Dokuteka
Otemi ehizan
Otemi gaztea ehiztari trebea da.
Bere herrikideekin batera, ehizan arituko da, herrixkako haur nahiz nagusientzat janaria lortze aldera.
Esataria.- Otemiren herrixkan ez dabiltza zortetsu. Tenperaturak behera egin du eta ronsoko, basahuntz eta guangana animalia handiek eta antzekoek leku epelagoetarantz jo dute. Ezin liteke aurretiaz jakin zenbat luza daitekeen egoera hau. Beraz, animalia txikiago eta harrapatzeko zailagoak atzemanez bizi beharko dute, hala nola, parjil, tronpetadun, guakamaio edo, honako honetan bezala, tujalia, hegazti benetan zaila harrapatzeko, habia leku oso itxietan jartzen baitu, metro batzuk barruratzea neketsu den lekuetan.
Baina jaguarraren begirada erneak geldiarazi egin ditu gure adiskideak. Ezbaian izanik unetxo batzuetan, nor bere ehizari lotzen zaio.
Tujaria atzemateko ordurik onena arratsa da, orduantxe baino ez da agertzen begien aurrera. Hortaz, ehizaldiak lasterra beharko du izan eta minutu batzuetan ahalik eta ale gehien atzeman beharko da.
Eguzkia ortze-mugan behera sartzean, argirik ezak herrixkara ekarriko ditu lehenbailehen. Oraingoan, zenbait bikote aurkitu dituzte, jarraitu egin behar zaie, bisibilitate onez tiro bertikala egin daitekeen sastrakaraino eta horrela, berriz ere gezia eskuratu.
Harrapaldian arriskua dago hegaztiek metro batzuk aurrera ihes egitea. Horrek, ehiza galtzea esan nahiko du.
Oraingoan, bigarren arkulari batek atzeman du ihes egin baino lehen, baina lasterka ibili beharko, eguzkia sartu urren da, eta minutuak hegaz doaz. Oraintxe ehizatzen ez badute, gero, ezinezko izango dute.
Otemik beste bikote bat ikusi du hurbil samar. Badoaz hartarantz, nahiz eta horrek itzulera atzeratu eta beraz, bidean gaua sar dakien arriskua ekarri. Baina honaino heldu ondoren, arriskatzea merezi du.
Tujaliak ohartu dira ehiztarien presentziaz eta are barrurago doaz, baina ezin utzi ihes egiten.
Egun gogorra gaurkoa. Ehiza-egun ona izan ez arren, balio izan du, behintzat ,gazteenek gauez ahorako zerbait izan dezaten.
Egoera laster asko hobetuko den esperantzan daude. Bestela, izango dute, bai, problemarik, herrixka osoari jaten emateko.
Minutu hauetan munduko gazterik gehienek daramaten bizimodura hurbiltzen saiatu gara, bizirik irauteko egunero-egunero eginahala guztiak eta bi egingo dituzte. Gure solidaritatea da haien itxaropen bakarra.
