detalle dokuteka-generico-fitxa

Sariak

"Oscar" sarien lehen ekitaldia duela 85 urte ospatu zen. Asko dira Euskal Herrian urtero banatzen diren sariak; batzuk aipatzearren: Euskadi Literatura sariak, Buber sariak, ARGIA sariak, Donostia sariak edota CAF-Elhuyar sariak. Mundu mailan, zer esanik ez, askoz ere sari gehiago ditugu.

Hurrengo lerroetan, munduan ezagunenak diren sariei errepaso azkarra egingo diegu.
 

Nobel sariak

Nobel sariak dira jatorrizkoak, nola ez. Alfred Nobel, lehergailu hilgarriak asmatu zituen gizonak, irabazitako diruarekin zerbait ona egitea erabaki zuen eta sariak ematen hasi zen literaturan, zientzietan, ekonomian eta, agian garrantzitsuena, bakearen esparruan aurrera egiten zuen jendearen artean.



Sari guztiak, ordea, ez dira Nobel sariak bezain ohoretsuak. Nahiz eta herrialde gehienek eduki baduten sistemaren bat beren herriaren alde egindako lana aitortu eta saritzeko, gaur egun ehunka sari dago eta beste hainbeste zeremonia edozein motatako ekintzak saritzeko.

Oscar sariak

Munduan ezagunenetakoak, seguruenik, Oscar sariak dira. Ipar Amerikako filme-industriak bere buruari zein ona den esateko unea, urteroko aukera izar handi askorentzat elkarri sariak emateko eta hitzaldi hunkigarriak emateko. Urrezko Globoak ere hortxe daude, dirudienez, helburu bera dutenak.

Baina ez dira filme-kontuak bakarrik saritzen, gaur egun Grammy, MTV eta Q sariak ere ematen baitira musika-munduan.



 

Literaturan, Britainia Handian, adibidez, Booker saria irabazten duen idazleak bere eleberri ezezaguna kolpetik salduenen zerrendan azaltzea lor dezake eta “Da Vinci Kodea” bezalako liburuekin lehian aritzea.

Arteak baino gehiago

Baina sariak ez dira arteetara mugatzen. Gaur egun saritzen dira, besteak beste, urteko Kirolaririk ospetsuena, Europako futbolaririk onena edota urteko munduko futbol-jokalaririk onena, esaterako. Gezurra dirudi, ezta? Izan ere, jokalari profesionalak ez baitira gaur egun diru-premian bizi… Messi, adibidez, marka guztiak puskatzen ari den neurrian, diren eta ez diren sariak irabazten ari da. Berriki jaso du 2012ko Urrezko Baloia.



Mundu osoko herri txiki askotan ere antolatzen dira sari-banaketak bertako idazle edo artistak omentzeko edo, besterik gabe, ikasketa-maila jakin bat lortu dutenei lortutako arrakasta aitortzeko.

Zergatik banatzen dira, ordea hainbeste sari gaur egun? Shakespearek ez zuen sekula sari bat irabazi, ezta Leonardo Da Vincik edota Charles Dickensek ere.

Hala ere, egia da garai batean zientzialari eta artistek jende aberatsaren babesa irabaz zezaketela –errege edota jauntxo batek dirua ematen zion artistaren bati bere jauregia margotu edota dirua egiteko moduak garatzen lagun ziezaion-.

Gizartean emandako aldaketak direla-eta, ordea, gaur egun ez da horrelakorik gertatzen. Egun, ikerketa zientifiko asko administrazioak berak edota enpresa pribatuek finantziatzen dituzte. Sari-banaketak, neurri batean, prozesu honen erakusle dira.

Baina, hori baino gehiago ere badira sariak. Filme batek Oscar saria irabazten duenean jende asko joaten da ikustera edo erosiko du filmearen DVDa. Idazle batek Nobel saria irabazten duenean jende askok erosten ditu bere liburuak. Musika-talde batek MTV sariak irabazten baditu munduko milaka lagunek ikusten dute sari-banaketarako zeremonia-emanaldia. Ondorioa? Taldeak askoz ere disko gehiago salduko ditu.



Sari-banaketa gehienak erakunde edota enpresek babesten dituzte gaur egun. Honek esan nahi du ez dela pertsona bat saria irabazteagatik onura lortzen duen bakarra, baizik eta babesleak ere etekina ateratzen duela.

Azaletik aztertuta, badirudi egoera honetan denak direla irabazle, denak daudela pozik, baina geure buruari galdetu beharko genioke irabazi horietatik zenbat dauden publizitate eta marketingari lotuta eta zenbat benetako lorpen edo ahalegin ari garen saritzen.

 

Hiztegia/Vocabulario/Vocabulaire

 

AHALEGIN.- Esfuerzo. Éffort.
AITORTU.- Reconocer. Reconnaître.
BABES.- Protección. Protection.
BABESLE.- Patrocinador/a. Sponsor.
DIRU-PREMIAN.- Necesidad de dinero. Besoin d’argent.
ERAKUSLE.- Demostrativo/a. Démonstratif/ive.
ESPARRU.- Ámbito. Domaine.
ETEKIN.- Ganancia, rendimiento. Profit.
GARATU.- Desarrollar. Developper.
HILGARRI.- Mortífero/a. Mortel/elle.
HITZALDI.- Conferencia. Conférence.
HUNKIGARRI.- Conmovedor/a. Touchant/e.
JATORRIZKO.- Original. Originel/elle.
LEHERGAILU.- Bomba. Explosif.
LEHIAN ARITU.- Competir. Disputer.
LORPEN.- Logro. Obtention.
OHORETSU.- Honorable. Honorable.
OMENDU.- Homenajear. Rendre hommage.
ONURA.- Beneficio. Bénéfice.
SARI.- Premio. Prix.
SARITU.- Premiar. Récompenser.

detalle2

Docuteca

B1
14-01-2013

x61pRelaContWAR

16286153

x61pViewCountWAR

5198

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR