Adimen artifiziala, etengabe hedatuz

Adimen artifiziala gero eta leku handiagoa hartzen ari da gure eguneroko bizimoduan. Etorkizunera begira jarri da Xabier Barandiaran, inteligentzia artifizialean aditua, Euskadi Irratian egindako elkarrizketan.

Teknologia adimenduna gaur egun zein arlotan zabalduta dagoen, eta etorkizunerako zein aurreikuspen egiten duen azaltzen du Xabier Barandiaranek aukeratutako lau pasarte hauetan:

 

  •  Roboten autonomia
  •  Auto automatikoak
  •  Zaintzarako robotak
  •  Robotak umeen eskutik


Bajar
Transcripción:[+] Transcripción:[-]

ROBOTEN AUTONOMIA
Maite Artola.- Gizakiak sortu izanagatik, dena delako robota, zenbateraino da autonomo robot bat? Berezko bizitza izan dezake inteligentzia mota horrek?
Xabier Barandiaran.- Autonomiak esan nahi du norberari legeak edo arauak emateko kapazitatea, ez? Eta hori, orain, bueno, animaliek eta gizakiok izan dugu naturan, edo izan gara ahalmen hori geneukan bakarrak, baina gutxinaka gertatu izan da, bada, makinak egin ditugula, eta makina horiek geroz eta gizakiorragoak direla edo inteligentzia gehiago daukatela, eta hasieran, bueno, bada, ez dakit, xakera jolasten zutela, edo kalkuluak egiten zituztela, baina gutxinaka hitz egiten hasi dira, edo erabakiak hartzen merkatuetan, eta hor, geroz eta autonomia handiagoa daukate. Zein momentutan izango diren gizakien mailako autonomia izatera? Agian ehunka urte falta dira oraindik ere, baina autonomia nahikoa daukate jadanik, begira dezagun, adibidez, merkatuak. Merkatuak gaur egun teknologikoki oinarrituak, eta mekanismoak dira gehienak, bueno, mekaniko-automatikoak eta inteligentzia artifizial pilo bat dago merkatuan. Esan nahi dut….
Maite Artola.- Esate baterako?
Xabier Barandiaran.- Bada, erosketak egiteko momentuan, bolsan (burtsan) diñot (diot) e, merkatu internazionaletan.
Maite Artola.- Bai.
Xabier Barandiaran.- Gainera, murriztu behar izan dute, bueno, inteligentzia artifizialaren ehunekoa, Europan eta Estatu Batuetan, izugarrizko abiadura hartzen ari zutelako (zirelako) erosketak egiteko momentuan ez? Bueno, enpresen balioa oso azkar aldatzen da askotan inteligentzia artifizialaren ondorioz. Anekdota bat kontatuko dut. E, normalean, bueno, Estatu Batuetan beste egun batean izaten da, bada, “bromako eguna”, urteko egun berezi bat, eta bada, aldizkari batzuek interneten atera zuten gezurrezko, bromazko berri bat, zeinean Tesla enpresak, agian ezagutuko duzue teknologian oso punteroa (punta-puntakoa) dena, kotxe (auto) elektrikoak egiten eta abar, eta…, erloju berri bat atera behar zuela. Argazkian…
Maite Artola.- Teslak?
Xabier Barandiaran.- Teslak, bai. E, argazki batekin zetorren berri hori, eta argazkian zegoen Big Ben dorrea, Londreseko erlojua, eskuko erloju moduan, bada, argi zegoen broma zela, baina merkatua, burtsa kontrolatzen duten inteligentzia artifizial asko, berriaz, berri digitalez asetzen dira, eta informazio hori jaso zuten, eta bat-batean Teslaren balioak…
Maite Artola.- Akzioak.
Xabier Barandiaran.- Akzioak pilo bat erosten hasi ziren, eta norbaitek amatatu behar izan zuen makina, merkatua, Teslaren balioa orekatzeko, makinek ez zutelako broma ulertu. Orduan, horrelakoak…
Maite Artola.- Baina burtsaren atzean, erabakia oraindik, erosteko ahalmena gizakiaren esku dago… Enpresak erabakiko du zer erosi eta non. Edo zuzenean makinen esku utzita dago erabat?
Xabier Barandiaran.- Zuzenean, %30a baino gehiago makinen esku dago jadanik, ez dago gizakirik erabakiaren atzetik. Ez dago, eta inteligentzia artifizial hauek, orokorrean, beraiek ikasteko ahalmen handia daukate. Hau da, diseinadoreak (diseinatzaileak) edo programadoreak (programatzaileak) berak jadanik ez daki zehatz-mehatz makina zer egiten ari den. Makinak bere estatistika-sistema eraldatu egin du, eta ikasi ditu patroi berriak eta abar, eta erosketak egiterako momentuan erabakiak modu autonomoan hartzen ditu.
(...)
AUTO AUTOMATIKOAK
Xabier Barandiaran.- Kotxeekin (autoekin) izugarrizko esfortzua egiten ari da industria kontrolpean izateko, eta egia esateko, ikaragarri aurreratu egin da teknologia, ikusmenaren prozesamendua, eta nahiz eta istripu gutxi batzuk izan diren, gizakiok egiten ditugunak baino askozaz (askoz ere) gutxiago omen dira, eta bueno, hori, etorkizun hori hemen daukagu. Berez gidatzen diren autoak, auto automatikoak, egia ere, automatiko hauek, pentsatu ere nahiko berdintsuak direla, fabriketan jartzen ditugunen modukoak.
Maite Artola.- Hortaz, ohitu beharra daukagu, esan nahi dut, ez dakit ze epe-mugan, gure errepideetan auto automatikoak ikustera?
Xabier Barandiaran.- Zalantzarik gabe, zalantzarik gabe. Nik ez dakit, e, zenbaterainoko aldaketa izango den hori, suposatzen dut oso handia izango dela. Berez, kotxeen (autoen) sozializazioa guztiz aldatuko delako. E, nolabait guk orain arte, kotxea (autoa) beti jabearen menpe pentsatu izan dugu, ez bakarrik gidatzerakoan, baizik eta objektu bezala, ez? Nik garajean daukat nire kotxea (autoa), eta seguruenik gidari automatiko hauek aldatuko dutela gure gizartea eta kotxearen (autoaren) arteko erlazioa. Kotxeak (autoak) kolektiboagoak izango dira, edo izan daitezke, kotxe (auto) bakarra 15 erabiltzaile ezberdinek erabil dezakeelako (dezaketelako), kotxea (autoa) leku batetik bestera bakarrik joan daitekeelako; orduan, nik behar baldin badut Bilbotik Donostiara joan egunero, bada, agian Donostiatik Bilbora bidaiatu behar duen beste edonork hartu dezake kotxe (auto) hori. Zer gertatuko da? Bada, ez dela izango enpresa publiko bat, garraio publikoa, ez da izango garraio pribatua ezta ere. Izango da, tamalez, bada, agian, Googlek edo enpresa handi batek kontrolatuko dituela, bada, kalean dauden kotxe (auto) gehienak, ez? Eta horrek zelako ondorioak izango ditu? Ez dakigu. Imajinatu enpresa horrek greba bat egiten duela, edo manifa (manifestazio) bat, bada, %50 kotxe (auto) (autoen %50a) dauzka, kolapsoa probokatu (eragin) dezake…
(...)
ZAINTZARAKO ROBOTAK
Maite Artola.- Orain hilabete batzuk ezagutu genuen, Iruñera ekarri zutelako, hasteko, Sofia, robot humanoidea. Txinako enpresa batek garatu du eta Saudi Arabian hiritartasuna eman diote. …
Robota ingelesez hizketan
Maite Artola.- Aurpegian espresioa duen robota da, keinuak egiten ditu, gizakien oso antzekoa den ahotsa dauka, eta zaintzarako programatu dute. Esan dezaket, Xabier, ez nukeela nahi, ni edo nire ingurukoak robot batek zaintzea? Zilegi da?
Xabier Barandiaran.- Bai, guztiz zilegia da, agian ere….
Maite Artola.- Laztanak behar ditugulako, besteak beste.
Xabier Barandiaran.- Bai, eta… bai, eta zaintzea, giza erlazio mota bat ere badelako, eta bueno. Gauza da, agian, behar bat izango dela baita ere. Agian, eguneko hamazortzi ordu robot baten zainpean izango gara, eta beste bi ordu lagun edo familiartekoekin. Edonork daki, agian, eta tamalez seguruenik, izango dira jende asko 24 orduak robot baten pean emango dituztenak. Orain arte, ez pentsa, askotan dramatizatu egiten dugu robotarena, baina pentsatu behar da , baita ere, atzera begira antzeko gertakizunak eman direla gure gizartean eta aldaketak: telebista, adibidez, bada, helduak diren askorentzako zainketa psikologiko bakarra da, eta nik ikusi izan ditut helduak diren pertsona asko telebistarekin hitz egiten dutenak, ez daukatelako beste norekin hitz egin. Bueno, gizartearen problema bat da eta inteligentzia artifizial, robotika eta abarrez hitz egiten dugunean, askotan oso interesgarria da gizartean jadanik dagoen problema bat ikusarazten digula. Gizarte-problema bat da, helduek ez daukatela zaintzailerik, eta bueno...
Maite Artola.- Eta gero eta gizarte zaharragoa daukagula.
Xabier Barandiaran.- Hori da. Orduan, inteligentzia artifizialak gizartean jadanik dauden problemak, problemei erantzuten die, ez? Eta askotan problema horiei, agian, beste erantzun bat bilatu beharko genieke, ez dena teknologikoa, baizik eta soziala, edo psikologikoa edo bestelakoa.
(…)
ROBOTAK UMEEN ESKUTIK
Maite Artola.- Noiz hasiko gara zuk aipatu duzuna, telebistak egindako konpainia hori guztia parean robot batek egiten, eta akaso, ez da konpainia-lana bakarrik aginduko zaiona. Ze eremutan eta noiz?
Xabier Barandiaran.- Zainketa mundua ez dut ongi ezagutzen eta uste dut oso konplikatua dela. Gainera, hor egon daitezkeen istripuak, bada, askotan mortalak izango dira. Norbait zaintzea oso konplexua da: adibidez, norbait garbitzea. Edo medikuntzan, mediku batetik kanpo, esan nahi dut, orain robot asko daude medikuari laguntzen diotenak operazio batean, eta abar. Baina, modu autonomoan, etxean, heldu batekin 24 ordu ematen dituen robot bat ikusteko oraindik denbora asko falta zaigu. Nik uste dut robotak helduko zaizkigula etxera, edo eguneroko bizitzara gehienbat umeen bitartez, jokoaren bitartez. Jokoan, bada, istripuak egon daitezke, baina gutxi, eta ez da hain... ez da jokoa, bada, agian aspertuko gara, edo barre bat botako dugu, baina robotak ez badauka pieza txikirik umeak jan dezan edo horrelakorik, eta hori erraza da horrelako istripuak saihestea, bada, hurbilago dauzkagu jokorako robotak, zainketarako robotak baino.
Maite Artola.- Hortaz, haurrak txiki-txikitatik ohituko dira inteligentea den izaki bat alboan izatera.
Xabier Barandiaran.- Hori da. Gainera, horrek, bueno aurretik ahaztu egin zait esatea, zenbait funtziotarako, adibidez, zainketarako bi problema daudela. Bata, problema objektiboa, zainketa konplexua dela, baina bestetik, zaindua denak robota onartu behar duela. Eta umeekin bi problema horiek konpontzen dira industriarako. Alde batetik, umeak, bada, robota, eta umea heldu egiten denean, robota are eta onartuagoa izango du kide bezala, eta bestetik, jokoaren bitartez, bada, konplexutasuna ere txikitu egin dezakegu.

 

C1
11-10-2018
16146722
10:50
3597