Dokuteka
aitorGPT
Adimen artifizialak izugarri laguntzen digu hainbat eginkizunetan; baina hain sinesgarritasun handia eman diogu, ezen erabaki pertsonalenak hartzeko ere erabiltzen baitugu.
Erabakia ChatGPTren esku utzi du 13 urteko Aitorrek
Kasu erreala da, baina mutikoari izena aldatu diogu: Aste Santuko opor egunetan familiarekin ala futbol taldeko lagunekin joan, zalantzak zituen Aitorrek; patxadaz pentsatzeko esan zioten etxean, bi aukerak onak zirela. Zer egin argi ez zuenez, dilema txatbotari planteatu zion eta honek erantzun zion familiarekin joateko oporretara. Kito, hautu zuzena hori zen orduan, horixe “erabaki” zuen Aitorrek, lasai geratu zen.
Oporretan haiekin joatea zergatik hautatu zuen galdetzean jakin zuen amak 13 urteko semeak hala hartu zuela deliberoa. Tira, pentsatuko du Aitorrek, erosoago horrela, buruko min gutxiago, eta erabaki “okerra” hartzeko beldurra ere uxatuta, hautu egokia jaso izanaren segurtasun sentsazioa lortuta, makina-orojakile-objektiboak ongi baitaki zer komeni zaion Aitorri.
Gutxienez bi eztabaida zabaltzen ditu aferak. Batetik, zergatik hartu du txatbotak erabaki hori? Makinaren erantzunak elikatzeko jaso duen –aurreiritzi eta sesgodun– zein informazio izan ditu irizpide, esateko familia dela hautu egokiena? Zenbateraino ezagutzen du Aitorren errealitatea, testuingurua, kezkak eta desirak? Bestetik, zein ondorio ditu erabakimena beste baten esku –interes eta helburu jakin batzuei erantzuten dien makina baten menpe– uzteak? Nola eragiten dio horrek pentsatzeko eta erabakiak hartzeko gaitasuna garatzeari, norbere hutsegite eta ardurak kudeatzeko ahalmenari? Azken finean, “aditu orojakilearen” erantzuna baldin badugu, zertarako jarri gauzak zalantzan?
Ohitu ote daitezke belaunaldi berriak eguneroko eta bizitzako erabaki txiki, handi eta baita inportanteak ere adimen artifizialaren esku uztera? Diana Franco Egurenek ARGIAn idatzitako zutabeetako batean kontatu zuen badirela adimen artifiziala txertatuta duten jostailuak, pelutxezko hartzak adibidez, haurrarekin hartu-emanean aritzeko diseinatuak. Ume horiek txikitatik normalizatuko dute humanizazioa eta enpatia simulatu ditzakeen adimen artifizialarekin solastatzea. Nagusiagoen artean, berriz, kontra egiten ez dizun –are, lausengatzeko joera omen duen– “laguna” bilakatu da ChatGPT batzuentzat, psikologo lanak egiten dituena, norbere konbikzioak indartu baino egiten ez dituena.
Apur bat distopikoa guztia, espiritu kritikoa jorratzearen garrantzia hainbeste aldarrikatzen dugun garaiotan.
Irudia: Pixabay
|
HIZTEGI LAGUNGARRIA Patxadaz pentsatzeko. Bi aldiz pentsatzeko, sakon hausnartzeko. |
