Dokuteka
Albert Einstein, zientzialari bikaina eta bakezale sutsua
Albert Einstein, XX. mendeko zientzialari ikaragarri aparta izateaz gain, Hiroshima eta Nagasakin bota zituzten bonba atomikoen aitatzat ere hartua izan da.
Hala eta guztiz ere, Einstein bakezaleen artean bakezaleena izan zela azpimarratu beharko genuke, lan ikusgarria egin baitzuen karrera armamentista eta kontrol nuklearraren aldeko egitasmoetan. Honegatik guztiagatik, aitzakia paregabea dugu fisikari bikain honen bizitza eta lana ezagutzeko. Hona hemen bere biografiaren zertzelada batzuk:
Albert Einstein bavariar jatorriko fisiko estatubatuarra zientziaren historian ezagutu den ikertzailerik garrantzitsuenetako bat da. Bere teoriek XX. mendera arte unibertsoari buruz indarrean zeuden ideia eta usteak eraldatu eta fisika modernoaren oinarriak ezarri zituen. Hala eta guztiz ere, Einsteinen ekarpenak ez ziren zientziaren mundura mugatu, berdintasunaren, justiziaren eta bakearen aldeko jarreraren baitan lan ikaragarria egin baitzuen.
1879an Ulm-en jaio zen, Alemanian. Eta, jakina denez, ez zen ikasle ona izan.
Unibertsitateko katedradun eta XX. mendeko zientziaren garapenean aurrerapen ikusgarrien sortzaile eta eragile izatera iritsi bazen ere, Einstein umetan herabe xamarra eta adimen arruntekoa izan zen. Berak hala zioen: 'Heldua ez da denboraz eta espazioaz kezkatzen, uste baitu gai hauei buruz jakin beharrekoak umetan ikasiak
dituela. Nik, ordea, oso garapen intelektual motela izan dut eta ez naiz galdera horien erantzun bila hasi handia izan arte'. Bulegoko lana baino nahiago zituen fisikaren gaineko gogoetak; eta, diotenez, bere burua argi-izpi baten gainean zihoala irudikatzen
omen zuen gazte-gaztetatik.
Izugarrizko jakin-mina pizten zion abiadura horretan gauzak nola ikusiko ziren pentsatzeak. Jakin-min horrek berak eraman zuen aurkikuntzak egitera. Albert Einsteinek berak aitortu zuenez, jakintzak baino gehiago irudimenak bultzatuta egiten zuen lan.
Albert Einsteinek 1905ean bost artikulu argitaratu zituen. Lan haietan efektu fotoelektrikoa, mugimendu browndarra, argiaren teoria korpuskularra, molekulen tamaina eta sistema inertzialak landu zituen.
Sistema inertzialen azterketaren ondorioa zen erlatibitatearen teoria berezia, hain zuzen ere. Annalen der Physik aldizkarian argitaratu ziren ikerketa hauek fisikaren garapenean ikaragarri eragin zuten, unibertsoaren egiturari buruzko hainbat teoria ezagutarazi baitzituen.
1907 eta 1915 artean garatu egin zuen lan hura eta emaitza 1916an argitaratu zuen Erlatibitatearen teoria orokorra izenarekin.
Teoria honetan Einsteinek unibertsoa lau dimentsioduna, mugatua eta kurboa irudikatzen zuen eredu grabitazional bat proposatu zuen. Teori honen haritik, kosmologiaren oinarriak eraberritu egin ziren.
Lan horietako bakoitza nahikoa izango zen Einstein fisikari handien artean sartzeko; eta, lan guztiak kontuan izanda, fisikari gorenen taldean sartu zen, Newtonen eta Arkimedesen antzera.
Judutarra izaki, Einsteinek Alemaniatik ihes egin behar izan zuen. Europako hainbat herrialdetan ibili ondoren, azkenik, Estatu Batuetara joan zen. Bigarren Mundu Gerran, naziei aurrea hartu eta menderatu nahian, AEBetako presidente zen Franklin D. Roosevelt-i bonba atomikoaren lanak bizkortzeko eskatu zion.
Hala ere, Einstein bakezale amorratua izan zen eta aukera zuen guztietan gerraren aurkako ekintzetan hartzen zuen parte. Alferrik baina, indar nuklearraren kontrolerako egitasmoak sustatu ondoren, mundu mailako gobernu bat osatzea proposatu zuen.
Berrogeiko hamarkadaren bukaera aldera, Estatu Batuetako intelektualak askatasun
politikoaren alde lan egin zezaten saiatu zen. Hil aurretik, karrera armamentistaren aurkako manifestu bat sinatu zuen. Halaxe adierazi zuen behin gai honen haritik: 'Bonba atomikoaren indar suntsitzaileari aurre nola egin zitekeen galdetu zidatenean, nik guztien artean onena iradoki nuen: bakea'. Bakezale ez ezik, sionista sutsua ere izan zen Einstein.
Einstein oso ospetsu izatera iritsi zen, batez ere berak zuen izaeragatik eta giza askatasunaren defentsan hartutako jokabideengatik.
Izaera apal eta xumekoa, beti aritu zen berdintasunaren eta justiziaren alde lan egiten.
