabernako neska txiki batekin eta han, gizon batek eman zien salda, han salda oso famatua da. Gero, arratsaldean, etorri zen gure tabernara familia guztiarekin, ni ezagutzera. Eta horrelaxe hasi nintzen nire gizonarekin.
Eider Perez.- Zergatik gustatzen zaizkizu bertsoak?
Luzia Goñi.- Nire aitak ere bazuen, ez zituen ongi kantatzen, baina bazuen anaia bat oso ongi kantatzen zituena.
Eider Perez.- A, bai? Zure osaba?
Luzia Goñi.- Bai, osaba.
Eider Perez.- Bada, guk ikusi dugu bideo bat, zu agertzen zarena, Uharteko jaietan.
Luzia Goñi (bideoa).- Arratsalde on denoi, tripa ederki bete dugu eta umore onez beteta, hementxe nago ni nire berrogeita hamazazpi urterekin, zahartuta nago eta ez dakit, ahal dudana egingo dut eta barkatu, e?
Gauza tristeak ari gara ikusten
Orain gure Nafarroan
Atso zahar bat ere kantuan
Gazte guztien tartean
Demokrazia niretzako ere
Ordua zen etortzea
Orain ez dago lehengo konturik
Libre de dibertitzea
Gaurko gazteekin daukat
esperantza handia
maitetasun eder hori
ez nuke nahi galtzea
Nafarroa izan da beti
Euskal Herriaren ama
gure lurrean jaio denak
bere odolean darama
erregeari esan zioten
euskaldunak ez ginela
Hauxe da gauza lotsagarria
hemen gertatua dena
orain denak gelditzen zarete
Euskal Herriaren jabe
ez dadila inor gelditu
euskaraz ikasi gabe
Agur nire gazte maiteak
zorionak gaur denei
oihu handi bat egin dezagun
bai eta bai euskarari
Eider Perez.- Askotan kantatu duzu plazetan?
Luzia Goñi.- Bai, urte batean kantatu nuen Frantzian, gero Baigorrin, Baigorrin urte denetan.
Eider perez.- Nafarroako bertsolari-txapelketan
Luzia Goñi.- Bai.
Eider perez.- txapela jantzi zenion Julio Sotori, irabazleari.
Luzia Goñi.- Ikusi zenuen?
Eider Perez.- Bai, ikusi nuen.
Luzia Goñi.-
Euskaldun zaharrak eta berriak
Neskatxak eta mutilak
Denak gara berdinak
Hau da giroa hemen dagoena
Eskerrak zuei, gazteak
Bizirik dago gure euskara
Segi horrelaxe aurrera
Ikasten, erakusten, elkarrekin hitz egiten
Laurogeita bederatzi urte gainean
Umorea ez dut falta
Osasuna eta apetito ona
Zorionak denoi!
Artoa edo taloa
baba beltza, urdaia
txistorra, gazta zaharra, ezkia
konketa bat esnea
horiekin naiz hazia
motza eta oso lodia
baina izena dut Luzia
Puzker bat botatzen zuenak
multa bat jarri diote
gizon horrek ez zuen kulparik
lotsa ederra eman zioten
Gero jarri zuten irunen
puzkerra botaz, hogeita bost mila pezeta
Eider Perez.- A, bai?
Luzia Goñi.- Inork ez zion kasurik egin
Elkartasunak beti egiten du
borrokarako indarra
utziz gero, alferrikan da
malkoak eta negarrak
Eider Perez.- Zarela bertsolari borrokalaria.Ez? Beti zure letrak, oso ausartak dira zure letrak.
Luzia Goñi.- Bai?
Eider Perez.- Bai.
Luzia Goñi.-
Edertasunez dago mundua beterik
bestetik oraindik(an) ez da notiziarik
Osasuna ez bestea
dena erosten da
dirua izanez gero, trankil
dena ekintza gozoak aberats denari
gaizki ikusia da gizon pobre hori
gure ustean gaude zerbait bagarela
baina heriotza etortzen da
pentsatzen ez dela
Gure bizia dago
ongi neurturik
orratzetik haria
bezala zintzilik
Edertasunez dago mundua beterik
baina bestetik oraindik(an) ez dago notiziarik
Eider Goñi.- oso ondo, Luzia.
Luzia Goñi.- Politak?
Eider Perez.- Oso politak!
