Aldizkari Digitala
Oscar, eskulturarik ezagunena
Urtero bezala, hemen dira Oscar zine-sariak, eta, horiekin batera, hainbat datu eta izen-zaparrada. Hona bitxikeria batzuk.
1929an hasi ziren ematen eta sarituek Oscar izeneko eskultura bat jasotzen dute. 34 zentimetroko estatua bat da, ia 4 kilokoa. Kanpotik bakarrik da urrezkoa, 24 kilatekoa, eta aldaketa gutxi izan ditu sortu zutenetik.
• Cedric Gibbson arte-zuzendariak diseinatu zuen 1927an. Diseinuari bolumena ematean George Stanley eskultoreak beste elementu bat ezarri zion azpian: zine-zinta bat bost zulorekin. Zulo bana zine-alor hauei eskainiak: antzezleak, zuzendariak, gidoilariak, ekoizleak eta teknikariak. Estatuak ez zuen izenik oraindik.
• Oscarra gizon biluzi bat da. Badirudi Gibbsonek aktore mexikar bat (Emilio Fernandez, “Indiarra”) erabili zuela eredu estatua egiteko,
• Oscarrak ezpata bat du eskuetan. Ezpatarekin Oscar zine-industria babesten ari da.
• 1934an AEBetako zine-akademiako liburuzain batek zera esan omen zuen estatuatxoaz: “Nire osaba Oscarren antza hartzen diot”. Hori da izenari buruzko bertsiorik onartuena, baina ez bakarra.
• Zine-akademiak 1939an egin zuen ofizial Oscar izena sarientzat. Urte horretan, besteak beste, Walt Disney zuzendariak irabazi zuen Oscar bat; Ohorezko Oscarra, hain zuzen. Oscar bat eman zioten, ohikoa, eta beste 7 txikiago, “Edurnezuri eta zazpi ipotxak” pelikulagatik.
• Bigarren Mundu Gerran igeltsuzkoak izan ziren Oscarrak, metala armak egiteko erabiltzen baitzen. Orduko sarituei, gerra amaituta, betiko Oscarra eman zieten igeltsuzkoaren ordez.
• 1949an Oscar bakoitzari serie-zenbaki bat jartzen hasi ziren. Horrela, ezin zen faltsifikatu.
• Aste batzuk lehenago ematen da jakitera hautagaiak zein izango diren. Sarituak ezin dio Oscarra saldu beste norbaiti, zine-akademiari, aldiz, bai; dolar baten truke. Saltzeko baldintza horiek onartzen ez dituen hautagaiak ez du Oscarrik jasoko.
• Hirugarren bati saltzeko debekua 1950an ezarri zuen zine-akademiak. Beraz, 1950a baino lehenagoko Oscarrak saldu daitezke, eta erosi. Erosleen artean daude Michael Jackson, David Copperfield, Steven Spielberg… Michael Jacksonek 1,54 milioi dolar ordaindu zituen “bere” Oscarra erosteko. Oscar hori “Gone with the Wind” pelikula onenaren sariagatik eman zen. Michael Jackson hilda dago, eta Oscarra ez da inon ageri.
• 1969an “Young Americans” izeneko lanak irabazi zuen dokumental onenaren Oscarra. Egun batzuk geroago, zine-akademiakoek jakin zuten filma Carolinako zine batean eman zutela 1967an. Beraz, filma 1967koa zenez, ezin zuen 1969ko sariketan parte hartu, 1968koan baizik. Oscarra itzuli egin behar izan zuten.
Pelikularik sarituenak: “Ben-Hur”, “Titanic” eta “Eraztunen Jauna: Erregearen Itzulera”
• 1979an Meryl Streep-ek bere Oscarra komunean ahaztuta utzi zuen; beste batean Leonardo Di Capriori puskatu egin zitzaion berea…
• 2000. urtean Oscar guztiak lapurtu zituzten. Astebete geroago azaldu ziren. Urte horretatik aurrera Oscar gehiago egiten dituzte banatu behar direnak baino.
• Oscar gehien lortu dituen pertsona Walt Disney da, 32 guztira, gehienak ekoizle gisa, eta horietako bat hil ondoren.
• Zuzendaririk sarituena John Ford da, eta filmetan hiruko berdinketa dago 11na Oskarrekin: “Ben-Hur”, “Titanic” eta “Eraztunen Jauna: Erregearen Itzulera”.
Walt Disney eta John Ford
• Antzezleen artean Katharine Hepburn da sarituena, lau aldiz, baina Meryl Streep 19 aldiz egon da izendatua, nahiz eta hirutan “bakarrik” irabazi .
• Gizonezkoetan hiruna estaturekin daude berdinduta Jack Nicholson, Daniel Day Lewis eta Walter Brennan; baina izendapenak kontuan hartzen baditugu, Nicholson ateratzen da irabazle 12rekin.
Katharine Hepburn, Daniel Day Lewis, Jack Nicholson eta Walter Brennan
• Beste datu adierazgarri bat: historia osoan lau emakume egon dira izendatuta zuzendari onenaren saria irabazteko, eta Kathryn Bigelow-ek bakarrik lortu du.
• Honako aktore hauek, harrigarria bada ere, inoiz ez zuten Oscarrik irabazi: Groucho Marx, Judy Garland, Kirk Douglas, Harrison Ford, Glenn Close, Sigourney Weaver Johnny Depp, Tom Cruise, Cary Grant edota James Dean.
