detalle dokuteka-generico-fitxa

Mariasun Landa: "Bizitzak pentsatzen ez nuen bidetik eraman nau"

1968ko udazkenean iritsi zen Mariasun Landa (Errenteria, 1949) Parisera, "maiatzeko festa igaro ondoren". Au pair gisa lan egiteko asmoz joan zen eta ordura arte ezezaguna zitzaion mundua aurkitu zuen. Lau urte eman zituen Frantziako hiriburuan, baina soilik lehenengo urte hartan bizitakoa kontatzea erabaki du. Bere bizitzan garrantzitsuak izango ziren hainbat erabaki hartu zitueneko urtea baita, hain zuzen. "Festa aldameneko gelan" narrazio autobiografikoa da, lehen orrialdetik amaiera arte irakurlea eskutik eramaten duena.

Atsekabe, amets eta, oro ohar, sentimenduz zipriztinduta dago idazlearen azkeneko lana, helduei zuzendutako lehenengoa. Horrek, dirudienez, jakin-min handia sortu du irakurleen artean eta Durangoko azokan gehien saldu zen argitalpenetako bat izan zen.
Mariasun Landarekin izan dugu solasaldia eta bere azkeneko liburuaz zein bere ibilbideaz mintzatu zaigu, nahi duena lortu duelako lasaitasunarekin.

"Festa aldameneko gelan" liburuan 1968ko Parisen bizitakoaren erretratua egiten duzu; hortaz, autobiografia nobelatua dela esan daiteke?
Teoria literarioaren arabera, eztabaidagarria da oso autobiografía nobela izan daitekeen. Nahiago dut arazo teoriko hori saihestu eta narrazio autobiografikoa dela azpimarratzen saiatu, eta nobela bezala irakurtzea espero dut. Orain arte irakurri dutenek ere hori esaten dute: nobela baten antzera irakurtzen dela, tragoxka batean hasi eta bukatu egiten dena. Horretarako, asko saiatu naiz erritmo bizia ezartzen.

Teoria alde batera utzita, goazen mamira. Zer kontatzen duzu liburuan?
Parisen lau urte eman nituen, 1968ko udazkenetik 73ra, baina lehenengo urtea aukeratu dut bakarrik. Beste hiru urteetan unibertsitatean ikasten aritu nintzen eta bizimodu egonkorragoa izan nuen. Lehenengo urtea, berriz, narratiboki interesgarriagoa iruditzen zitzaidan. 19 urte nituen eta udazkenean iritsi nintzen, "maiatzeko festa igaro ostean". Au pair bezala lan egitera joan nintzen Parisera eta horri esker leku askotako familia xelebre edo berezi batzuk ezagutzeko aukera izan nuen. Bestalde, urte horretan bertan, nire bizitzan garrantzitsuak izango ziren erabakiak hartu nituen: filosofiako ikasketak egitea erabakitzeaz gain, erabaki sentimentala ere hartu nuen.

Eta zer aurkitu zenuen 68ko Paris hartan?
Parisen gauza asko deskubritu nituen: lehenengo aldiz ikusi nituen erosketak egiteko karroak, gizonezkoak erosketak egiten edota nahi nituen liburuak eta pelikulak ikusteko askatasuna ezagutu nuen. Oso zaila da irudikatzea gure herria nolakoa zen Frankismoaren garaian. Gaur egun, dena izugarri berdindu da, ez dago alde handirik hemen edo Parisen bizitzearen artean. Gaur egun atzerrira bizitzera joaten direnen esperientzia ezin da alderatu nirearekin. Gainera, esan behar dut Parisera eraman ninduen motibazioetako bat, frantsesa ikasteaz gain, nire independentzia afektibo zein ekonomikoa bilatzea izan zela: ni neu izan nahi nuen. Horren haritik, liburuaren hasieran esaten dudan bezala, nik sekretu bat neukan: idazle izan nahi nuen eta nire ikuspuntutik, idazle izan baino lehen BIZI egin behar nuen eta "bizi" hori letra larriz jarri beharko litzateke. Garai hartako Parisen, beraz, gauza asko aurkitu nituen: anti frankistak, emigranteen egoera... Ni neu emigrante nintzen eta paristar batzuen jarrera arrazistak bizi izan nituen, au pair baino, etxeko esklabo bezala sentiarazi nindutelako. Gehiago ez dizut kontatuko, bestela, ez duzu liburua irakurriko.

Aukeratu duzun izenburua oso iradokitzailea da eta liburuaren gai nagusiaren aztarna ematen digu...
Titulu ironikoa da, protagonistak narrazio guztian zehar sentitzen duen atsekabea iradokitzen du. Protagonistak pausu garrantzitsua eman du: Paris zoragarrira joan da, baina bertan aurkitzen duena ez da hain distiratsua. Hasteko, maiatzeko festara berandu iritsiko da. Baina atsekabea bera motore bilakatzen da, horrek aurrera pausu batzuk ematera behartzen baitu. Errudun sentimendua ere sarritan azaltzen da, frankismoaren garaian atzerrian bizi ginenon artean nagusi zena.

Helduentzako idatzi duzun lehen eleberria da. Eroso sentitu al zara idazteko orduan?
Eroso hitza ez da egokia, idazketa prozesuan une desberdin asko pasatzen ditugulako idazleok: une goxoak eta euforikoak daude, kapitulu edo paragrafo bat biribiltzen duzunean, baina gehienetan nahiko lan gogorra eta lehorra izan ohi da. Gainera, narrazio laburrekin ohituta nago. Likorezko bonboiak bezalakoak dira; berehala irensten dituzu, baina gustua luzarorako gelditzen zaizu. Narrazio luzeak, berriz, metodologia oso ezberdina eskatzen du. Koherentzia eta erritmo narratiboa asko landu behar izan ditut. Gainera, kontakizun autobiografikoa izanik, emozio asko piztu dira. Une ederrak igaro ditut, baina baita hunkigarriak ere garai hartan hartutako notak berriz begiratzean. Lan autobiografikoak norberaren oroimenarekin lan egitea eskatzen du eta bi kontzepturekin jolastea esan nahi du: objektiboki bizi duguna eta amestutakoa, alegia. Azken finean, bizipen eta sentsazio bilduma kaotikoa gara eta oroitzapenak estruktura narratiboaren bidez antolatzen ditugu; ipuin bat bezala kontatzen dugu gure bizitza eta aukeraketa horretan gauza asko uzten ditugu alde batera.

Uste duzu haur literaturako idazleek merezi duten errekonozimendua dutela?
Sistema literarioan haur eta gazte literatura baztertuta daude eta idazle klasikoei ez zaie merezi duten garrantzia ematen. Dena den, esan behar dut idazten hasi nintzenetik, haur eta gazte literaturako idazleen bilakaera oso positiboa izan dela. Liburugintzaren herena haur eta gazte literaturari dagokio, horrek esan nahi du irakurle asko dagoela eta negozio handia dela. Nahiz eta glamour gutxiago daukan.

Liburua gaztelaniaz idatzi duzu, zergatik?
Familia euskaldun batetik nator, baina gerra galdu zutenen alderdikoa, eta gaztelaniaz bakarrik hitz egiten nuen; Frankismoaren garaiak ziren. Parisen bizitako garai hori birsortzeko gaztelania eta frantsesa etortzen zitzaizkidan burura.

Jesus Mari Lasa arduratu da euskarazko itzulpenaz.
Errespetu handiz irakurri dut bere itzulpena, itzultzaileek badutelako beren esparrua eta meritua. Baina berak ere ulertu egin du tarteka eskua sartu nahi izana testuan, idazleok mania dezente ditugulako. Itzulpenaren azken etapan, batik bat, bildu egin ginen eta aldaketa batzuk sartu ahal izan nituen, ez asko. Izan ere, benetan harrapatu du gaztelaniazko bertsioaren erritmoa, tonu gazi-geza...

Zerk kezkatzen zintuen gehien?
Erritmo narratiboarekin obsesionatuta nago. Narrazioak bukaera arte eraman behar du irakurlea. Euskarazkoak gaztelaniazkoak bezain erritmo bizia izateak kezkatzen ninduen, edo umore fina eta ironikoa mantentzeak.

Hogeita lau urterekin ikasi zenuen euskara, Frantziatik itzulitakoan...
Euskararekiko kezka beti izan nuen eta Euskadira itzuli nintzenean garbi neukan euskal kulturaren alde egiteko ezinbestekoa zela hizkuntza ikastea. Orain erraz esaten da ikastearena, baina garai hartan ez zegoen non ikasi, ezta metodologiarik ere. Zarauzko ikastolan hasi nintzen lanean eta sei urteko umeen aurrean aurkitu nuen neure burua. Garai hartan, ikastolak espazio elebakarrak ziren eta nire murgiltze-prozesua basatia izan zen. Sufrimendua eta poza, biak izan nituen. Garai hartan, hain zuzen, hasi nintzen nire ikasleentzako ipuinak idazten, ez baitzegoen euskarazko materialik.

Krokodiloa ohe azpian lanak Literatur Sari Nazionala eman zizun eta orain Nobel txikiak bezala ezagutzen diren Andersen sarietarako hautagai izendatu zaituzte. 30 liburu baino gehiago idatzi dituzu eta hizkuntza askotara itzuli dira zure lanak. Atzera begiratzen duzunean, nola ikusten duzu zure bilakaera?
Parisen egon nintzen garaian, esate baterako, ez zitzaidan burutik pasa haur literatura egingo nuenik. Nik idazle izan nahi nuen eta hainbeste urte pasa ondoren idazle naizela esan dezaket. Lehenengo, haur eta gazte literaturako egile, testuinguruak edo bultzatuta. Hainbeste buelta eman ondoren, bizitzak pentsatzen ez nuen bidetik eraman nauela ikusten dut, baina azkenean nahi nuen lekura ailegatu naiz.

Aurrera begira, zer egin nahi duzu?
Orain, liburuaren promozioan murgilduta nago erabat. Jende askok bigarren zati bat egin beharko nukeela esan dit. Baina, ez dakit egingo ote dudan, ez baitzen nire asmoa. Oraingoz, testu horretatik aldendu beharra daukat eta, bide batez, bizpahiru narrazio labur bukatzea gustatuko litzaidake.

detalle2

Docuteca

B2
04-02-2008

x61pRelaContWAR

  • Prado (Kazeta5), Oihana
16505216

x61pViewCountWAR

3990

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR