Aurrezteko edabe magikoaren bila

Krisi-garaian, poltsikoa estutzeko formulen bila ibiltzen gara gehienok. Zaila da, izan ere, soldatak behera doaz eta gastu guztiak -elikagaien prezioa, zergak, gasoila…-, berriz, gora. Familiek eta, batez ere, gazteek omen dituzte arazoak.

Aurrezteko ahalmenak behera egiten jarraitzen du etengabe. 2009an, krisiaren mamua zela eta, familiak % 17 aurreztera heldu ziren. Baina gaur egun, familiek 100 eurotik 7,6 baino ez dute aurrezten. Eta, adituen ustetan, 2013an zehar, egoerak okerrera egingo du. Dena den, nork bere sekretua izaten du hilaren amaieran euro batzuk aurreztu ahal izateko.

Gu kalera irten gara, jendeak aurrezteko zer egiten duen ezagutzeko asmoz. Galdera zuzena eta erraza egin diegu guztiei: “Zer egiten duzu dirua aurrezteko?”. Denek onartu dute oso zaila dela dirua gordetzen joatea, baina trikimailuren bat edo beste ere eman digute.

Hona hemen erantzunak:


Esti Ezeiza (28 urte)


Egia esan, ez naiz bereziki asko aurrezten duten horietakoa. Askotan pentsatzen dut ez dudala batere zaintzen kontu hori. Baina euro batzuk aurrezteko ohitura batzuk baditut. Adibidez, bidaia luze samar bat egin behar dudanean, hau da, kilometro dezente direnean, bikotekidearen autoa hartzen dut, gutxiago kontsumitzen duelako. Berak ere gauza bera egiten du.
Bestalde, lehen ez bezala, orain merkealdia aukeratzen dut arropa erosteko. Lehen, gustuko zerbait ikusten baldin banuen, agian erosi egiten nuen zuzenean . Orain, saiatzen naiz merkealdian erosten. Horrela, euro batzuk aurreztea lortzen dut.
 

Nerea Urbizu (32 urte)


Nik baditut zenbait trikimailu. Ama izan berria naiz eta umearentzako gauza asko bigarren eskukoak lortu ditut: aulkitxoa, sehaska, bainua hartzeko ontzia… Umeek behar dituzten gauza hauek guztiak oso garestiak dira, baina ia berriak uzten ditugu, oso denbora-tarte motzean erabiltzen direlako. Horregatik, norbaitek salgai jartzen dituenean, ia-ia berriak egoten dira askotan. Gehiago begiratu behar dugu produktua zer egoeratan dagoen, hori bai, baina gauza merkeak lortzen dira, ia erdi prezioan.
Umeentzako fardelak ere oso garestiak dira eta horregatik merkataritza-guneetara joaten naizenean erosten saiatzen naiz, oro har, bertan merkeago egoten baitira. Erosketak egiten ditudanean, unitatea zenbatean dagoen begiratu eta horren arabera aukeratzen dut marka bat edo beste.
Horrez gain, etxerako produktu gehienetan marka zuriak erabiltzen ditut.
 

Eneritz Maiz (31 urte)


Ni bakarrik bizi naiz, baina ia egunero gurasoen etxean bazkaltzen dut. Ez dut aurreztegatik egiten (kar, kar), baina egia da janari-aldetik ia ez dudala gasturik. Gosaltzeko eta afaltzeko janaria baino ez dut behar. Horrela, dezente aurrezten da.
    Bestalde, lana herrian bertan egiten dut eta bizikletaz joaten naiz lantokira, autoa ahalik eta gutxiena erabiltzen saiatzen naiz. Autoari gasoila bota behar diodanean, astelehenera arte itxaroten saiatzen naiz, egunik merkeena delako. Horrez gain, gasolindegi merkeenera joateko ohitura daukat, ahal dudan guztietan, behintzat.
 

Lorena Urruzola (31 urte)


Ni diziplina handia izaten saiatzen naiz. Hilero Excel orri bat sortzen dut eta bertan familian ditugun gastu guztiak zenbatzen ditut, zenbat diru eta zertan xahutu dugun jakiteko. Ondoren, diru-sarrerekin alderatzen dut eta horrela, hilero-hilero aurrezten duguna kontrolatzen dut eta, bide batez, ikus dezaket zertan gastatzen dugun gehien. Batez ere, etxeko gastuetan joaten zaigu dirua eta, beraz, horiek murrizten saiatzen naiz, erosketak egitean poltsikoari begiratuz.
Gure aisian -kanpoan jateko, kafetxoren bat hartzeko…- gastatzeko diru-kopuru bat jartzen dugu hilero eta saiatzen gara kopuru hori ez gainditzen. Horrez gain, etxeko sukaldean eltzeitsu bat daukagu eta astero dirutxo bat uzten dugu bertan. Ez du min handirik ematen, baina urte-bukaeran dirutxo bat biltzea lortzen dugu.


Anttoni Lasa (60 urte)


Soldata jaso bezala, kontu batean diru-kopuru zehatz bat gordetzen dut aspalditik. Hilabete gastuetarako ez dut diru kopuru hori kontuan hartzen, irabaziko ez banu bezala. Hala, diru hori, behintzat, aurrezten dut hilero. Oraingoz ez dut behar izan eta, beraz, pixkanaka kopurua handituz doa.
Horrez gain, kapritxo handirik ez diot ematen neure buruari eta hor ere aurrezten da. Ez daukat poteatzen ibiltzeko zaletasun handirik eta, beraz, kalean ez dut diru gehiegi uzten. Hori bai, kostatu egiten zait etxeko gastuetan murriztea. Fakturak hor daude eta ordaindu egin behar dira. Baina, etxean nagoenean, saiatzen naiz argiak itzaltzen, berogailua behar denean bakarrik pizten, harrikoa egitean kanila ixten… Badakizu, familia xumeetan euroz euro lortzen da aurreztea.


B1
09-05-2013
  • Noelia Lataburu (Maramara taldea)
16289579
11061