Dokuteka
Gastuak kontrolatzeko Appak
KontsumoBIDE aldizkariko artikulu honetan, aholku interesgarriak emango dizkigute gastuak kontrolatzeko.
Gastuak kontrolatzea funtsezkoa da etxeko ekonomia babestu ahal izateko. Gaur egun, zure finantzak antolatzeko lagungarriak izan daitezkeen aplikazioak garatzen dira.
Ba al dakizu zenbat diru gastatzen duzun gasolinan edo garraio publikoan? Zenbat gastatzen duzu hornigaietan hilean edo urtean? Enpresek kontabilitate-sailak dituzten bezala, gure etxeetan ere ezinbestekoa da diru-sarreren eta gastuen kontrola eramatea.
Online bankak gure finantza-produktuen egoera bizkorrago berrikusteko aukera ematen badu ere, pertsona askori kosta egiten zaie beren aurrekontuak antolatzea eta beren egoera ekonomikoaren etengabeko jarraipena egitea.
Smartphone bat erabiltzen baduzu, zure ekonomia hobeto antolatzeko aukera izango duzu: aurrekontuak eta finantzak kudeatzeko eta kontrolatzeko App-ak deskargatuz. Aplikazio mota horrek funtzionalitate ugari eskaintzen ditu, baina funtsean zure gastuak sailkatu, zure jarduera ekonomikoaren estatistikak eta txostenak sortu eta aurrezpen-planak eta -helburuak lantzea ahalbidetzen duten aplikazioak dira.
Zure gastuak kontrolpean jartzeko lagungarriak diren gero eta aplikazio gehiago garatzen dira. Izan ere, Google Play Storen (Androiden aplikaziodenda) kontabilitateari buruzko 200 aplikazio baino gehiago aurki daitezke. iOS-en kasuan ere mota horretako aplikazio asko aurki daitezke Apple-en aplikazio-dendan.
Baliteke, bilaketa bat eginez gero, eskura dauden hainbeste aplikazioren artean estututa sentitzea. Iragazteko modu bat izan daiteke soilik doako aplikazioen artean bilatzea, edota soilik ordaintzekoak direnen artean. Hala eta guztiz ere, zuretzat interesgarriak izan daitezkeen 3 aplikazio aurkeztuko dizkizugu, aplikazio horien funtzionalitateak, diseinua, erabiltzeko erraztasuna eta abar kontuan izanik. Aplikazio horiek guztiak eskura daude Android eta Apple smartphone telefonoetan. Dohainik deskargatu ditzakezu, baina baliteke ezaugarri gehigarriren bat ordaintzekoa izatea.
Gastuak kontrolatzeko aplikazioak erabiltzea erabakitzen baduzu, jarraian agertzen diren aplikazioetariko bat probatu dezakezu. Android eta iOS komunitateetan jasotako balorazio postiboengatik eta dohainik deskargatzeko aukera izateagatik hautatu ditugu.
Fintonic
Beren gastuen kontrola izan nahi duten pertsonek gehien erabilitako aplikazioetako bat da Fintonic. Aplikazio honek baimena eskatuko dizu zure online banku-kontuarekin sinkronizatzeko, baina ez du inolaz ere eragiketetarako sarbiderik izango. Fintonic-ek zure kontuen eta txartelen mugimenduak erregistratzen ditu eta grafiko eta txosten ikusgarritan aurkezten dizkizu. Fakturen, komisioen, zorpekoen eta abarren alertak ere egiten ditu. Splitwise
Splitwise-ek beste aplikazio batzuek (adibidez Fintonic, Spendee edo Money Wiz) eskaintzen dituzten funtzionalitateen antzekoak biltzen ditu. Hala eta guztiz ere, Splitwise-ek bereziki interesgarri bihurtzen duen berezitasun bat dauka: gastu komunak egiten direnean zorren kontrola beste pertsona batzuekin batera eramatea ahalbidetzen du. Ez-ordainketa egoeren aurrean gogorarazpen adeitsuak bidaltzeko aukera ere eskaintzen du, adibidez alokatuta duzun etxebizitzaren errenta ordaindu ez dizutenean. Spendee
Android eta Apple App-en dendetan gehien deskargatutako eta hobekien balioetsitako beste aplikazioetako bat da Spendee. Bere indarguneetako bat funtzionalitate-aniztasunaren eta erabiltzeko erraztasunaren artean dagoen oreka da. Zure gastuen kontrola eramateaz gain, Spendee-rekin hainbat zorro sortzeko aukera duzu (oporrak, eskolaz kanpoko jarduerak, aisia, eta abar). Gainera, zorroak senitartekoekin eta adiskideekin partekatu ditzakezu (aukera hau ordaintzekoa da).
Gastuak murrizteko eta aurrezteko funtsezko aholkuak
Gastuen plangintza egiten hasteko betekizun garrantzitsuenetako bat aurrekontu bat egitea da. Zeregin erraza da, nahikoa da familiako diru-sarrerak eta gastuak idaztea bi zutabe desberdinetan. Balantzeak beti positiboa izan beharko du.
Era berean, oso garrantzitsua da gastuak sailkatzen jakitea:
- Nahitaezko gastuak: ordaindu gabe utzi ezin diren gastu finkoak dira (etxebizitzaren alokairua, hipoteka edo jabeen erkidegoko kuota, adibidez).
- Beharrezko gastuak: murriztu bai, baina saihestu ezin direnak (garraioa, janaria, hornidurak, eta abar).
- Noizbehinkako gastuak: hala badagokio, saihestu daitezkeenak (jatetxeak, alkohola, bidaiak eta abar).
Aurrekontuan nahitaezko aurrezkiari lotutako atal batek egon behar du beti. Beste aurrezkihelburu osagarri batzuk sor daitezke motibazio handiagoa lortzeko, adibidez bidaia bat edo auto bat.
Oro har, beharrezkoak ez diren gastuak saihestu eta ez gastatu ahal duzuna baino gehiago. Bilatu gastuak murrizteko modua eta saiatu zor arriskutsurik ez sortzen (adibidez, kontsumorako mailegu pertsonalak, mailegu horiengatik oso interes handiak ordaintzen baitira).
